Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Zoriontsu izan al daiteke minbizi diagnostiko baten ondoren?

19.03.2024

Zoriontsu izan al daiteke minbizi diagnostiko baten ondoren?
  • IMQ Amsako psiko-onkologo Miren Barrutiak: «krisialdietan ere, kimioterapia-tratamendu betean edo ebakuntza-gelara sartu aurretik, emozio ezberdinak senti daitezke batera, desatseginak nahiz atseginak, eta horrela izan behar du».

  • Krisialdietako hil edo biziko uneetan, esaterako, minbizi diagnostiko baten ondoren, hauek dira lagungarri gerta daitezkeen elementuetako batzuk: harremanak, esker ona, jarduera esanahitsuak eta presente egotea.

Zoriontasunaren bilaketa etenbakoa izan da gizakion historian zehar. Antzinako filosofietatik hasita, zientzia bihurtu arte: gizakiok betidanik nahi izan dugu zoriontasuna ulertu eta definitu, eta, aldi berean, hura geureganatu. Hala, ‘zoriontasunaren’ kontzeptua denboran zehar aldatuz joan den arren, zientziak, azken urteotan, hainbat ideia desegin eta ongizate emozionalari eragiten dioten faktoreak argitzen lagundu du, baita zoriontasunak pertsonaren osasun mentalerako duen garrantzia mahaigaineratu ere. Hori dela eta, urtero, martxoaren 20an, Zoriontasunaren Mundu Eguna ospatzen da.

Hainbat eremuk, hala nola neurozientziak edo psikologia positiboak, zoriontasun eta norberaren bizitzarekiko gogobetetasunaren mailarik altuenekin zerikusi zuzena duten funtsezko elementu batzuk identifikatu dituzte. Elementu horiek uste baino askoz sinpleagoak dira, eta edonoren esku daude gainera. Nahi duguna izatearekin baino, daukaguna nahi izatearekin lotuta daude. Baina, zer gertatzen da krisialdi batean sartzean? Elementu garrantzitsu horiek pertsonaren eta horren ingurukoen esku al daude? Hainbat ikerlanek erakutsi dute pertsonek, bizi-kalitateari eragiten dioten testuinguru zailetara edo krisi-testuinguruetara egokitzen dutela zoriontsu izateko gaitasuna. Horren adibidea da paziente batek eta bere ingurukoek minbizi-esperientzia bizitzen duten prozesua.

«Prozesu onkologiko batean, diagnostikoaren, tratamenduaren, horrekin loturiko albo-ondorioen, etorkizunaren aurreko ziurgabetasunaren eta, batez ere, horrek guztiak bizi-kalitateari eragiten dioten moduaren ondorio izan daitezkeen faktore eta emozio batzuek eragiten diote zoriontasunaren esperientziari», azaldu du Miren Barrutiak, IMQ Amsako psiko-onkologiako espezialistak.

Adituaren hitzetan, «normala da beldurra, larritasuna, tristura, etsipena edo haserrea sentitzea». Eta badirudi emozio horiek zoriontasunaren idearen aurka daudela. Eta horri gehitzen badiogu «azkenaldian kafe-kikarak, agendak eta sare sozialeteko milaka irriak betetzen dituen positibismoaren diktadura, emozio horiekiko ezerosotasuna areagotu egingo da».

«Baina zoriontasunaren asmoa ez da emozio horiek guztiak ez sentitzea, ezta alboratu edo baztertzea ere, sentitzea eta horiei lekua uztea baizik. Eta lagunekin partekatzen baditugu, horiei buruz idazten badugu eta egoten uzten badiegu, agian emozio atseginago edo pozgarriagoei –batzuetan nekez aurkitzen ditugunei– lekua emango diegu. Zeren eta krisialdietan ere, kimioterapia edo erradioterapia bidezko minbizi-tratamendu betean edo ebakuntza-gelara sartu aurretik, emozio ezberdinak, negatiboak nahiz posibiboak, senti baitaitezke batera, eta horrela izan behar du», adierazi du IMQ Amsako psiko-onkologoak.

Prozesu onkologiko batek hankaz gora jarri ohi du bizitza. «Hedatze-uhin» gisa bizi ohi da, pertsonaren eta horren ingurukoen bizitzaren zati handi bati eragiten baitio. Hala ere, «haien bizitzek beren martxan jarraitzen dute». Alde horretatik, pazienteak eta horien senideak zoriontasunera hurbil ditzaketen ohitura asko psikologia positiboak funtsezkotzat jotzen dituen funtsezko elementu hauekin lotu daitezke: harremanak, esker ona, jarduera esanahitsuak eta presente egotea.

Harremanei dagokienez, Miren Barrutiak adierazi du prozesu onkologiko batean gertatu ohi den gauzetako bat dela pazienteak baduela bakartzeko joera, batzuetan, lagun eta senideengandik urruntzen dela, hainbat arrazoirengatik. «Preseski jende maitearen laguntza gehien behar dugunean, maitasun eta besarkada gehien behar dugunean, gehiago urruntzen gara haiengandik. Eta une horretan jarri behar dugu, hain zuzen, gure indarra harremanak lantzeko. Norberaren energia jasoko duten pertsonak ondo aukeratzea eta ongizatea, kontsolamendua, barreak eta maitasuna eskain diezaguketen pertsona maiteei guregana hurbiltzen uztea».

Beste gakoetako bat esker ona da, hots, aintzat hartzea. Prozesu onkologiko batean, zeinean ohikoa den ondoeza eta, batzuetan, mina egotea, zeinean, batzuetan, planak eta proiektuak zapuztu edo geroratu egiten diren zaila da esker onari erreparatzea.«Baina prozesuan zehar, gauza politak ere gertatzen dira, eta funtsezkoa da horiei adi egotea, pertsona konturatu gabe gerta ez daitezen. Mezu maitekor bat, pastak dakarzkigun lagun bat, seme-alaba baten besarkada… gauza txiki orok izango du balioa, ematen badiogu. Daukadana baloratzen dudan bakoitzean, bizitzako gauza onen balioa handitu egiten dut. Egunero eskertzeko moduko gauza txikiak identifikatzeko ahalegina egitea pauso itzela da zoriontasunareko bidean».

Beste gako bat jarduera esanahitsuak bilatzea da. «Bai jarduera garrantzitsuez, bai eguneroko erabaki txikiez ari bagara, garrantzitsua da horiek guztiek guretzat esanahi bat izatea. Pazienteak tratamendu bat jasatzen ari bada edo ebakuntza bat egin badiote, bere bizitzaren erritmoa aldatu egingo da nahitaez. Eta, agian, ordura arte gozarazten zuten jardueretako batzuek, edo askok, orain ez dute egingo. Argi dago pertsona horrek ezin izango duela hainbat jarduera egin, edo ez behintzat egiten zuen bezala; kontua da jarduera horretaz gozatzen jarraitzeko beste modu bat bilatzea, eta, are gehiago, tratamendu batekin edo susperraldi batekin bateragarriak diren beste jarduera batzuk bilatzea», argitu Miren Barrutiak.

Azkenik, zoriontasuna bilatzeko beste gako bat presente egotea da. Eta, gainera, hori «lortzeko zailagoa da teknologia berriak direla eta», baina presente egoteko era askotako moduak daude. «Modu formalean, eserita, yoga egiten edo meditatzen, eta modu informalago batean, elkarrizketa bati adi egoten, arreta galdu gabe. Helburua da tokian eta unean presente egotea; gure buruengan presente egotea, gure buruekin lotzen gaituen guztia egiten, gure buruak zaintzen. Gure bizitzaren agintea hartzen, poztasuneko uneak, esker onekoak, maite ditugun eta maite gaituzten pertsonekiko lotura uneak identifikatzen ikasten, gaixotasunak berekin ekarriko dituen erronkei, modu eraginkorrenean eta ongizate emozional handienarekin, aurre egiteko indarra izateko. Hitz batez, zoriontasuna bilatzeari utzi beharko zaio, eta zoriontasuna bizitzen hasi», amaitu du azaltzen IMQ Amsak psiko-onkologoak.