Iradokizunak
13.11.2025
Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS) ohartarazi du, urtero, 2,6 milioi heriotza alkoholaren kontsumoari egotz dakizkiokeela, hots, heriotza guztien % 4,7; gehienbat 15-49 urteko adin-tarteari eragiten dio, eta horiengan gertatzen da kontsumo kaltegarririk handiena, eta horien osasunean du eraginik larriena.
«Baina alkoholaren kontsumoa ez da soilik heriotza-tasarekin lotzen, baita desgaitasunarekin ere. Izan ere, munduan desgaitasunagatik doitutako bizi-urteak galtzea gehien eragiten duen eragilea da alkohola, esaterako, etxeko istripu edo zirkulazio-istripu baten ondorioz edo nork bere buruari edo beste batzuei egindako lesioen ondorioz. Gainera, gaixotasun kronikoak garatzeko eta osasun mentaleko nahasmenduak izateko arriskua areagotzen du», adierazi du Blanca Sampedro doktoreak, Digestio Aparatuko Euskal Zentroko (CVADI, gaztelaniazko sigletan) zentroko eta IMQ kliniketako gibeleko gaixotasunetako espezialistak.
Alkohola kontsumitzeak eragindako nahasmendua izenez ezagutzen da, gizartean, lanean edo osasunean ondorio kaltegarriak izan arren, alkohola kontsumitzeari utzi edo kontsumitzea kontrolatzeko gaitasun murriztua. Alkohola gazte-gazte kontsumitzen hastea (15 urte baino gutxiago izanda) alkohola kontsumitzeak eragindako nahasmendua izateko arrisku handiagoarekin lotu da. «Mundu-mailan, alkohola kontsumitzen duten gizonen proportzioa emakumeena baino handiagoa da, eta gizonen batez besteko kontsumo-maila ere emakumeena baino nabarmen handiagoa da, baina nerabeen kontsumoa handiagoa da emakumeen artean gizonen artean baino», azpimarratu du adituak.
Tradizioz, alkoholaren kontsumo osasungarria egunean 20 g (2 unitate) ingurukoa izan da emakumeengan (unitate bat kopa bat ardo edo garagardo lata baten baliokidea izango litzateke eta 10 gramo inguru izango lirateke) eta 30 gramokoa (3 unitate) gizonengan. Hala ere, Sampedro doktoreak gogorarazi du duela gutxiko ikerlan batzuek, The Lanceten 2016an eta 2022an argitaratu direnek, «frogatu dute osasun-galera minimizatzen duen alkohol-kontsumoaren maila zero dela edo zerotik oso gertu dagoela hainbat biztanleria-talderentzat, bereziki heldu gazteentzat».
Espainian, duela egun gutxi nabarmendu zen bezala, ESTUDES 2025 inkestaren emaitzek erakusten dutenez ─14 eta 18 urte arteko Bigarren Hezkuntzako ikasleei egindako 35.256 elkarrizketak oinarri izanda egin du inkesta Osasun Ministerioak─, alkohola da 14 eta 18 urte arteko ikasleen artean gehien kontsumitzen den droga; nerabe horien hiru laurdenek diote noizbait edan dutela, eta erdiek baino gehiagok, azken 30 egunetan edan dutela.
Adin-tarte horretan alkohol-kontsumo handiena duen lurraldeetako bat da Euskadi; izan ere, azken 30 egunetan adin-tarte horretan mozkorraldi-kopuru handiena izan duen autonomia-erkidegoa da EAE (% 23,1). Gainera, emakumeen kontsumoa (% 78) gizonena (% 74) baino handiagoa da adin-tarte horretan.
Alkohol-kontsumoa pixka bat murriztu den arren, alkohola kontsumitzen hasten den adina (13 urte) eta astero alkohola kontsumitzen dutela aitortzen dutenen adina (15 urte) egonkor egon dira azken 30 urteetan.
Baina kontsumitutako alkohol kantitateak ez ezik, kontsumo-ereduak ere eragiten du. “Betekadan” edo “bingedrinking” izenez ezagutzen den kontsumo-eredua ─gutxi gorabehera bi ordutan bost edari edo gehiago (gizonek) edo lau edari edo gehiago (emakumeek) kontsumitzea─ gibelean kalterik handiena eragiten dituenetako bat da. Gazte askok asteburuetan egiten dituzten “kale-zurrunten” ohiko kontsumo-eredua da, eta Espainiako lau nerabetatatik batek egiten duela onartzen du.
Egoera horren aurrean, Digestio Aparatuko Euskal Zentroko eta IMQ kliniketako gibeleko gaixotasunetako adituak nabarmendu du beharrezkoa dela nerabe eta heldu gazteen artean alkoholaren kontsumoa minimizatzera bideratutako esku-hartzeei lehentasuna ematea eta disuasio-neurriak ezartzea, hala nola «edarien zenbatekoa edo adingabeei alkohola saltzeagatiko zehapenak».
«Adin-talde horrek du kontsumorik handiena, baina baita kontsumo horren eragin kaltegarririk handiena ere, eta, hortaz, lehendik badauden gaixotasun kronikoak garatzeko edo okertzeko arrisku handiagoa dute, hala nola hepatopatia edo arazo kardiobaskularrak. Gainera, gaixotasun horien eraginak ondorio larriagoa izango du haien osasuna eta bizi-kalitatea okerragotzeari dagokionez», adierazi du Sampedro sendagileak.
«Alkohola kontsumitzeak dakartzan ondorioez kontzientziatu behar da, hala nola istripuez (hilgarriak eta ez-hilgarriak), desgaitasun-arriskuaz, adikzio-arriskuaz, ahalegin autolitikoez eta besteak lesionatzeaz, adin-tarte horietan alkohol-kontsumoari buruz hitz egiten denean alde batera utzi eta hutsaltzen baitira ondorio haiek. Normalizatu egin da adingabe eta heldu gazteen kontsumoa, eta alde batera utzi da alkoholaren kontsumoak biztanleria-talde horietan duen eragina, horiek baitira kaltetuenak eta epe ertainean ondorio handiagoak izango baitituzte», ondorioztatu du IMQ-ko espezialistak.
Una comida copiosa acompañada del estrés de una discusión puede desencadenar un infarto
El alcohol está detrás del 15% de los accidentes laborales de Euskadi