Bilatu zure medikua (leiho berri batean irekiko da):

Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

20 urte bete dira Da Vinci robota Euskadira iritsi zenetik, minbiziaren aurkako ezinbesteko aliatu gisa

10.06.2026

20 urte bete dira Da Vinci robota Euskadira iritsi zenetik, minbiziaren aurkako ezinbesteko aliatu gisa
  • Euskadi aitzindaria izan zen iraultzailetzat jotako kirurgia-mota bat ezartzen, hain zuzen, IMQ-k, 2006an, IMQ Virgen Blanca Klinikako ebakuntza-geletan sartu zuena.

  • Harrezkero, IMQ-ko kirurgialariek 2.200dik gora kirurgia egin dituzte abangoardiako teknologia hark lagunduta.

  • Kirurgia robotikoari esker, pazienteen % 2k baino gutxiagok behar izaten dute transfusio bat ebakuntza kirurgiko batean zehar. Gainera, ebakuntza osteko ospitalizazio-denbora erdira murrizten da, eta horrek onura dakarkie pazienteei eta osasun-sistemari.

20 urte bete dira kirurgia robotikoa Euskadin erabiltzen hasi zenetik. Lehenengo ebakuntza Bilboko IMQ Virgen Blanca Klinikan egin zen, 2006ko urtarrilaren 26an. Teknologia hura Euskadira ekartzeko, kirurgialariek, urologia laparoskopikoan adituak izateaz gain, prestakuntza espezifikoa egin behar izan zuten Parisko Sorbonako Unibertsitatean Da Vinci robota erabiltzen ikasteko.

Kirurgia robotikoak IMQ-ko urologo Gaspar Ibarluzea doktorearen eskutik hasi zuen ibilbidea Euskadin. Horretarako, Bordeleko Richard Gaston doktore frantsesa etorri zen Virgen Blanca Klinikara ebakuntzak egitera. Ordudanik, kirurgia robotikoa etengabe hedatu da; izan ere, harrezkeroztik, IMQn bakarrik 2.200dik gora pazienteri egin zaie ebakuntza.

Kopuru esanguratsu horren erantzule nagusietako bat Urología Clínica Bilbaoko zerbitzuburu eta IMQ Zorrotzaurre Klinikako (Euskadiko ospitale pribatu nagusia, non gaur egun Da Vinci dagoen) Uroonkologia eta Kirurgia Robotikoko arduradun José Gregorio Pereira doktorea da, hasieratik teknologia berritzaile horrekin lotuta dagoena.

Sendagileak azaldu duenez, «IMQn Da Vinci robota Ginekologiako, Digestio Aparatuko edo Toraxeko Kirurgiako ebakuntzetan ere erabiltzen den arren, Urologiaren esparruan erabiltzen da gehien».

Pereira doktoreak adierazi duenez, «IMQn eritasun hauetan erabiltzen da gehien Da Vinci: gizonezkoen prostatako tumoreetan, gizonezkoen eta emakumezkoen giltzurruneko tumoreetan, gizonezkoen eta emakumezkoen maskuriko tumoreetan eta gernu-bideko edozein kirurgia konpontzailetan (pieloplastia, ureterreko berrezarpena, maskuriko eta baginako fistulak…)».

Da Vinci robotak milaka euskal herritarri dakarzkien onurak ezin hobeto egiaztatu ditu esperientzia klinikoak: esaterako, min gutxiago, ebakuntza osteko egonaldi laburragoa, susperraldi azkarragoa, odoljario txikiagoa, fibrosi txikiagoa kaltetutako eremuetan eta konplikazioak izateko arrisku txikiagoa. Robotak aukera ematen die zirujauei ebakuntza konplexu eta kontuzkoak egiteko, ebaki oso txikien bidez eta doitasun handiz.

Izan ere, Da Vinci sistema kirurgikoak alternatiba bat eskaintzen die kirurgialariei, bai kirurgia ireki tradizionalari dagokionez, bai ohiko laparoskopiari dagokionez, eta zirujauaren eskuak azken belaunaldiko plataforma robotiko baten kontroletan jartzen ditu; hura etengabe eguneratzen da, eta gizakien gorputzeko eremu iritsezinak ikusteko eta maneiatzeko gaitasuna du.

Teknologia horri esker, beso robotikoek doitasunez itzul ditzakete zirujauaren eskuen mugimenduak; hortaz, azken finean, kirurgialariaren esperientzia eta iaiotasuna dira ebakuntzaren funtsezko faktoreak: «prozesuaren beste tresna bat da robota, ahalmen eta doitasun handikoa, eta irismen izugarria du, baita zehaztasun milimetrikoa ere. Baina robotak ez du bere kabuz operatzen, zirujauak transmititzen dizkion mugimenduak baino ez ditu itzultzen. Horregatik, robota erabiltzen esperientzia eta iaotasuna izatea funtsezkoa da».

Euskadin kirurgia robotikoa IMQren eskutik abian jarri zenetik, hainbat ekitaldi zientifiko egin dira; horietan mundu osoko adituak bildu dira hiriburuan, eta ebakuntzak eman dira ebakuntza-geletatik ekitaldiaren egoitzetara zuzenean. Adibidez, Europako Urologia Elkartearen Urologia Robotikoaren Atalaren XII. bilera izan da, zeinean mundu osoko 700 aditu baino gehiago elkartu diren Bilbon.

IMQ: abangoardiako teknologiaren aldeko apustua

IMQ Euskadi, duela hainbat hamarkadatatik hona, asistentziaren bikaintasunarekiko konpromisoari eusten dio, abangoardiako medikuntza-teknologiaren alde irmo jardunez, eta, hala, diagnostikoen doitasuna hobetzea, tratamenduak optimizatzea eta osasun-arreta gero eta pertsonalizatuagoa, seguruagoa eta eraginkorragoa lortzeko aukera ematen duten konponbide berritzaileak txertatzen ditu.

Joera estrategiko horri esker, Euskadiko osasun-sektorearen eraldaketa teknologikoaren buruan dago konpainia, betiere pazienteei eta profesionalei baliabide erabilgarri onenak eskaintzeko helburuarekin. Horren adibide dira Da Vinci robota ez ezik, besteak beste, ROSA robot kirurgikoa (kirurgia ortopedikoan eta traumatologian erabiltzen dena), erresonantzia magnetikoak, abangoardiako eskanerrak eta medikuntza nuklearreko aparatuak (positroi-igorpenezko tomografia, PET) eta erradioterapiarako bi azeleragailu lineal biki ere.

Kirurgia robotikoaren etorkizuna

IMQ Zorrotzaurre Klinikako Uroonkologia eta Kirurgia Robotikoko arduradunak, amaitzeko, hau adierazi du kirurgia robotikoaren etorkizun hurbilaz: «medikuntzaren eskura doitasun handiagoko gailu miniaturizatuak jarriko ditu; izan ere, gailu horiek zulo bakar batetik sartzen dira (erasoa txikiagoa da), ehunak denbora errealean identifikatzeko sistemak ditu (ehun osasuntsuak eta gaixoak bereiztea ahalbidetzeko aukera emanez) eta nabigazio- eta gidatze-sistema hain inbaditzaileak ez diren prozedurak ditu. Irudimenak gainditu ezin duen ezer ez, baina betiere aurrerapen oro monitorizatu egiten dela, pazienteei abantailak dakarzkiela eta segurua eta eraginkorra dela egiaztatuta».