Iradokizunak
14.11.2023
«Erretzaileak diren edo izan diren 40 urteko edo hortik gorako pertsonek arnas sintomarik badute, litekeena da BGBK garatzea, eta espirometria bat egin behar zaie diagnostikoa egiteko», adierazi du IMQ-ko pneumologo Patricia Sobradillok, azaroaren 15a, BGBKren Munduko Eguna, iristear dagoela.
BGBKn aire-fluxua buxatu egiten da eta, hortaz, zail gertatzen da biriketako airea hustea. Kalte horren ondorioz, albeoloen hormak suntsitu egiten dira, bronkioak loditu egiten dira eta birikek ohi baino muki gehiago jariatzen dute, eta horrek guztiak arnasbideak buxatzea eragiten du.
Biriketako Gaixotasun Buxatzaile Kronikoa (BGBK) prebalentzia handiko patologia da, eta, gainera, morbimortalitate handi batekin lotzen da. Euskadin, BGBKren prebalentzia % 10,1ekoa da, eta horren azpidiagnostiko estimatua, % 60,7koa. Izan ere, historia klinikoko erregistroan egiaztatutako prebalentzia % 5,4koa da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi dituen datuen arabera. Halaber, Espainian, 40 urtetik gorakoengan dagoen prebalentzia % 11,8ra handitu da, eta maizago gertatzen da gizonengan (BGBK gero eta emakume gehiagok badute ere) eta adinak gora egin ahala handitzen da.
BGBKren Munduko Eguna gogora ekartzeak beste behin erakutsi du eritasunaren zenbakiek duten garrantzia Osasun Sistema Nazionalean: diagnostikoa Pneumologiako espezialista medikoek egiten badute ere, BGBK duten pazienteen % 80 lehen mailako arretan kontrolatzen direla kalkulatzen da, hau da, asistentzia-bolumenaren % 10 dira. Patologia horri egotz dakiokeen kostua 750 milioi eurotik gorakoa da urtean.
BGBKren kausei dagokienez, «gure ingurunean, tabakoa da ohikoena. Izan ere, BGBK duten pazienteen % 80 erretzaileak izan omen dira», adierazi du Patricia Sobradillo sendagileak. Badaude beste kausa batzuk, hala nola lantokian toxiko inhalatuen edo kutsaduraren eraginpean egotea. Gainera, elkartutako beste gaixotasun kroniko batzuekin lotzen da BGBK maiz, esaterako, gaixotasun kardiobaskularrekin. Haatik, «BGBK eragiten duten kasua gehienak prebenitu daitezke».
«Lehen sintomak eztula eta espektorazioa dira; ondoren, arnasa hartzeko zailtasuna edo arnasestua ibiltzean eta jarduera fisiko gehiago egitean, esaterako, eskailerak igotzean edo aldapan gora ibiltzean». Sintomek aurrera egiten badute, itolarria ager daiteke, janztean edo bainatzean. «Ondorioz, pazienteak bizimodua muga dezake eta lehen egiten zituen jarduerak egiteari utzi», adierazi du IMQ-ko pneumologoak.
Fase aurreratuenetan beste sintoma batzuk ere agertzen dira, hala nola akidura sentsazioa, kontzentrazio falta edo bularreko opresioa ere. «Bihotzari eta zirkulazioari eragiten badie, litekeena da hantura edo edema gertatzea orkatiletan eta zangoetan», ohartarazi du Patricia Sobradillo sendagileak.
BGBK diagnostikatzeko espirometria bat egin behar da. Proba erraza da, ez du minik ematen, eta 10 minutu irauten du. Patricia Sobradillo sendagileak adierazi duenez, «espirometria honetan datza: birikak guztiz betetzen dira eta, ondoren, aire guztia botatzen da, ahal bezain azkar. Biriketako airearen kantitatea eta abiadura neurtzen ditu probak. Espirometriaren bidez egiaztatzen da asaldurik dagoen, eta BGBK diagnostikatu, tratatu eta jarraitzen laguntzen du».
BGBK gaixotasun prebenigarria eta tratagarria da. Betiko sendatzen ez bada ere, «sintomak kontrola daitezke gaixoen bizi-kalitatea hobetzeko».
Tratamenduaren gakoak dira «erretzeari uztea, txertatzea, bizimodu aktiboa izatea, dieta osasungarria eta orekatua izatea eta medikuak agindutako tratamendua hartzea, batez ere, inhalagailuak, bronkio-zabaltzaileak edo hantura-kontrakoak», xehatu du medikuak.
IMQ-ko pneumologoak, amaitzeko, ohartarazi du BGBKren erronka nagusia dela «diagnostiko goiztiarra egitea. Hala, pertsona bat erretzailea izan bada edo egun erretzailea bada eta arnas sintomarik badu, medikuarengana jo beharko du ahalik eta lasterren, balora dezan. Kontsultan kalitatezko espirometria bat egingo diote BGBK diagnostikoa baieztatzeko ala baztertzeko».
Tres semanas después de dejar de fumar, la función pulmonar mejora hasta un 30%
Las enfermedades respiratorias, tercera causa de muerte evitable en el País Vasco