Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Antsietatearen eta depresioaren sintomak % 25 baino gehiago handitu dira Covid-19aren eraginez

11.01.2022

Antsietatearen eta depresioaren sintomak % 25 baino gehiago handitu dira Covid-19aren eraginez
  • Depresioaren edo antsietatearen sintomak Euskadin, aurreko denboraldiekin alderatuta behera egin dutenak, ohikoagoak dira emakumeen artean (% 17) gizonen artean baino (% 9), eta zahartu ahala aregotu egiten dira.
  • Covid-19aren pandemia dela kausa, depresio kasuak % 27,6 baino gehiago handitu dira oro har, eta antsietate-nahasmenduak, % 25,6.

Osasunaren panorama’ azken txostena, 2021ekoa, Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) osasunari buruzko informazio estatistiko garrantzitsuena laburtzeko helburuz argitaratu duen hirugarrena, agerian jarri du Euskadiko herritarren depresioaren edo antsietatearen sintomak, aurreko denboraldiekin alderatuta behera egin dutenak, ohikoagoak direla emakumeen artean ( % 17) gizonen artean baino ( % 9), eta zahartu ahala areagotu egiten direla. Balio horiek, 2013an, % 24koak ziren emakumeen artean eta % 16koak gizonen artean.

Haatik, Covid-19aren pandemiak beheranzko bilakaera hori zapuztu du. Joan den azaroan The Lancet aldizkari zientifikoan argitaratutako berrikuspen sistematiko batean jaso denez, pandemiaren ondorioz depresio handieneko kasuen hazkunde orokorra % 27,6koa izan dela kalkulatu da. Eta antsietate-nahasmenduei dagokienez, gorakadaren estimazioa % 25,6ra iritsi da. Euskadin gertatzen den bezala, kalkulu horiek handiagoak dira emakumeen eta adineko pertsonen artean.

IMQ-ko Psikiatriako espezialista Bosco Anguiano Jiménezek Depresioaren kontra borrokatzeko Munduko Egunaren (urtarrilaren 13a) testuinguruan adierazi duenez, «depresio- edo antsietate-sintomak agertzea osasun-arazo larria bihur daiteke, batez ere, denboran zehar luzatzen denean eta intentsitate ertainetik larrira bitartekoa denean. Kasurik txarrenean, suizidioa eragin dezake, 15 eta 29 urte bitartekoen bigarren heriotza-kausa».

Adituak azaldu duen bezala, «depresioa ohiko patologia mentala da, eta nagusiki afektibitate-sintoma multzo bat du bereizgarri (tristura, apatia, interesa edo plazera galtzea, etsipena, suminkortasuna), baina baita beste batzuk ere, kognitiboak (kontzentrazio falta) edo somatikoak (loaren nahasmenduak, janguraren nahasmenduak, neke-sentsazioa). Sintomatologia horrek intentsitate eta iraupen nahikoa izan behar du, gutxienez bi aste, depresiotzat har dadin».

Depresioa, askotariko kausa dituen gaixotasuna

Depresioa agertu eta garatzeko «faktore pertsonalek, kognitiboek, familiarrek, sozialek eragiten dute … Egiaztatu da prebalentzia handiagoa dela emakumeen artean gizonen artean baino, eta depresioa izateko aukera handiagoa dutela depresio-nahasmendua duten pazienteen lehen mailako ahaideek».

Halaber,«ikerketek agerian jarri dutenez, pentsamendu negatiboak, distortsio kognitiboak eta uste disfuntzionalak izateko joera duten pertsonek joera handiagoa dute depresioa garatzeko bizitzan gertakari latzak gertatzen zaizkienean. Estres kronikoko egoerak, langabezia eta gizarte-laguntza eskasa, halaber, adore falta izateko probabilitate handiagoarekin lotuta daudela dirudi».

Espezialistek botika «oso eraginkorrak» dituzte depresioaren sintomak tratatzeko, bai psikikoak nahiz somatikoak. «Azken urteotan, hainbat substantzia garatu dira, oso tolerantzia ona dutenak eta tratamendu-jarraibide erraz eta erosoa dutenak. Garrantzitsua da gogoraraztea ezinbestekoa dela tratamendua jarraitzea medikuak ezartzen duen denboran, sintomak hobetu badira ere».

Kasu batzuetan, terapia psikologikoa egokia izan daiteke egokia aurre egiteko baliabideak indartzeko; «gaixotasunari heltzeko horrelako hainbat moduk erakutsi dute eraginkorrak direla uneko depresio-gertakaria hobetzeko eta berriz gaixotzeko aukera murrizteko».

Depresioa da desgaitasun kausa nagusia munduan

Osasunaren Mundu Erakundeak gogorarazi duenez, depresioa ohiko gaixotasuna da mundu osoan, biztanleriaren % 3,8ri eragiten baitio, helduen % 5 eta 60 urtetik gorako helduen % 5,7 barne. Mundu osoan, 280 milioi pertsona inguruk dute depresioa. Izan ere, depresioa da desgaitasunaren kausa nagusia munduan, eta nabarmen eragiten dio munduko gaixotze-tasa orokorrari.

Nahasmendu mentalen aurkako tratamendu ezagunak eta eraginkorrak badaude ere, diru-sarrera txikiko eta ertaineko herrialdeetan depresioa duten pertsonen % 75ek baino gehiagok ez du inolako tratamendurik jasotzen.