Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Antsietateak, estresak eta depresioak asmaren sintomak eragin ditzakete

02.05.2022

Antsietateak, estresak eta depresioak asmaren sintomak eragin ditzakete
  • Psikomorbilitatea esaten zaio horri. Sintomen eragilea kausa psikologikoa bada, jakintza-alor anitzeko ikuspegi batetik ekin beharko zaio asmari, baita osasun mentalaren ikuspuntutik ere.
  • Asma egoki kontrolatzeko arazo nagusienetako bat da pazienteek sintomarik ez dutenean terapia betetzen ez dutela.

300 milioi pertsonak baino gehiagok dute asma munduan. Kalkulatu da Estatuko biztanleen % 5ek –2.300.000tik gora persona– dutela arnasbideen patologia kroniko hori, inflamatorioa, birika-barneko aire-fluxuaren mugaketa bereizgarri duena. Eta pertsona horien  % 5 eta % 10 bitartekoek asma larria dute. Umeen artean egoera are larriagoa ohi da, azterlan batzuen arabera % 11koa baita patologia horren prebalentzia.

Asmaren Munduko Eguna –maiatzaren 3a– gogora ekarri izanak agerian utzi du herritar guztien aurrean gaixotasun kronikoen paradigma den patologia horren egoera, zeren eta, gutxituz joan beharrean, hazi egin baita azken urteotan. Era berean, gaixotasun asmatiko horren maneiua tratamendu integralaren eredua da, eta horretan funtsezkoak dira osasun-profesionalen arreta nahiz pazienteen prestakuntza eta parte-hartzea, gaixotasuna kudeatzeko.

IMQ-ko pneumologo Isabel Urrutia Landak adierazi duenez, «tratamenduan, medikuaren helburua gaixotasuna kontrolatzea da. Hau da, pertsonak sintomarik ez izatea eta birika-funtzio egokia izatea, gaixotasuna larritu gabe. Horretarako, ezinbestekoa da pazientearen laguntza, eta, hortaz, terapia behar bezala bete behar du; hots, espezialistak agindutako oinarrizko tratamendua hartu behar du pazienteak, sintomarik ez badu ere».

Asmaren sintomen eragileak

Halaber, espezialistak alde hau azpimarratu du: «antsietateak, estresak eta depresioak asmaren sintomak eragin ditzakete. Psikomorbilitatea esaten zaio horri. Sintomen eragilea kausa psikologikoa bada, jakintza-alor anitzeko ikuspegi batetik ekin beharko zaio asmari, baita osasun mentalaren ikuspuntutik ere».

Hortaz, gaixotasuna egoki kontrolatzeko, «krisi asmatikoa eragin dezaketen faktoreak ezagutu eta ekidin beharko dira. Esaterako, pertsona askok du polenari eta akaroei alergia. Horrelakoetan, paziente asmatikoek ahalik eta gehien saihestu behar dute alergeno horien eraginpean jartzea».

Beste eragile bat klima da; IMQ-ko pneumologoak adierazi duenez, «duela aste batzuk egiaztatu zen bezala, Saharako basamortutik etorritako hauts esekia, gandua, zela eta. Eta, era berean, ingurumenaren kutsadura. Argi eta garbi egiaztatu da ingurumenaren kutsaduraren gorakadak dauden egunetan gehiago joaten direla asmatikoak larrialdi-zerbitzuetara, eta sarriago erabiltzen dituztela krisietarako edo gaixotasuna larriagotzen denerako agindu zaizkien erreskate-tratamenduak».

Lan-arloko faktoreek ere eragin dezakete asma. «Krisi asmatikoak eragin ditzaketen 300dik gora substantzia aurkitu dira hainbat lan-eremutan. Lanbide batzuei, hala nola, ile-apaintzaile, okin edo margotzaileei eragiten diete, eta, batzuetan, profesional horien artean asma agertzen da».

Komorbilitateak, hots, paziente berak asmarekin batera beste gaixotasun batzuk izatea, beste arrisku-faktore bat izan daiteke. «Patologia batzuk, hala nola, sinusitisa, rinosinusitisa, sudurreko polipoak, errefluxu gastroesofagikoagatiko gaixotasuna eta  obesitatea, batzuk bakarrik aipatzearren, asmaren sintoma gehiago egoteko aukerarekin lotzen dira maiz».

Tratamendua

Pazienteen abordatze terapeutikoari dagokionez, kortikoide inhalatua da oinarrizko «funtsezko» tratamendua. «Izan ere, tratamendu horrek saihesten du asmak okerrera egitea eta pazienteak maiz krisiak izatea». Pazienteak dituen sintomen arabera, espezialistek botika bronkio-zabaltzaileak ere erabiltzen dituzte, kortikoide inhalatua ez ezik. «Inhalagailuak gero eta hobeak dira, eta, kasu batzuetan, bi tratamenduak elkar daitezke gailu berean».

Pazienteek krisiak dauzkatenean erabili ohi diren “erreskate” tratamenduetarako, «kasu batzuetan, oinarrizko tratamendurako agindutako botika bera erabil daiteke, baina dosi handiagoan, krisi jakin horretarako, eta hori aurrerapena da. Aurrekoa alde batera utzita, ekintza azkarreko eta iraupen laburreko ohiko bronkio-zabaltzaileak erabiltzen ditugu oraindik».

Inhalagailuak erabili eta berehala, komenigarria da ahoa urarekin garbitzea, nahi gabeko albo-ondorioak saihesteko, hala nola afonia edo eztarriko narritadura.

Asma larria bada, «kasu jakin batzuetan, asma larrian erabiltzen diren tratamendu biologikoak erabil daitezke, pazienteak duen hanturaren fenotipoaren arabera. Ospitalean erabili ohi dira, hilean behin ematen dira eta gaixotasun asmatikoa eragiten duen hantura eragiten duen kausara bideratzen dira. Arlo horretako ikerketak aurrera dirau, eta horrek aukera ematen du tratamenduak mota biologiko berrietara zabaltzeko», amaitu du azaltzen IMQ-ko pneumologoak.