Iradokizunak
08.09.2017
Ondarroako Erakusketa Aretoak “Izan garelako oraindik ere bagara” argazki-erakusketa hartuko du irailaren 8tik 17ra bitartean. Erakusketa horretan, adinekoek gaur egungo gizartean, batez ere gazteen artean, balioak eta jakintzak transmititzen duten zeregina azpimarratuko da. Taulek, argazki eta idazkien bidez, baserrietan, itsasoan, euskal meatzaritzan edo Labe Garaietako eskoletan, besteak beste, lan egin zuten adinekoen –agureak nahiz atsoak– bizitzen istorio laburrak erakusten dituzte. Sarrera doan da eta ostiral, larunbat eta igandeetan egongo da zabalik, 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara. Tauletako idazkiak euskaraz eta gaztelaniaz daude idatzita.
Ondarroako alkate Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriagak etaLea-ArtibaiMankomunitateko buru Rakel Elu Bengoetxeak inauguratu dute erakusketa, IMQ Taldeko Igurco Servicios Sociosanitarios erakundeko psikopedagoga Eneritz Elgezuarekin batera, eta erakunde horretako gizarte-langile eta ekimen horren sustatzaile Sonia Robles ere izan da erakusketaren inaugurazioan.
Tauletako batean, itsasoko emakumeak xede dituen horretan, saregile eta arrainketari ondarrutar batzuk dira protagonistak.Taulan, hain zuzen ere, emakume hauek agertzen dira: María Concepción Osa Zubicaray (Miren), 82 urtekoa; María Trinidad Bengoetxea Burgoa (Trini), 80 urtekoa, eta María Mercedes Zarraga Larrañaga, 83 urtekoa. Hiru emakumeak egon dira inaugurazioan, Ondarroako Adinekoen Eguneko Zentroetako hainbat erabiltzaile eta profesionalekin batera.
“Adinekoek eta horien bizipenek transmititu beharreko altxorra gordetzen dutela ohartzen zarenean, kontatzeko beharra sentitzen duzu”. Horixe izan da Igurcoko gizarte-langile Sonia Roblesen leitmotiva erakusketa hori sustatzeko, argazki eta idazkien bitartez belaunaldi berrien artean “adinekoek ezagutzak eta gertaera historikoak transmititzeko eta balioak irakasteko duten ahalmena” agerian jartzeko.
Hainbat hilabetez lanean jardun ondoren eta erakunde batzuen laguntzarekin – Euskal Herriko Unibertsitatea, Bizkaiko Foru Aldundia eta Metro Bilbao– gauzatu egin da erakusketa, eta dozenaka mila lagunek bisitatu dute jada Bilbon —Indautxu eta Moyua metro-geltokietan— . Lehen aldiz, erakusketa euskal hiriburutik irten eta Ondarroan “porturatu” da.
Erakusketa
Zazpi taula dauzka erakusketak: horietako bat, argibide-taula da, eta bizitzetako istorioak kontatzen dituzten adinekoen sei argazki ditu.
Lehen taularen protagonista 98 urteko Félix Muñoz Martín da. Joan den mendeko erdialdean Bilbok hartu zuen korronte migratzaile itzela erakusten da Abandoko geltokian.
Beste taula batean, Labe Garaietako langileen seme-alabentzako eskolak eszenaratzen dira. Protagonistak, 5 urteko Julen, ikaslea, eta 74 urteko Maruja, irakaslea.
Lehenago adierazi denez, itsasoko emakumeak ere agertzen dira erakusketan, zeren eta argazki batean, Ondarroako kaietan, María Concepción Osa Zubicaray (Miren), María Trinidad Bengoetxea Burgoa (Trini) eta María Mercedes Zarraga Larrañaga emakumeak agertzen baitira.
Beste taula batean, 88 urteko Simona Zuluaga Larrinaga agertzen da, besoetan arkume bat duela: mendez mende, familiaren ekonomiaren partaide izanik, nekazaritzan jardun duten lurreko emakumeen erakusgarri baita bera.
Herri-kirolek eta nekazaritza eta abeltzaintzako lanek badute tokia erakusketan: argazki batean, 65 urteko Fermín Iturbe eta 29 urteko horren seme Ekaitz agertzen dira, bi idi ikusgarriren aurrean.
Azkenik, meategietako lanen gogortasuna, Gallartan 81 urteko Berta Riesco Gonzálezi egindako argazki batean adierazten da. Emakume horrek, gaztaroan, meategietan lan egin behar izan zuen, lana eta amatasuna nekez bateragarri egiten.
Erakusketa osatzen duten argazkiak Asier Camacho (miraquefoto.es) argazkilari profesionalak egin ditu. EHUri dagokionez, EHUko ikasle Iraide Álvarez Muguruza eta Begoña Rodríguez Arteagaren laguntza izan da,Igurco eta EHUren arteko lankidetza-hitzarmen bati esker. Halaber, EHUko irakasle Olga Macíasek idazkiak egiten lagundu du. Eta Igurco-ko profesional batzuk ari izango dira elkarlanean erakusketan.