Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Athleticek beste lau denboraldirako berritu du IMQ-rekin duen akordioa aseguratzaile mediko ofiziala izaten jarrai dezan

16.02.2024

Athleticek beste lau denboraldirako berritu du IMQ-rekin duen akordioa aseguratzaile mediko ofiziala izaten jarrai dezan

Athletic Clubek gaur aurkeztu du jendaurrean, IMQ Zorrotzaurre Klinikako entzunaretoan, Igualatorio Médico Quirúrgico-rekin (IMQ) datozen lau denboraldietarako –2027ko ekainaren 30era arte– sinatu duen osasun-laguntzako eta babesletzako hitzarmen berria. Hitzarmen horren arabera, klubaren aseguratzaile mediko ofiziala izaten jarraituko du IMQ-k, kategoria guztiena, bai oinarrizko futboleko jokalariena, bai lehen taldeko jokalariena; halaber, Athletic Club Fundazioaren ohorezko bazkide estrategikoa ere izaten jarraituko du, 2027ra arte berritu baitu irabazi-asmorik gabeko erakundearekin duen hitzarmena.  

Athleticeko presidente Jon Uriartek eta IMQ-ko zuzendari nagusi Javier Aguirregabiriak sinatu dute hitzarmen hori formalizatu izana, prentsaurreko baten eskutik, Athleticeko lehen taldeko bi jokalari, Óscar de Marcos eta Marta Unzue kapitainak, bertan izanda. Akordio horrek bi erakundeek duela 25 urtetik, 1998. urteaz geroztik, duten lankidetza indartu du.

Klubeko kirolariei eta beste kolektibo batzuei estaldura eta osasun-asistentzia ematen dizkie IMQ-k, eta akordio horren eskutik, San Mamesen jokatzen diren Ligako, Kopako, Superkopako partiden, lagunarteko partiden, torneoen eta Europako lehiaketen 50.000tik gora ikusleri ere emango die osasun-laguntza estadioan bertan, orain arte egin duen bezala. Horretarako, osasun-profesionalen talde bikaina du, eta IMQ eta UPV-EHUren arteko hitzarmenari esker, tutoretzapeko praktiken bitartez, lanbide-prestakuntza San Mamesen biribiltzeko aukera duten medikuntza eta erizaintzako ehun ikasle inguru ere. Gainera, lan horri esker, asistentziaren kalitatea eta segurtasuna ziurtatuta dituen estadio bakarra izateaz harrotu daiteke San Mames. Izan ere, UNE 179003:2013 arauaren araberako ziurtapena 2023ko uztailean berritu zen eta 2026ra arte egongo da indarrean. 2016tik 2024ko hilabeteotara arte, 556 asistentzia eman zaizkie estadioko ikusleei, eta ohikoenak traumatismo, kontusio, zauri eta zorabioekin lotuta egon dira.

Aurten IMQ sortu zenetik 90 urte beteko direla aprobetxatuta, eta urteotako lankidetzaren garrantzia azpimarratzeko, aurreikusi da Athleticek San Mamesen zerbitzu ematen duten aseguratzaileko sanitarioei gorazarre egitea Gironaren aurka otsailaren 19an –astelehena– jokatuko den partidan.

IMQrekin sinatu duen itun estrategikoari esker, Athleticek Euskadiko konpainia liderra denaren osasun-estaldura eta bermea izan ditzake. Izan ere, Euskadin nahiz hortik kanpo erreferente diren zentro- eta profesional-sare ahaltsua du konpainiak, eta teknologia aurreratua, kirolariak eta horien egoera fisikoa ezin hobeki zaintzeko: kategoria guztietako jokalarien azterketa medikoak, proba diagnostikoak, espezialisten kontsultak eta kirurgiak.

Azterketa medikoei dagokienez, hain zuzen, hedabideen aurreko agerraldian ere jakinarazi da IMQk Athleticen Lezamako instalazioetara balorazio isozinetikoa egiteko ekipamendua eraman duela, IMQren eta Athleticen talde medikoek azkarrago, eraginkorrago eta erosoago egin ditzaten gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeetako kirol-azterketa medikoak.

Athleticeko presidente Jon Uriartek eta IMQ-ko zuzendari nagusi Javier Aguirregabiriak akordioarekin pozik daudela adierazi dute, eta lankidetza baliotsu hori bultzatzen jarraitu nahi dutela.

Hain zuzen, Athleticeko presidenteak hau adierazi du: “Igualatorio Médico Quirúrgico-k 90 urte beteko ditu sortu zenetik, aurten, 2024an, eta esan daiteke, behintzat XXI. mendean, Athleticek eta IMQ-k elkarrekin aurrera egiten dutela eta, gainera, bion bideak paraleloak direla. Gure ondoan egon zineten gure mendeurrean, 1998an, gure ondoan jarraitzen duzue gure 125. urteurrenean, eta nahiago genuke 150. urteurrenean ere elkarrekin ospatzea”.

Javier Aguirregabiriak, bestetik, hau azpimarratu du: “IMQrentzat plazer handia da ituna berritzea eta familia zuri-gorriari nahiz San Mameseko ikusleei osasun-asistentziarik onena eskaitzen jarraitzea. Euskadiko kirolarekin, batez ere, futbolarekin, dugun konpromisoa aspaldikoa da, eta gaur berretsi eta agerian jarri da, duela 25 urte baino gehiagoz geroztik lotzen gaituen ibilbide luzeagatik ez ezik, lortutako emaitza garrantzitsuengatik ere guretzat hain esanguratsua den akordioa berritu izanagatik”.

Prentsaurrekoa amaitu ondoren, erakunde bien ordezkariek, IMQ-ko kliniketako zuzendari nagusi Nicolás Guerrarekin batera, zentroko instalazioak bisitatu dituzte, eta IMQ Zorrotzaurre klinika handitzeko lanen egoera lekuan bertan ikusi dute. Obra horiei esker, Euskadiko osasun pribatuko zentro nagusiak 3.900 m2-ko solairu berria izango du eta, alboan, kanpo-kontsultetarako 3.000 m2-ko eraikin berri bat. Klinika handituko denez, gainerako solairu eta zerbitzu gehienak berrantolatuko dira. Obrak 2025ean amaitzea aurreikusi da.