Iradokizunak
06.07.2018
2018-2019 denboraldi-aurrea era ofizialean hasi eta berehala –uztailaren 9an hasiko da–, Athletic Clubeko jokalariek gaur gainditu dute urtero, Bilboko Zorrotzaurreko IMQ Klinikaren Kirol Medikuntzako Unitatearen instalazioetan egin ohi zaien kirol- eta osasun-azterketa.Atzo eta gaur, lehen talde zuri-gorriko 34 jokalari igaro dira osasun-instalazio horietatik, goi-lehiaketazko kirol-azterketa baten bitartez, osasun-egoera eta kirol-errendimendua egiazta diezazkien, aurre-denboraldia taldearekin jokatu ahal izateko (ala ez).
Josean Lekue –Athletic Clubeko Medikuntza Zerbitzuetako zuzendaria– eta Paco Angulo –lehen taldeko medikua– sendagileak izan dira azterketa horretan talde zuri-gorriko jokalariekin.
Azterketa horrek hainbat alderdi aztertzen ditu. IMQ-ko kirol-medikuntzako espezialista Pablo Aranda sendagileak azaldu duenez, “lehenik, odol-laginak atera ditugu, analisi klinikoa egiteko, odol-gazurraren hainbat alde biokimiko egiaztatzeko. Ondoren, balorazio zineantropometrikoa (pisua, altuera eta tolesturak) egin dugu”.
Zigor Madaria IMQ-ko kirol-kardiologoarekin elkarlanean, jokalariei atsedeneko balorazioa egin zaie (bihotzaren auskultazioa, biriken auskultazioa, atsedeneko elektrokardiograma eta tentsio arteriala). Aldi berean, ekokardiografia (bihotzaren ekografia) bana egin zaie. “Proba horren eskutik, miaketan, elektrokardiograman eta esfortzu-proban antzematen ez diren kardiopatiak antzeman –eta ikertu– daitezke, eta horiek kirola egitean konplikazioak ekar ditzakete”, adierazi du IMQ-ko kardiologo Zigor Madariak.
Ondoren, lehoiei laktatoekin esfortzu-proba maximoa egin zaie. “Esfortzu-proba maximoa laktatoekin egitean, jokalari bakoitzaren maila aerobikoa eta anaerobikoa ezagutzen dira,entrenamendu-saioak hobeto programatzeko, kirol-errendimendua hobetzearren”, azaldu du Pablo Aranda medikuak.
Gero balorazio isozinetikoa egin zaie, “jokalari batek mugimendu jakin batean eta abiadura iraunkorrean egiten duen indar muskularra neurtzeko. Muskuluen indarra neurtzea, jokalariek, muskuluen ikuspegitik, lesionatzeko duten arriskua ebaluatzeko modua da, baita errehabilitazio- eta entrenamendu-programen eraginkortasuna neurtzekoa ere, arlo horretan, proba isozinetikoa metodo onenetako bat baita. Aldi berean, jokalarien bihurkortasuna ere neurtzen dugu”, xehatu du IMQ-ko kirol-medikuntzako espezialistak.
Oinkada aztertzea
Aurten lehen aldiz,Athletic Clubeko jokalariei oinkada ere aztertu zaie, hots, azterketa biomekanikoa egin zaie oinei: beheko gorputz-adarrei eta oinei miaketa-probak egin zaizkie, hala nola, giltzaduren egonkortasun-mailak, bihurdura-ereduak, disimetriak zehaztu dira eta muskulu-kateak eta jarrerak aztertu dira, baita oin-zolako presioak eta ibileraren eta kirol-keinu eta keinu teknikoa ere.
Horrela, elementu zuzentzaile edo orekatzaileen bidez, oinaren asaldura biomekanikoak antzeman daitezke eta mediku baten aginduz, orekatu. Eta oinkada eta euste-puntuak hobetzean, jokalarien kirol-errendimendua hobetu eta lesionatzeko arriskua txikiagotzen da.
IMQ, Athletic Cluben aseguratzaile mediko ofiziala
IMQ da Athletic Cluben aseguratzaile mediko ofiziala, 1998/99 denboralditik. Zorrotzaurreko IMQ Klinikaren Kirol Medikuntza Unitateak –non jokalarien osasun-azterketa egiten den– punta-puntako teknologia du kirol-arloan, baita kardiologiako eta kirol-medikuntzako mediku espezialistak eta errehabilitazio eta fisioterapia zerbitzua ere.