Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Beste nahitxo bat bete egin da: Aitanak “Zortearen Erruleta” birarazi du

23.05.2019

Beste nahitxo bat bete egin da: Aitanak “Zortearen Erruleta” birarazi du

IMQren erantzukizun sozialaren eta taldeko kliniken Biguntze Planaren barruan, 2018. urtearen bukaeran, lankidetza-hitzarmena sinatu zuen Fundación Pequeño Deseo (FPD) fundazioarekin gaixotasun kroniko edo larridun paziente txikien ametsak gauzatu ahal izateko.

Bi erakundeon arteko lehenengo lankidetza aste honetan hezurmamitu da eta Aitana izan du protagonista. Gure txikiak oso argi zuen bere ametsa: Antena 3ren telebista saioko “zortearen erruleta” biraraztea.

Esan eta egin. Aste honetan Aitanak Madrilera bidaiatu du gurasoekin, “La Ruleta de la Fortuna” programaren grabazio-estudioa ezagutzera, baina lehenago, Madrilgo zooa bisitatzeko aukera izan dute.

Programaren platoan, Aitana izugarri hunkitu zen. Goizeko bostetatik zegoen esna, eta zer ordu zen galdetzen zuen behin eta berriro. Hitzordua 11:00etan zen, A3ren estudioetan, eta neskaren aitak kontatu duenez, “hasieran, sartzean eta Jorge eta Laura ikustean programa betean oihu egingo zuelaren beldur ginen, atea erdi ireki zenean eta platoaren erdian Jorge ikusi zuenean garrasi egin zuelako. Platoan isilik egon behar zuela azaldu genion, eta grabazioaren etenaldi bat aprobetxatu eta barrura sartu ginen”.

“Lehenengo programaren grabazioa bukatu eta berehala, Laura guregana etorri zen korrika eta Aitana estu besarkatu zuen, bere izena esanez. Uste dut Aitanak ez duela inoiz ahaztuko, detaile ederra izan zen. Ondoren, Jorge hurbildu zitzaigun, baita programako errejidoreak eta zuzendaria ere; guztiek jokabide aparta izan zuten alabarekin”, kontatzen jarraitu du Aitanaren aitak.

Platora atera zuten Aitana eta Jorge eta Laurarekin dena ikusi zuen: panela, erruleta... Jorgek erruletari tira egiten lagundu zion, oso pisutsua delako, eta Laurak bere kamerinora gonbidatu zuen, jantzi guztiak ikus zitzan... Pantaila bat zegoela aprobetxatuz, Laura imitatu zuen, panelean balego bezala, eta hain ongi egiten zuen ezen Laurak tokia kenduko ziola esan zion, hurrengo programan irteteko takoidun oinetakoak utziko zizkiola... Bere saltsan zegoen alaba, zoriontsu! Primeran ibili zen, esperientzia zoragarria izan zen berarentzat, ederki pasatu zuen”, bukatu du azaltzen aitak.

Ume horien ametsak gauzatzeko, hainbat erakunderen eta gizartearen eta Fundación Pequeño Deseo fundazioaren arteko lankidetzak behar dira. Fundazio hori irabazi-asmorik gabeko eta interes sozialeko erakundea da, gaixotasun kronikoak edo pronostiko txarrekoak dituzten umeen nahiak gauzatzea helburu duena, horiei adore emateko eta gaixotasuna pairagarriago egiteko. Zeren eta, "batzuetan, ume baten nahia betetzea baita sendagairik onena".

Ospitaleak biguntzeaz kezkatuta, IMQ-k nahiz FPDk jarduerak sustatzen dituzte ospitaletan, umeen egonaldiak jasangarriagoak izan daitezen, esaterako, guneak umeentzako motiboez apaintzen dituzte, umeekin tailerrak egiten dituzte, txangoak antolatzen dituzte, umeei bisitak antolatu…

Zientifikoki frogatuta dago nahi bat gauzatzeak emozio onak sortzen dituela eta emozio horiek ondorio itzela dutela umeen ongizatean eta gaixotasunari aurre egiteko moduan, eta ondorioek 9 hilabetez dirautela, nahi bat bete ondoren emozio onen ondorioei buruzko lehenengo azterlanetik ondorioztatzen denez (Psikologoen Elkargoa, Fundación Lafourcade Ponce eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea).

IMQ eta FPD elkarrekin ari dira lan egiten ilusioa eta alaitasuna paziente txikien tratamenduaren zati izan daitezen. Banan-banan lan egiten da umeekin, amets egitera bultzatzeko, horretarako prestatutako haur-psikologoen eskutik ilusiorik handiena zein den adieraz dezaten.

2000. urteaz geroztik, 4.800 umeren eta 4 eta 18 urte arteko neraberen  nahiak bete dira jada. Nahi horiek betetzeak ez dakarkie inolako gasturik familiei, non eta familiak kontrakoa adierazten ez duen eta kontu-sailen bat ordaindu nahi ez duen; horrelakoetan, lortutako aurrezkia beste nahi bat gauzatzeko erabiliko da.

Nahiak bost kategoriatan banatzen dira: izatea, ezagutzea, joatea, edukitzea eta bestelakoak. Horra hor adibide batzuk: printzesa, egiptologoa, orkestra-zuzendaria edo albaitaria izatea; gogokoen duten abeslari, antzezle, aurkezle edo kirolaria ezagutzea; Disneyland París-a, elurretara edo gurasoak elkar ezagutu zuten hirira joatea; zaintzeko txakurkumea edukitzea, bideokontsola edo bizikleta egokitua edukitzea; jausgailuan salto egitea,  urpekaritza egitea edo ospitaleko lagunentzat janaria prestatzea, besteak beste. www.fpdeseo.org.