Bilatu zure medikua (leiho berri batean irekiko da):

Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Depresio kasuek % 20 gora egin dute estatu osoan sei urtetan

12.01.2024

Depresio kasuek % 20 gora egin dute estatu osoan sei urtetan
  • Estatuko Osasun Sistemaren 2022. urteko Txostenaren datu berrienek adierazi zutenez, 1.000 biztanleko prebalentzia 2016an 39,1 izatetik 2021ean 46,8 izatera igaro zen.

  • «Depresioaren sintoma  nagusiak  hauek dira: tristura handia eta bizitzeko motibazioa galtzea, lehen ongizate-iturria ziren jarduerak egiteko ilusioa galtzea eta eguneroko bizitzako ekintzak neketan egitea».

Urtero, urtarrilaren 13an, Depresioaren aurka Borrokatzeko Munduko Eguna ekartzen da gogora. Gaixotasun mental arrunt hori larria izan daiteke, eta suizidioa eragin ere. Urte askotik hona osasun-eragileek depresioa prebenitzeko ahalegin handiak egiten badituzte ere, goranzko joera du arazoak. Hainbesterako da arazoa, ezen iazko bukaeran argitaratutako Estatuko Osasun Sistemaren 2022. urteko Txostenak adierazi zuen depresio-nahasmenduen prebalentzia 1.000 biztanleko 2016an 39,1 izatetik 2021ean 46,8 izatera igaro zela, hots, denboraldi horretan % 20 igo zela.

Hala, Osasun Ministerioaren txosten berak jaso du Euskadiko osasun mentaleko arazoei dagokienez, prebalentzia 293,2 kasukoa dela 1.000 biztanleko, Estatuko txikienetako bat, batez bestekoa 357,2 baita.

Psikiatrian eta osasun mentalean espezializatutako IMQ Amsako zuzendari mediko José Mariano Galletero psikiatrak gogorarazi duenez, «depresioaren sintoma  nagusiak  hauek dira: tristura handia eta bizitzeko motibazioa galtzea, lehen ongizate-iturria ziren jarduerak egiteko ilusioa galtzea eta eguneroko bizitzako ekintzak neketan egitea».

Depresio larriak 230.000 pertsonari eragiten die Espainian, Europako 2020ko osasun-inkestaren arabera. Ikerketa horrek erakutsi du 15 urteko edo hortik gorako biztanleen depresioaren prebalentziak eta depresio-sintomatologiaren larritasunak biztanleen % 5,4ri eragiten diela, hots, 2,1 milioi pertsonari. Eta horietatik 230.000 pertsona inguruk ditu nahasmendu larriak, sintomen larritasuna dela eta.

Halaber, aipagarria da osasun mentaleko patologia horren prebalentzia emakumeen artean gizonen artean baino bi halakoa dela (% 7,1 emakumeena; % 3,5, gizonena), eta kasu larriak emakumeengan gizonengan baino 3,5 aldiz gehiago gertatzen direla.  

Jarduera ekonomikoari dagokionez, depresio handiko sintomak ohikoagoak dira lan egiteko gaitasunik ez duten pertsonengan, etxeko lanak egiten dituztenengan eta erretiratuengan edo aurretik erretiratuengan, baina osasun mentaleko patologia horrek biztanleria-talde eta adin-tarte guztiei eragiten die.

Goiz detektatzeak duen garrantzia

José Mariano Galletero sendagileak adierazi duenez, depresio-sintomak dituen pertsona batengan haiek goiz diagnostikatzeak «laguntza eraginkorra ahalbidetuko du, aurretiko jarduera-mailara itzultzea azkartuko du eta alferrikako sufrimendua asko murriztuko du, goiz detektatzea baita depresioaren aurkako tratamendu bati erantzuteko pronostiko ona izateko faktoreetako bat».

Depresioa badagoela agerian jar ditzaketen sintometako batzuk hauek dira: pertsona egonkorrak bat-batean bakartu izatea, tristura, apatia, anhedonia, jangale txikia, gertuko pertsonekin gutxi mintzatzea eta lo hartzeko arazoak, besteak beste. «Aldaketa horietan  ‘lehen’ eta ‘ondoren’ badagoela antzematen da», azpimarratu du IMQ Amsako zuzendari medikoak.

Adituak hau ere adierazi du: «depresioa ez da errakuntza, ahulezia edo hutsegitea,  gaixotasuna baizik, gripea edo diabetesa bezala. Hura konpontzea ez datza nork bere burua hobetzean, aurpegi ona jartzean edo nork bere burua kontrolatzean; ezta estean eta sufrimendua onartzean ere, baizik eta berariaz jarritako eta terapeuta aditu batek ikuskatutako tratamendu egokia jarraitzean. Sintomek ondoez psikologikoa eta eguneroko bizitzan eragin handia sorrarazten dutenean, laguntza eskatzeko beharra aztertu beharra dago».

Horren haritik, María del Palacio psikologoak, IMQ Amsako Nortasunaren nahasmenduen, Antsietatearen eta Depresioaren Eguneko Unitateko koordinatzailea denak, agerian jarri du nahasmendu afektibo horren gertakari arinetan nahiz larrietan, «IMQ Amsan diziplina anitzeko talde batek pertsonaren egoera fisiko eta mentalaren lehenengo ebaluazioa egiten du bestelako gaixotasunak dauden baztertzeko. Jarraian, ingurumen-faktoreak eta faktore psikologikoak edo biokimikoak aztertzen ditugu, depresio-egoerara eraman duten, terapia egoki batera bideratzeko. Diagnostikoa eginda eta egoera pertsonala ikusita, terapia anbulatorioak ala, beharrezkoa bada, ospitalizazioa aukeratuko dira».

Gaixotasunari eta horren tratamenduari bi modu erabilita ekin dakieke: farmakologikoa eta psikoterapeutikoa. Kasu bakoitzaren beharren eta ezaugarrien arabera erabiltzen dira bata ala bestea, gizarte- eta familia-eremuek tratamendurako duten garrantzia alde batera utzi gabe.

«Tratamendu farmakologikoak garuneko depresio-gertakarian gertatzen diren aldaketa biokimikoak konpontzen saiatzen da, serotonina-mailak handitzen saiatuta. Bestalde, psikoterapiak arazo psikologikoak, nortasunekoak, lanekoak edo familiakoak tratatzen ditu, hots, depresioan eragina izan dezaketen kanpoko faktore guztiak», azaldu du Galletero doktoreak.

Amaitzeko, psikiatrak adierazi du, depresio erresistenteko kasuren bat egon badaiteke ere, «gehienetan, ematen diren tratamenduen bidez, nahasmendu horiek dituzten pertsonen % 70 - % 90 sendatzen dira. Dena den, birgaixotzeak egon daitezkeenez, jarraipenak etengabea izan behar du».