Bilatu zure medikua (leiho berri batean irekiko da):

Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Ikasleek pantaila digitalen aurrean denbora gehiegi emateak begi nekearen sindromea eragiten du

05.09.2019

Ikasleek pantaila digitalen aurrean denbora gehiegi emateak begi nekearen sindromea eragiten du

 

 

Ehundaka milaka ume ikastetxera itzuli izana erronka ohi da begien osasunarentzat. “Gailu elektronikoak, hala  nola, tabletak, ordenagailuak, mugikorrak, telebista edo VR (errealitate birtuala) betaurrekoak geure eta gure seme-alaben eguneroko bizitzaren partaide dira jada. Hortaz, horiekin bizitzera behartuta gaude, batez ere, eskola-denboraldian, zeren eta, denboraldi horretan, aisia digitaleko modu berriei, ikastetxe askotan testuliburuak ordeztu dituzten gailu elektronikoen erabilera hedatua gehitzen zaie. Horrek guztiak erronka dakarkio ikasleen begien osasunari ikastetxera bueltatzean eta, ondorioz, pantaila digitalak umeen begientzat kaltegarriak diren edo zein neurri hartu behar den galdetzen digute gurasoek eta irakasleek”, adierazi du IMQ-ko oftalmologo Marta Galdós Iztuetak.

Adituak xehatu duenez, “pantaila digitalen aurrean denbora gehiegi emateak eragiten du begi-nekearen sindromea. Pantaila baten aurrean gaudenean, gutxiagotan kliska egiten dugu eta, hortaz, begiak, negar-anpuluaz hezetuta egon behar direnak, errazago sikatzen dira. Sikutasun horrek begiko erretasuna eragin dezake, eta, besteak beste, mina, aztura, erredura, begi gorriak edo buruko mina sortu”.

Ume batzuengan sindrome hori areagotu egiten da

Ume batzuengan neke digitalaren sindromea areagotu daitekeela adierazi du oftalmologoak, hain zuzen ere, “erreakzio alergikoak dituztenengan, atopikoak direnengan edo negar-anpulu kaskarragoa edo eskasagoa dutenengan”.

Halaber, akats errefraktagarriak, hots, hipermetropia, miopia edo astigmatismoa, dituztenengan ere sor daitezke arazo gehiago pantaila digitalen aurrean denbora gehiegi emateagatik. “Ikasleak antzeman ez zaion akats errefraktagarria ere badu,  esaterako, hipermetropia moderatua, pantailak jarraian erabili ohi baditu sintomatologia areagotuko du, begiek gehiegizko esfortzua egin beharko dutelako”. Bestetik, jarraitu du azaltzen IMQ-ko oftalmologoak, “gure semeak edo alabak miopia badu, pantailen erabilerak ez du zerikusirik izango horren aurrerapen handiagoarekin; beraz, lasai egon gaitezke. Haatik, umeek aire zabalean edo kanpoan jarduerak egin ditzatela gomendatzen dugu miopia areagotu ez dadin. Baina, hori bai, gailuak modu arduratsuan eta neurritsuan erabiliko dira, eta ez gara larritu beharko. Gainera, ez da iragazkirik behar, zeren eta ikerlan zientifiko batek ere ez baitu frogatu argi irradiatua neke digitalaren sindrometik haratago patologikoa den”.

Gailu elektronikoak behar bezala erregulatzea

Era berean, pantailaren distira handiegia edo txikiegia izateak eragin handia du neke digitalaren sindromean. Galdós Iztueta doktorearen hitzetan, “begien nekea areagotu egingo da pantailaren distira gehiegizkoa bada, batez ere, gelan argi gutxiegi badago, zeren eta pantaila argi-iturri etengabea eta gehiegizkoa baita gure begien gainean. Distira eskasa bada, berriz, eta pantaila oso txikia bada, begiek eskortzu handia egin beharko dute, eta umearen begien nekea handiagoa izango da”.

Adituak ohartarazten du oheratu aurretik gailu elektronikoen gehiegizko argiaren eraginpean jartzeaz, zeren eta horrek “erritmo zirkadianoa, hots, loaldi-esnaldien zikloa, hauts baitezake eta loaldia eragotz”.

Gomendioak, ikasturtea hasteari begira

IMQ-ko oftalmologoak neke digitalaren sindrome izateko arriskua txikiagotzeko ematen duen lehenengo gomendioa hau da: haurtzaroko ohiko azterketa oftalmologikoak egitea, batez ere, familian aurrekaririk badago. Bigarren gomendioa, pantailak denbora gutxiagoz, neurriz, erabiltzea. Hirugarrena, atsedenaldiak egitea: “pantaila baten aurrean gaudenean gutxi gorabehera 20 minuturo 20 segundoko atsedenaldia egitea, kliska egitea eta urrutira begiratzea –sei metrotik gorako distantziara, esaterako, ikasten edo lan egiten den mahaitik gertu dagoen leiho batetik– gomendatzen da”.

Laugarren gomendioa pantailaren distira eta gelako argia kontrolatzea da. Pantailaren  tamaina eta kokapen egokia dira bosgarren gomendioaren protagonistak: “irakurtzeko distantzia egokia begietatik 33 zentimetrotra da. Eta pantailaren tamainak egokia izan behar du. Halaber, mugikorra ikasteko edo lan egiteko tresna edo bideojokoen pantaila bezala ahalik eta gutxien erabili behar da, txikiegia delako. Halaber, ez da aldi oro serieak ikusteko erabili behar”. Amaitzeko, IMQ-ko adituaren aburuz, umeei ez zaie gailu digitalekin loak hartzen utzi behar, “lo-orduetan erabil ez ditzaten”.