Iradokizunak
27.11.2024
Elikadura-portaeraren nahasmenduak dira osasun mentaleko nahasmendu ohikoenetako bat gaur egungo gizartean. Janariarekin lotutako patroiaren alterazioa da, eta hainbat modutan agertzen da: ahorakinak murriztea, portaera konpultsiboak edo konpentsatzaileak, pentsamendu murriztaileak edo obsesiboak edo elikagaiak hautatzea, besteak beste. Batzuetan, beste arlo batzuetan, esaterako kirol-arloan, aldatutako harreman-estiloetan ere agertzen dira, jokabide konpentsatzaileak ezartzeko.
Elikadura-portaeraren nahasmenduek dakarten eragin handiena «gazteengan, nerabeengan, gertatu ohi da, batez ere, neskengan, baina mutilengan gero eta kasu gehiago daude», ohartarazi du Carla Merinok, IMQ Amsako Elikadura Portaeraren Nahasmenduen Unitateko psikologoak. Hori dela eta, neurri handi batean adingabeei eragiten dien arazo larri horretaz ohartarazteko, nazioarteko komunitateak gogora ekartzen du urtero Elikadura-portaeraren nahasmenduen aurkako Nazioarteko Eguna, azaroaren 30ean.
Nahasmendu horien –anorexia eta bulimia dira horietako batzuk– jatorriari eta etiologiari dagokienez, horiek faktore ugari eragiten dituztela uste da, bai genetikari edo biologiari buruzkoak, bai ingurumenari eta alderdi pertsonalei buruzkoak.
Alde pertsonalei dagokienez, Carla Merinok hau adierazi du: «duela zenbait urtetatik hona, ugarituz doa gero eta gazteagoa den biztanleriaren gaineko gizarte-eskaria, eta, aldi berean, horrek ekar dezakeen arriskua ere gero eta larriagoa da. Aztertzen ditugun kasu batzuetan adin txikia egon izanak, osasun-arloan ekiteko konplexutasun handiagoa ez ezik, ezaugarri kliniko larriagoa ere dakar, hainbat arrazoirengatik, besteak beste, umeen psikismoaren heldutasunik ezagatik».
Psikologoak nabarmendu duenez, «kontsultan ikusten dugu kausek faktore anitzeko jatorria izan dezaketela: nerabezaroaren goiztiartasuna edo aro hori aurreratzea, edo oraindik pentsamendu kritikoa eta fantasiaren eta zenbait alderdiren errealitatearen arteko desberdintasun argirik garatu ezin izan duten buruengan irudi ez oso errealista isla dezaketen alderdi soziokulturalak».
Adituak, halaber, egungo gizarteetan gertatzen den alde hau aipatu du: adin oso txikiketan tresna digitalak goizegi eskuratzen dira. «Horren ondorioz, informazio-mota jakin batzuk eskuratzen dira tresna horiek modu moldagarrian erabili ahal izateko behar den garapen psikikorik izan gabe. Faktore familiarrak eta sozialak eta eskakizun akademikoaren inguruko bizipenak ere hartu behar dira kontuan, oso erabakigarriak baitira».
Heltze terapeutikoa egiterakoan, «garrantzitsua» da faktore horiek kontuan izatea. «Gure zentroan eta gure prestakuntzaren arabera, diziplina anitzeko ikuspegi batetik heltzen diogu pazienteen nahasmenduari; pertsonak beste modu batean konpondu ezin duen ondoez eta psikismo baten islatzat jotzen dut elikadura-portaera».
Arrazoi horien ondorioz, «maila psikologiko eta psikiatriko batekin ekin behar zaio nahasmenduari, eta nutrizio-errehabilitazio eta -berreziketaren bidez, eta, horretarako, tresna terapeutikoak adingabeen adinera eta eboluzio-unera egokitu behar dira, eta prozesuan familiei arreta ematea funtsezkotzat jo behar da».
Garatzen ari diren adingabeak dira, eta prozesu horrek konplexutasun handia dakar, «osasun organikoarekin lotutako kontuak, non nutrizio-urritasunek garapenean eragina izan dezaketen, eta arlo kognitibokoak, zeinetan arlo akademikoari modu moldagarrian eusteko duten gaitasuna kaltetu daitekeen, baita haien harreman sozialak eta familiarrak ere», azaldu du IMQ Amsa-ko psikologoak.
«Zaila» da gutxi gorabehera balioztatatzea zein den patologia horrek haurrengan eta gazteengan duen benetako eragina. Izan ere, «ziurrenik, diagnostikatutakoen, erregistratutakoen eta tratatutakoen baino kasu gehiago daude», neurri batean, "ezkutuan" egon daitezkeelako, arrunt bihurtu diren jokabideen ondorioz edo diagnostikatzeko dauden oztopoen ondorioz, bai haurrek eta gazteek beraiek konturatzeko eta bizitzen ari diren egoera adierazteko dituzten zailtasunengatik, bai klinikoki esanguratsuak diren alderdiak baloratzeko dauden eragozpenengatik.
Horrelako nahasmenduak sendatzeko babes-faktore gisa, «garrantzizkoa da hori goiz diagnostikatzea eta horri goiz heltzea; horrez gain, sare sozial eta familiar sendoa izatea, pazienteari laguntzeko, baita ikastetxearen laguntza ere, umearen prozesu terapeutikoa errazteko», amaitu du azaltzen IMQ Amsako psikologoak.
Hasta el 3% de los adolescentes vascos puede presentar un uso problemático de internet asociado a redes sociales o juegos online
Los casos de anorexia y bulimia que se detectan en Euskadi se duplican en Navidad