Iradokizunak
19.09.2024
Bilboko Burtsa eraikinean ‘Nola murriztu absentismoa eta arrisku psikosozialak lan-ingurune osasungarriaren eredua inplementatzen’ I. Topaketa antolatu dute Asociación para el Progreso de la Dirección (APD) elkarteak eta IMQ Amsak, psikologiaz eta psikiatriaz baliatuta osasun metalean espezializatuta dagoen erakundeak. Topaketa horretan profesional hauek parte hartu dute: Sergi Riau, Solutia Global Health Solutions-eko zuzendari bazkidea; Koldo Gutiérrez, IMQ Amsako zuzendari kudeatzailea, eta Javier López, Bridgestone Hispania Manufacturing-eko medikuntza-zerbitzuetako zuzendaria. APDko Iparraldeko zuzendari Mikel Madariaga arduratu da topaketari hasiera emateaz eta hori aurkezteaz.
Topaketan agerian jarri denez, enpresa osasungarria da langileen osasuna, segurtasuna eta ongizatea eta lan-eremuaren jasangarritasuna sustatzeko etengabeko hobekuntza-prozesu bat bultzatzen duena. Eta adituek azaldu dutenez, azken urteotan, kontzeptu hori ezinbesteko bilakatu da enpresetarako eta horien jarraipenerako; izan ere, osasungarritasunak dakartzan onurek enpresa osoaren osasuna bermatzen dute, eta errentagarritasunari hobekuntza neurgarriak eragiten dizkiote, hala nola absentismoa edo arrisku psikosozialak murriztea.
IMQ Amsa-ko zuzendari kudeatzaile Koldo Gutierrezek erakundeetan ongizate emozionaleko programen aplikazioa izan zuen hizpide. Hala, adituak gogorarazi zuenez, Euskadin osasun mentalean oinarritutako laneko bajak bikoiztu egin dira sei urtetan, eta ia 43.500 izan dira. Baja guztien % 24 dira, eta horien batez besteko iraupena 45 egunekoa da. Antsietatea eta depresioa dira, gehienbat, osasun mentaleko arazoen gaixotasun-karga eragiten duten bi sintoma kliniko nagusiak.
Adituak azaldu zuenez, erakundeetan ongizate emozionala sustatzeko programek «programa pertsonalizatuak izan behar dute, osasun mentalarekin lotutako arrisku-faktoreak prebenitu, detektatu eta murrizteko, eta, hortaz, ongizate emozionala sustatzeko». Eta programa horien helburuen artean hauek zerrendatu zituen: arrisku-faktoreak identifikatzea, absentismoa eta txandakatzea murriztea, laneko estresa murriztea, pertsonen arteko harreman osasungarriak sustatzea, motibazioa eta produktibitatea areagotzea eta erakundeetan talentua atxikitzea.
Ongizate emozionalaren arrisku-faktore gisa, hainbat faktore identifikatu zituen, hala nola laneko estresa, laneko jazarpena, substantzia-abusua, finantza- edo lege-arazoak, aldaketetara moldatzeko zailtasunak, lanbide-gaixotasunak ez direnak, familia-gatazkak, etab. Eta horietatik babesteko faktore hauek aipatu zituen: osasun mentala zaintzea, laguntza psikologikoa, baliabide psikologikoak eta hezitzaileak, kudeaketa emozionaleko taldeak eta sentsibilizazio- eta prebentzio-jarduerak.
Koldo Gutiérrezek, halaber, ongizate emozionala sustatzeko programak aplikatzearen ondoriozko hainbat onura zerrendatu zituen: «produktibitatea eta etekina handitzen dira, lan-absentismoa murriztu egiten da, komunikazio eraginkorra eta asertiboa areagotzen da, lan-giroa hobetzen da eta ongizate emozionalak hobera egiten du. Hori guztiari esker, eta horrelako programak etengabe aplikatzen badira, inbertitutako euro bakoitzeko 1etik 5era artekoa izango da inbertsioaren itzulkina». Adierazi zuen bezala, erakundeetan ongizate emozionaleko programak aplikatzeak % 66 murritz ditzake osasun mentalean oinarritutako laneko bajak.
Prebentzio-motei dagokienez, IMQ Amsako zuzendari kudeatzaileak hiru mota bereizi zituen: prebentzio unibertsala, selektiboa eta egokitua. Unibertsalari dagokionez, ongizate emozionala zaintzeko programa baten bidez arazo emozionalak goiz detektatzeaz aritu zen: «arazoei hasierako etapetan heltzeko gai dena, bai pertsonarengan, bai kolektiboan aurrera egin ez dezan». Ongizate Emozionaleko Plataformen erabilgarritasuna ere azpimarratu zuen: «langileei laguntzeko plataforma digital bat, osasun mentala, garapen profesionala, lan-bizitzaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka eta estresaren kudeaketa bezalako arloetan baliabideak, zerbitzuak, tresnak eta laguntza emateko diseinatu dena, lan-ingurune osasungarriagoa eta motibatzaileagoa sortzen laguntzeko». Azkenik, jokabide suizida, laneko jazarpena eta mendekotasun-jokabideak prebenitzeko informazio- eta sentsibilizazio-ekintzak izan zituen hizpide.
Prebentzio selektiboaz, kontsulta orientagarrien funtsa azaldu zuen: «ondoez psikologikoaren zantzuak eta sintomak dituzten pertsonentzako laguntza-baliabide dira. Helburu nagusia da kasua sakonago ebaluatzea, sintomen maiztasuna, intentsitatea eta iraupena baloratuta, eta ondoezaren jatorria identifikatzea».Ondoren, emozioak kudeatzeko taldeak aurkeztu zituen: «talde horiek langileei tresna, estrategia eta baliabide psikologiko positiboak ematen dizkiete beren ongizate psikosoziala hobetzeko».
Azkenik, hirugarren prebentzio motaz, prebentzio egokituaz, aritu zen. Hori behar duten erakundeko langileentzako laguntza psikologiko indibidualizatua azaldu zuen, baita haren onurak eta lehen laguntza psikologikoa ere: «pertsonei lasai sentiarazten eta larrialdi edo krisi egoera bati aurre egiteko gai direla senti daitezen laguntzeko erabiltzen diren trebetasun eta ezagutza multzoa».
La desregulación emocional afecta, entre otros, a pacientes con depresión, ansiedad, abuso de sustancias, TCA, trastorno bipolar o trastorno límite de la personalidad
Dr. Javier Goti, psiquiatra de IMQ-AMSA: “Las personas con problemas de salud Mental son también válidas para trabajar”
AMSA inaugura nuevo hospital de día en su nuevo centro de psiquiatría y psicología de Bilbao