Iradokizunak
16.12.2020
Esklerosi anizkoitzaren kausa ezezaguna da oraindik komunitate zientifikoarentzat; beraz, oraindik ezin da prebenitu. Haatik, jakina da gaixotasuna ingurumen-faktoreren baten interakzioaren eta norbanakoaren aurretiko jarreraren ondorioz gertatzen dela. “Gaixotasunak banaketa geografiko desberdina du, eta ez da hain ohikoa ekuatorean, eta haren maiztasuna handitu egiten da ekuatoretik urrundu ahala. Euskadi arrisku ertaineko/handiko eremu batean dago, eta bertoko prebalentzia 110 kasukoa da 100.000 biztanleko; hortaz, 2.200 pertsonak baino gehiagok omen dute gaitza”, adierazi du IMQ-ko neurologo Alfredo Rodríguez-Antigüedadek, azaroaren 18a, hots, Esklerosi Anizkoitzaren Egun Nazionala dela eta.
Euskal neurologoaren esanetan, “esklerosi anizkoitzak, batez beste, 30 urte bete baino lehen agertzen da, eta ohikoagoa da emakumeen artean gizonen artean baino, ratioa gizon bakoitzeko hiru emakume ingurukoa izanik. Azken urteotan arian-arian esklerosi anizkoitzak emakumeei gizonei baino gehiago eragin izanak, ingurumen-faktore bat (infekzioa, D bitamina, bizi-ohiturak, eguzki-orduak…) badagoelako ideia indartzen du, baina nekez jakin daiteke hori zein den”.
Esklerosi anizkoitza gaztaroan, “pertsonek bizitzako proiektu nagusiei ekiten dietenean”, agertu izanak eta gaixotasun kronikoa eta desgaitzailea izateak, maila guztietan –pertsonala, familiarra eta soziala– eragin handia izatea dakarte. “Hortaz, garrantzi handia du pazienteen elkartze-mugimenduak, eta esklerosi anizkoitza dutenen pairamena txikiagotzeko, eta bizi-kalitatea hobetu ahal dugun eragile guztiok ahaleginak eta ekimenak batu behar ditugu”, azpimarratu du adituak.
Zer da esklerosi anizkoitza eta nola agertzen da?
Esklerosi anizkoitza patologia kroniko, progresibo eta desgaitzailea da. Nerbio-sistema zentraleko hainbat eremutan (burmuinean eta hezur-muinean) hanturazko lesioak agertzea du ezaugarri nagusia. “Horietako lesioren bat eremu batean adierazpen klinikoaz agertzeak, ezarpen akutuko sintomak (berriz gaixotzea edo agerraldia) eragiten ditu: pertsonak sentimena edo indarra galtzen du gorputz-adar batean edo gehiagotan, edo ikusmen bikoitza du edo ikusmena galtzen du begi batean, esaterako”.
Nerbio-sistema zentralaren disfuntzio bati egotz dakiokeen edozein sintoma gerta daiteke gaixotasun horretan. Denbora baten buruan, hots, egun edo aste batzuen buruan, hanturazko lesioa “automugatzen” da, eta sintomak pixkanaka arintzen dira eta batzuetan arrastoak uzten dituzte. “Denborak aurrera egin ahala, birgaixotzeak gero eta gutxiago gertatzen dira, baina gaixo batzuek narriadura neurologiko maltzur eta progresiboa hasten dute; esklerosi anizkoitzaren fase horri ‘bigarren mailako progresiboa’ deritzo. Eragindako pertsonen ehuneko txiki batek ez du inoiz birgaixotzerik izango, eta pertsona horien bilakaera progresiboa baino ez da izango (‘lehen mailako progresiboa’), xehatu du Rodríguez-Antigüedad medikuak.
“Ageriko” sintomak ez ezik (indarra, sentimena edo ikusmena galtzea, besteak beste), pazienteek hain ageriko ez diren beste batzuk ere badituzte, hala nola, mina, nekea, antsietatea… “Ezkutuko” sintoma horiek dira pairamen handi baten iturburua eta, batzuetan, ingurukoen ulertezintasunarena ere.
Tratamendua
Zientzia ahalegindu egiten bada ere, esklerosi anizkoitza sendaezin izaten jarraitzen du, baina, gaur egun, badaude hori geldiarazteko hainbat tratamendu. “Botikak lesioak eta birgaixotzeak geldiaraztea lortzen ari dira gero eta modu eraginkorragoan, eta horrek nabarmen aldatu ditu gaixotasunaren pronostikoa eta gaixoen bizi-kalitatea. Arestian aipatutako ‘progresioarekin’ zerikusia duen guztia da gaixotasun horren egungo erronketako bat. Gaur egungo ikerketen ahaleginek, progresioa zergatik gertatzen den eta nola prebenitu edo geldiarazi behar den jakin nahi dute batik bat. Arlo horretan aurrerapausoak eman dira, eta horiek baikor egin gaituzte, narriadura neurologiko progresiboa prebenitzeko edo geldiarazteko baliabideei dagokienez”, adierazi du IMQ-ko neurologoak.
Ikerketa
Esklerosi anizkoitzaren gaineko ikerketa azkar garatu da azken urteotan, eta, horren ondorioz, gaixotasuna hobeto ezagutzen da eta hori kontrolatzeko tratamendu berri gehiago dago. Adituak esan bezala, “gaur egun, Europan hamabi botika ezberdin daude merkaturatuta, eta beste batzuk erregistratu aurreko azken fasean daude”.
Esklerosi anizkoitzak badu beste erronka bat: odoleko biomarkatzaileak izatea gaixotasuna zehatzago monitorizatu ahal izateko, pertsona bakoitzak hartzen duen tratamendua eraginkorra den ala ez goiz baloratzeko eta doitasunezko medikuntza pertsonalizatuan aurrera egiteko. Rodríguez-Antigüedad medikuak hau jakinarazi du: “Bizkaian ikerketak garatzen ari gara jada biomarkatzaileen gainean eskuragai ditugun azken teknologiez baliatuz”.
Medikuntza birsortzailea, gaixotasunak eragindako mina konpontzera bideratuta dagoena, “jada ez da utopiatzat jotzen, eta buru-belarri ari da horretan ikertzen. Emaitza praktikoak ez dira etorkizun hurbilean ikusiko, baina saiakuntza klinikoak egin dira helburu horrekin”, azaldu du IMQ-ko neurologoak.
Esklerosi anizkoitza eta COVID-19a
Egungo pandemiaren hasieran, esklerosi anizkoitzak berak edo hori tratatzeko botiken efektuak SARS-CoV-2ak eragindako infekzioaren pronostikoa okerragotzea ekarriko zutelako beldurrak “desagertu egin dira. Gaur egun, badakigu COVID-19aren intzidentzia eta eboluzioa esklerosi anizkoitza ez dutenen berberak direla”, amaitu du azaltzen adituak.
El alzhéimer supone entre el 60 y el 70 por ciento de todos los casos de demencia