Bilatu zure medikua (leiho berri batean irekiko da):

Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Euskadiko 5 amaren artean 1ek gogo-aldartearen nahasmenduak edo antsietatea dituzte haurdunaldian edo erdiondoan

05.05.2025

Euskadiko 5 amaren artean 1ek gogo-aldartearen nahasmenduak edo antsietatea dituzte haurdunaldian edo erdiondoan
  • Amen osasuna da gizarte-ongizatearen termometrorik onena. Euskadin, 3.200 haurtxo baino gehiago jaio ziren 2024ko azken hiruhilekoan, baina jaiotza-tasa gero eta txikiagoa da eta gurasoen eta familien erronkak, gero eta handiagoak.

Euskadin, amen osasuna lehentasuna da, bai zerbitzu publikoentzat, bai pribatuentzat. Euskadi harro dabil Estatutuko erditze seguruen ehunekorik handiena izateaz; izan ere, EUSTATen datuen arabera, erditzeen % 85 baino gehiago baginalak dira, OMEren gomendioa gaindituta eta Estatuko batez bestekoaren oso gainetik. Hala ere, jaiotza-tasak behera egiten jarraitzen du: 2024ko hirugarren hiruhilekoan 3.277 jaiotza erregistratu ziren, aurreko urtean baino % 7,7 gutxiago, eta emakume bakoitzeko seme-alaben tasa ume bakarrera ere ez zen iritsi, Estatuko batez bestekoaren (1,4 ume) oso azpitik.

Bestalde, amen heriotza-tasa txikia da, baina ez eztabaidarik gabea: Estatistikako Instituko Nazionalak (INE) 100.000 erditzeko 3,26 heriotza erregistratu zituen 2021ean, eta Segurtasun Obstetrikoko Espainiako Taldeak  duela gutxi egindako azterlan batek 13,7ra igo zuen kopuru hori, eta horrek erregistroak eta prebentzioa hobetzeko beharra azpimarratu zuen. Amen heriotza gehienak arreta profesionalaren eta baliabide egokien bidez prebenitu daitezke, baina amen osasuna erditzetik bizirik ateratzea baino askoz gehiago da, jakina, haurdunaldian, erditzean eta erdiberriaroan ongizate fisikoa, mentala eta soziala barne hartzen baititu.

Amen osasun mentala: guztiz ahaztua

Amen Osasunaren Munduko Egunak –aurten, maiatzaren 7a– osasun mentalean jarri du arreta, hainbatetan isilarazi baita. OMSen eta Sociedad Marcé Española de Salud Mental Perinatal sozietatearen arabera, amen % 20 inguruk izan ditzake jaiotza inguruko gaixotasun mentalak, eta horiek eragin zuzena dute haurtxoaren garapenean eta familiaren bizitzan. Estigmaren eta baliabiderik ezaren ondorioz, 10 emakumeren artean 7k sintomak ezkutatzen dituzte, eta horrek zaildu egiten du tratamendua eskuratzea eta suspertzea.

IMQ kliniketako erizaintzako arduradun Laura Hojasen hitzetan, “emaginak dira haurdunei laguntza emozionala eta sanitarioa emateko lehen asistentzia-lerroa. Antsietate edo depresio zantzuak garaiz detektatzea eta emozioei buruz hitz egiteko espazio segurua eskaintzea tentsio arteriala kontrolatzea edo ekografia bat egitea bezain garrantzitsuak dira. Amen osasun mentala ezin da tabu izan, lehentasun kliniko eta soziala baizik. Eta adituak gaineratu duenez, “ama-haurren osasunarekin dugun konpromisoa erditzearen aurretik, erditu bitartean eta ondoren ematen den kalitatezko arreta da, zeinak amen eta jaioberrien ongizatea bermatzen duen”.

Haurdunaldi, erditze eta erdiondoko arazo fisiko eta mental ohikoenak

Emakumeek haurdunaldian, erditzean eta erdiondoan aldaketa fisiko eta emozional  handiak jasaten dituzte.

Haurdunaldian

Arazo fisiko ohikoenak: goragalea eta goitikak, batez ere lehen hiruhilekoan; nekea eta logura; gerrialdeko mina eta ziatika, haurdunen % 50-% 70i eragiten dietena, pisua igo izanagatik eta artikulazioak erlaxatzen dituzten hormonengatik; digestio-eragozpenak (bihotzerrea, idorreria, hemorroideak); hanken eta orkatilen hantura; larruazaleko aldaketak (hiperpigmentazioa, larruazal-ildoak); barizeak eta likidoen erretentzioa.

Arazo mental ohikoenak: jaiotza inguruko antsietatea eta depresioa (Euskadiko eta Nafarroako 5 emakumeren artean bati eragiten diote, eta haurdunaldiaren edozein unetan edo erditu ondorengo urtean ager daitezke); gogo-aldartearen nahasmenduak eta estresa, aldaketa hormonalek, erditzeari beldur izateak, umekiaren osasunari buruzko kezkek eta bizi-egoera berrira egokitzeak eragindakoak; aurretiko buru-nahasmenduen aurrekariak dituzten emakumeak berriro gaixotzea.

Alarma-sintomak: abdomeneko min handiak, baginako odol-galerak, sukar handiak edo umekiaren mugimenduak murriztu izanak premiazko arreta-medikoa behar izaten dute.

Erditzean

Arazo fisiko ohikoenak: odoljario obstetrikoak (erditzearen aurretik, erditzean zehar edo ondoren gerta daitezke, eta amen morbimortalitatearen kausa nagusietako bat dira); min handia, perineoko urradurak edo episiotomia egin beharra; erdiondoko infekzioak; garai aurreko erditzea edo distozia, amari eta haurrari arriskua dakarkiena.

Harekin loturiko arazo mentalak: estres akutua eta beldurra erditze-lanean; trauma osteko estresaren nahasmendua, erditze konplikatuen edo esperientzia traumatikoen ondoren.

Erdiondoan

Arazo fisiko ohikoenak: perineoko mina, bizkarreko mina, gernu-ihesa edo heste-ihesa, idorreria eta hemorroideak; amagandiko edoskitzeko arazoak (mastitisa, titiburuko mina, esne gehiegi edo gutxiegi, amaren gogo-aldarteari eragiten diotenak); muturreko nekea eta loa berreskuratzeko zailtasuna.

Arazo mental ohikoenak: erdiondoko depresioa eta antsietatea, amen % 20ri  eragin diezaioketena; psikosi puerperala (ez da hain ohikoa, baina larria da); trauma osteko estresaren nahasmendua; eta haurra galduz gero, jaiotza inguruko dolua.

Amen osasuna erditzetik askoz haratago doa, haurdunaldian, erditzetik erdiondora bitarteko ongizate fisikoa eta mentala barne hartzen baititu. Gizarte-babesa, arreta profesionala eta sentsibilizazioa dira tresnarik onenak bizitzako etapa horretan emakume bakar bat ere bakarrik senti ez dadin.

IMQ-ko kliniketako erizaintzako arduradun Laura Hojasek adierazi duenez, “amak zaintzea etorkizuna zaintzea da, eta modu pertsonalizatu eta humanizatuan egin badezakegu, askoz hobeto”. Amen Osasunaren Mundu Eguna aitzakia ederra da gogorarazteko osasunean, prebentzioan eta laguntza emozionalean ere biziak salbatu egiten direla. Aurtengo leloak dioenez, “Elkarrekin indartsuagoak gara”.#MaternalMHMatters #JuntosMásFuertes.

Emakume orok du errespetuz eta arriskurik gabe erditzeko eskubidea

IMQ-k ama-haurren osasunarekin duen konpromisoa erditzearen aurretik, erditu bitartean eta ondoren ematen den kalitatezko arreta da, zeinak amen eta jaioberrien ongizatea bermatzen duen.

Premisa horren arabera, gure Ama-haurren Unitatean egunez egun lan egiten da emakumeei arreta emateko erditze-prozesu indibidualizatu batean, aurreko garaietan baino ikuspegi askoz ere bigunduagoarekin; izan ere, aurten hainbat ekimen egiten ari dira, hala nola:

Erditzeko Prestakuntzarako Unitatea sortu da, zeinari esker, gure klinikan erdituko diren emakumeek harreman estua sortuko duten emaginekin jaio aurreko bisitatik hasita, erditzeko prestatzeko eskoletan eta erditzean erdiberriarora arte.