Bilatu zure medikua (leiho berri batean irekiko da):

Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Euskadiko lehen telekirurgia robotikoak Bilboko paziente bat Granadako bere kirurgialariarekin lotu du

20.10.2026

Euskadiko lehen telekirurgia robotikoak Bilboko paziente bat Granadako bere kirurgialariarekin lotu du
  • José Gregorio Pereira doktoreak Granadatik zuzendu du Bilboko IMQ Zorrotzaurre Unibertsitate Ospitalean zegoen paziente baten ebakuntza urologikoa, Toumai sistema robotikoaren bidez.

  • Ebakuntza hori, Euskadin egin den ezaugarri horietako lehena, joan den ostiralean egin zen zuzenean, Andaluziako Urologia Elkartearen 38. Biltzarrean. Izan ere, biltzar horren zientzia-ardatz nagusietako batzuk kirurgia robotikoa eta teknologia berriak izan dira aurten.

IMQ Zorrotzaurre Unibertsitate Ospitaleak beste une gogoangarri bat izan du berrikuntza kirurgikoan, Euskadin egin den telekirurgia robotikoko lehen ebakuntza egin baita bertan. Pazientea eta urologiako ebakuntza egiteko erabilitako robota ospitale horretako ebakuntza-gela batean zeuden eta kirurgia zuzentzen zuen espezialista, José Gregorio “Txetxu” Pereira doktorea, aldiz, handik ehunka kilometrora zegoen, Granadan, Andaluziako Urologia Elkartearen 38. biltzarrean.

Ebakuntza egiteko MicroPort-en Toumai sistema kirurgiko berria erabili zen. Pereira doktoreak sistema robotikoa urrutitik kontrolatzen zuen bitartean, Bilbon beste profesional batek, Andrea Sánchez doktoreak, laguntza ematen zuen IMQren ebakuntza-gelan, bertako taldeak babestuta, eta telekirurgiako lehen esperientzia berritzaile hori arrakastaz burutu zen.

Ebakuntzaondoan ez zen gorabeherarik gertatu, eta pazientearen eboluzio klinikoa ere ona izan zen, ospitalean alta eman baitzioten.

Pereira sendagileak gertatutakoa aurrerakada teknologikotzat hartu du. “Duela urte batzuk norbaitek esan izan balit telekirurgia bat (nahiago dut elkarlaneko kirurgia terminoa) egingo nuela, hots, Bilbon paziente bati ebakuntza egingo niola Granadatik, kontsola batean eserita, zientzia fikzioa zela pentsatuko nukeen”, adierazi du urologoak.

Espezialista pazientearengana hurbiltzeko etorkizuna

Ehunka kilometrotara ebakuntza egitea teknikoki posible dela frogatzeaz gain, teknologia horrek elkarlanerako, prestakuntzarako eta tutoretzarako dakartzan aukeretan jarri du arreta espezialistak, bereziki, espezializazio-maila handiko taldeen eta pazienteen arteko distantzia murrizteko. “Leiho bat ireki da elkarlaneko etorkizun oso interesgarri batera”, adierazi du Pereira doktoreak, eta teknologia horrek eskaintzen duen aukeretako bat hau dela dio: “kirurgialaria pazientearengana hurbiltzea, eta ez alderantziz”.

Ebakuntza osteko hausnarketan, urologoak, halaber, funtsezko elementu hau nabarmendu du: pazientearen beraren konfiantza, eta berariaz eskertu du hark ebakuntza egiteko emandako baimena eta teknologian zein talde medikoan izandako konfiantza.

Pereira doktoreak egindakoa une gogoangarri kolektiboa dela azpimarratu du, eta eskerrak eman dizkio tokiko taldeari, prozeduraren segurtasuna bermatzeko egin duen lanagatik, baita IMQ Zorrotzaurre Unibertsitate Ospitaleari, emandako babesagatik. Era berean, MAC Consumibles enpresako ingeniarien talde teknikoaren lana nabarmendu du, zeinak, espezialistaren arabera, 22 milisegundoko latentzia lortu baitzuen ebakuntzan.

IMQ Zorrotzaurren izandako esperientziak agertoki berri bat ireki du Euskadin kirurgia robotikorako. José Gregorio Pereiraren beraren hitzetan, “etorkizuna gertatu egingo da, hori imajinatzeko gai bagara”.