Bilatu zure medikua (leiho berri batean irekiko da):

Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Euskadin migrainari aurre egiteko gepante berriak erabili diren lehenengo sei hilabeteetan emaitza onak lortu dira

10.09.2025

Euskadin migrainari aurre egiteko gepante berriak erabili diren lehenengo sei hilabeteetan emaitza onak lortu dira
  • Fernando Velasco sendagileak, IMQ-ko neurologoak: «uste dugu tratamendua ondo doala eta eraginkorra dela, eta paziente askoren arazoa konpontzen ari dela».

  • Prebalentzia biztanleriaren % 12,6 eta % 19,5 artekoa da, eta horrek esan nahi du Euskadin 280.728 eta 434.460 pertsona arteko talde batek duela migraina.

Duela gutxi, Euskadin migrainaren aurkako terapia mordoari hainbat farmako gehitu zaio, itu berri bati aurre egiteko: kaltzitoninarekin lotutako genearen peptidoa (CGRP, gaztelaniazko sigletan). «Migrainaren fisiopatologian inplikatutako neurotransmisore nagusia da CGRP; izan ere, odolean nabarmen igotzen da migrainaren krisi batean», adierazi du Fernando Velasco sendagileak, IMQ-ko neurologoak, Migrainaren aurkako Ekintzaren Nazioarteko Egunaren esparruan (urtero irailaren 12an ospatzen dena).

CGRParen aurkako sendagai berriei dagokienez, alde batetik, larruazalpeko edo zain barneko lau antigorputz monoklonal daude (erenumerab, galcanezumab, fremanezumab eta eptinezumab), eta horiek eraginkor eta seguru direla erakutsi dute migraina episodikoari eta migraina kronikoari aurre egiteko. Eta aurtengo martxotik aurrera, Euskadiko osasuneko neurologoek ‘gepante’ izenez ezagutzen diren eta ahoz ematen diren bi botika agindu ditzakete: rimegepant eta atogepant.

Rimegepant Europar Batasunean erabiltzen da tratamendu akuturako (triptanei erantzun ona ematen ez bazaie, horiek baitira krisialdietarako gehien erabiltzen diren botikak) eta migraina episodikoaren prebentzio-tratamendurako, eta atogepant, berriz, migraina episodikoaren nahiz migraina kronikoaren profilaxirako baimendu da.

IMQ-ko espezialistaren hitzetan, «Euskadin gepantesak agintzen hasi garenetik azken sei hilabeteotan, nahiz eta pazienteekin erabiltzen hasi direnetik denbora gutxi igaro den —haien segurtasuna eta eraginkortasuna egiaztatzeko eta onartzeko egindako saiakuntza klinikoetatik haratago—, uste dugu tratamendua ondo doala eta eraginkorra dela, eta paziente askoren arazoa konpontzen ari dela».

Migraina zefalea primarioa da, eta 4 eta 72 ordu bitarteko min-gertakariak izaten ditu; gainera, inguruneko estimuluekiko eta sintoma gastrointestinalekiko eta nerbio-sistema autonomoarekiko hipersentikortasuna du. Migrainaren zefalea bereizgarria alde bakarrekoa eta taupakaria da, eta intentsitate moderatua edo larria ohi du.

280.728 eta 434.460 pertsona arteko talde migrainaduna Euskadin

Migraina ohiko nahasmendua da neurologiako kontsultetan, eta horren prebalentzia asko aldatzen da, kontsultatutako iturrien arabera (munduko biztanleriaren % 12,6 eta % 19,5 artean); horrek esan nahi du Euskadin 280.728 eta 434.460 pertsona arteko talde batek duela.

Ohikoa da krisiak bizitzaren lehen bi hamarkadetan hastea, eta 50 urtetik aurrera murrizten doaz. Prebalentzia handiagoa da emakumeengan, gizonengan baino bi eta hiru aldiz ohikoagoa. Haurrei ere eragin diezaieke: 11 haurretatik batek migraina-krisia izango du.

Sorrera

Migraina-gertakariak agertzeko joeraren gakoak erabat argitu gabe daude oraindik, nahiz eta hainbat azterlanek herentziazko osagai bat faktore nagusitzat jo duten, ziurrenik gene ugari inplikatuta, eta, horren ondorioz, pertsonen adierazpen klinikoak oso aldakorrak dira.

Aurrekoaz gain, sexu-hormonen mailetako gorabeherak, estrogenoenak bereziki, zenbait pazienteren migrainaren sorreran inplikatuta daudela dirudi, migrainaren fisiopatologia oso konplexua bada ere. Migrainaren diagnostikoa klinikoa da, eta ezinbestekoa da, hortaz, espezialista batek baloratzea.

Fernando Velasco doktoreak adierazi duenez, «neurologook esaldi bat esan ohi dugu: burmuina migrainoso jaiotzen da. Hau da, ez dago kausa zehatzik. Ingurumen- eta genetika-faktore nabarmenak daude. Ematen du paziente migrainaduaren garuna migraina-krisiak izateko jarrerarekin jaiotzen dela. Hala, estimulu jakin batzuekin edo abiarazle jakin batzuekin gaixotasunaren mekanismoa martxan jartzen da».

Sintomak

Eskuarki, migraina-krisiak hiru fase desberdin eta espezifikotan aurkezten dira: prodromoak, aura eta zefalea. Hala ere, «paziente askorengan zefalea edo buruko minaren  fasea baino ez da gertatzen, argiarekiko (fotofobia) eta zaratekiko (sonofobia) intolerantzia dakarrena eta atsedena hartzera behartzen duena. Era berean, ohikoa da digestio-sintomak batera agertzea, hala nola goragalea, beherakoa edo gorakoak», adierazi du IMQ-ko neurologoak.

Gertakarien maiztasuna aldakorra da; hala, urtean bakarra edo astean bat baino gehiago gerta daitezke. Krisien maiztasunaren arabera, honela sailkatzen dira: migraina episodikoa (ME) (pazienteak hilean 15 egun baino gutxiagotan baditu) eta migraina kronikoa (MC, gaztelaniazko sigletan) (pazienteak hilean 15 egunetan edo gehiagotan baditu hiru hilabete baino gehiagotan).

Gaixotasun ezgaitzailea

2019ko Morbimortalitatearen Munduko Zamaren Azterlanaren  (Global Burden of Disease) datuen arabera, migraina da zazpigarren gaixotasun prebalenteena, bigarren tokian dago desgaitasunarekin bizitako bizitza-urteei dagokienez, eta hamalaugarrena da, desgaitasunagatik egokitutako bizitza-urteen arabera, eta zama berezia da 15-34 urteko emakumeentzat.