Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Familia edo gizarte inguruneko zailtasunek ADHN-ren sintomak okerragotu ditzakete umeengan

11.07.2023

Familia edo gizarte inguruneko zailtasunek ADHN-ren sintomak okerragotu ditzakete umeengan
  • Ume ipurtarin bat eta ADHNdun ume bat bereizteko gakoa zientzian datza;  izan ere, medikuntzak baditu diagnostikatzeko hainbat irizpide objektibo.

  • Azken ikerketen arabera, prebalentzia % 7 ingurukoa da eskola-adineko umeengan, eta % 4tik gorakoa, helduengan.

Urtero, uztailaren 13an, nazioarteko osasun- eta hezkuntza-elkarteak gogora ekartzen du arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmenduaren (ADHN) garrantzia, horren nazioarteko egunaren bitartez. Patologia horrek osasun-, familia- eta gizarte-arloetan duen ondorioari dagokionez, azken ikerketen arabera, % 7 ingurukoa da prebalentzia eskola-adineko umeengan, eta % 4tik gorakoa, helduengan.

Nahasmendu horri ekiteko, elkarte medikoak baditu diagnostikatzeko erreferentziazko irizpide batzuk, Psikiatriako Amerikako Elkartearen Nahasmendu Mentalen eskuliburu diagnostikoa eta estatistikoa (bosgarren argitaraldia) (DSM-5, ingeleszko siglak), hala nola 6 hilabetez gutxienez arreta-defizita izatea; 6 hilabetez gutxienez hiperaktibitatea eta inpultsibotasuna izatea; hamabi urte bete aurretik sintomak agertzea umearen bizitzaren bi testuingurutan edo gehiagotan; sintomek pertsonaren gizarte-, ikasketa- edo lan-funtzionamenduari eragoztea; eta beste nahasmendu mental baten eraginez azaltzen ez diren sintomak egotea.

Aurrekoaz gain, IMQ-ko psikiatra Julia Rosa Bilbao medikuak azpimarratu du ADHNren barruan hiru azpimota bereizten direla, umearen portaeraren arabera: «baliteke arreta-defizita nagusitzea, nahasmendu hiperaktibo-inpultsiboa izatea edo bien konbinazioa gertatzea».

Arreta-defizita

Arreta-defizita duten umeen sintoma nagusiez ari izan da psikiatra: «kontzentratzeko, zereginak ulertu eta egiteko edo informazioa buruan gordetzeko zailtasunak, batez ere, sintomen konbinazioa gertatzen bada».

Arreta-defizitaz ohartarazteko zantzuen artean, hauek azpimarra daitezke: «umea, askotan, adigalkor dago, ematen du beti ametsetan ari dela esna badago ere; zailtasunak ditu gauzak buruz ikasteko eta informazioa buruan gordetzeko; kostatzen zaio gauzak ulertzea; kontzentratzea dakarten jarduerek ahalegin handia eskatzen diote; eta asko kostatzen zaio bere burua antolatzea, arreta galtzen du zereginetan eta ez ditu amaitzen».

Arreta-defizitaren seinaleak «inor konturatu gabe gerta daitezke» nahasmendu hiperaktibo-inpultsiboa dutenengan, baina komenigarria da adi egotea egoera jakin batzuei, esaterako «umeak  zailtasun argiak baditu eskolen erritmoa jarraitzeko eta bere adinaren arabera kontzentrazioa eskatzen duten jarduerak egiteko gai ez bada».

Nahasmendu hiperaktibo-inpultsiboa

Aurreko arreta-defizitekoak ez bezala, nahasmendu hiperaktibo-inpultsiboarekin loturiko zantzu ohikoenak hauek dira: «umeak ezin du geldirik egon, zaila egiten zaio lasaitzea, kontrolik gabe hitz egiten du, ez ditu elkarrizketako txandak errespetatzen, gainerakoei mozten die hitz egiten dutenean eta ezinegon eta inpultsibotasun nabarmenak ditu».

Halaber, IMQ-ko psikiatrak gehitu du umeari zaila gertatu ohi zaiola jarraibideak entzutea, jarduera lasaiak egitea edo gelan edo jantokian eserita egotea, «aldi oro mugitzen ari baita».

Sintoma horiek urteak igaro ahala aregotzen dira, «eta umea ez da gai bere bulkadak bere kabuz kontrolatzeko bere adineko beste ikaskideen erritmo berean, eta horrek arazoak sortzen ditu gainerakoekiko harremanetan».

Diagnostiko goiztiarraren garrantzia

Umeak arreta-defizitaren edo hiperaktibitatearen sintomak baditu, «funtsezkoa da gurasoak pediatrarekin mintzatzea, kasua azter dezan». Julia Rosa Bilbao sendagileak adierazi duenez, «ez dago proba bakarra ADHN zehazteko, ikuspegi osoa behar baita, hots, umea ingurune desberdinetan, etxean eta eskolan, nola jokatzen duen jakin behar da, baita adin bereko umeekin nola jokatzen duen ere. Informazio xehea bildu behar da».

Diagnostikoa egiteko «proba psikologikoak egingo zaizkio, baita azterketa medikoak ere, beste patologia batzuk baztertzeko».

Tratamendurik behar bada, jakintza-alor anitzen arabera eta banaka emango da beti, ume bakoitzaren adinaren eta zailtasun zehatzen arabera. Esate baterako, sei urte arte, tratamendua ez da farmakologikoa izango eta psikoheziketan eta psikoterapian oinarrituko da. Azken alderdi horri dagokionez, Espainiako Pediatria Elkarteak adierazi duen bezala, jokabide-terapiak lehen aukera izan behar du lau eta bost urte arteko umeentzat, ebidentzia handiagoa delako. Terapia horrek eta guraso eta seme-alaben artean giroan eta lanean egiten diren aldaketek portaera disruptiboak murrizten dituzte.

Amaitzeko, IMQ-ko psikiatrak hau adierazi du arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmenduaren kausez: «ez daude zehaztatuta, baina badakigu genetikak zeregin behinena duela. Kontuan hartu behar da, halaber, nahasmendu horren jatorria ez dela familiaren heziketa edo gizarte-faktoreak edo inguruko faktoreak; beraz, errudun-ustea baztertu behar dute gurasoek. Hala eta guztiz ere, familia- edo gizarte-inguruko zailtasunek semearen edo alabaren sintomak okerragotu ditzakete».