Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Hamar euskal herritarren artean batek izango du depresioa bizitzan zehar

03.10.2018

Hamar euskal herritarren artean batek izango du depresioa bizitzan zehar

 

 

Hamar euskal herritarren artean batek izango du depresioa bizitzan zehar, eta gehienak emakumeak izango dira. Hortaz, depresioa izateko arriskua handiagoa da emakumeengan (gizonengan baino 2-3 aldiz gehiago) eta gertakari estresagarria bizi izan duten edo gaixotasun fisikoak edo min kronikoa duten horiengan.

Depresioa ez da  okerra, ahulkeria edo akatsa, gaixotasuna baizik, gripea edo diabetesa diren moduan. Gaixotasun hori konpontzea ez datza nork bere burua hobetzean, aurpegi ona jartzean edo nork bere burua kontrolatzean, ezta etsitzean eta pairamena onartzean ere ez, profesional aditu batek berariaz agindu, administratu eta ikuskatutako tratamendu egokia betetzean baizik.

Datu eta gogoeta horiek IMQ Amsa-ko zuzendari mediko José Mariano Galletero sendagileak eman ditu, datorren ostiralean, urriaren 5ean, Depresioaren Europako Eguna izango dela aprobetxatuz. Adierazi duenez, “depresioa gure garaiko gaixotasun mental nagusia bilakatu da mendebaldeko zibilizazioetan, eta oso lotura hertsia du estresarekin”.

Testuinguru horretan, IMQ Amsa-ko psikiatrak, gaixotasunari bermeekin ekin dakion,  prebentzioa eta tratamenduak azkar abiarazi behar direla azpimarratzen du. “Depresioa duen pertsona batengan sintomak azkar identifikatu izanak izugarri lagunduko du horri laguntza eraginkorra ematen, depresioa izan aurreko funtzionamendu-mailara itzul dadin azkartzen eta horren pairamena nabarmen murrizten, zeren eta depresioaren aurkako tratamendu bati erantzuterakoan pronostikoa goiz detektatzea ezinbestekoa baita”.

Depresioa dagoen detektatzeko, IMQ Amsa-ko adituak hauxe nabarmendu du: “ulertu beharra dago gogo-aldarte hori ez dela kanpoko justifikazio baten ondorio eta pertsona bat deprimitu daitekeela arazo ekonomikorik edo sozialik ez badu ere”.

“Pertsona horri ez zaio “anima zaitez” esan behar, ibiltzeko ezintasuna duen pertsona bati “ibil zaitez” esatea bezalakoa delako. Gaixotasunak dirauen bitartean, gaixoekin egon behar da, bakarrik eta isolatuta egon ez daitezen, beren baitan murgil ez daitezen, eta tratamendu medikoa hartu. Ez da nagi, ahul edo alferren eritasuntzat hartu behar, gaixotasun seriotzat baizik”.

“Inguruko norbait, gogo-aldarte egonkorra ohi duena, bakartu egiten bada, kopetilun badago, edozertarako interesa galtzen badu, isilago badago, jangurarik ez badu, gaizki lo egiten badu …  kezkatzeko modukoa izango da. Sintoma horiek aldaketa handia adierazten dute, depresioa hasi delako zantzua dira”, azpimarratu du IMQ Amsa-ko adituak.

Hortaz, hauxe zehaztu du: “depresioan ez dago proportzionaltasunik eta tristura itzela eta neurrigabea da kausarekiko.Tristura hain sakona da ezen lehenago gogoko zenaz gozatzeko aukera galtzen den. Hiltzeko asmoa ere ager daiteke, eta agertzen bada, kezkatzekoa izango da”.

Depresioa ume eta nerabeengan

Horiek  horrela, IMQ Amsa-ko psikiatrak hau azpimarratu du: “depresioaren agerpen klinikoak desberdinak dira ume eta nerabeengan eta nagusiengan. Nagusiengan tristura, negarra edo ilusio- edo gozamen-galera bezala agertu ohi da depresioa, eta, ume eta nerabeengan, beste modu batera, hala hola, ikastetxean bakartu egiten dira edo eskola-emaitzak txarragoak izaten dira; suminkortasuna eta haserrea ager daitezke, eta zaila izaten da sintoma horietan depresioa identifikatzea, nerabezaroan egoera horiek ohikoak direlako”.

 

Tratamenduak

Tratamenduei dagokienez, Galletero medikuak azaldu du botiken bidezkoa “depresio-gertakarian garunean gertatzen diren aldaketa biokimikoak konpontzen saiatzen da,  hain zuzen, serotonina-mailak igotzen”. “Bestetik, psikoterapiak nortasunaren, laneko edo familiako arazo psikologikoak konpontzen saiatzen da, hots, depresio-aldian eragina duten kanpoko faktore horiek konpontzen”, adierazi du.

Depresio erresistenteren bat egon liteke, baina, oro har, egungo tratamenduen bidez eta goiz esku hartuz gero, pertsonen % 70-90%  sendatzen da; pertsona berriz gaixo daiteke, eta, horrelakoetan, tratamendu etengabea bete beharko da. Nerabeen artean prebalentzia handiagoa du depresioak, nerabeak faktore batzuk ezegonkortzen dituztelako: aldaketa hormonalak, erabaki garrantzitsuak (ikasketak, gurasoen etxetik irtetea …). Azken finean, ulertu beharra dago gogo-aldarte hori ez dela kanpoko justifikazio baten ondorio eta pertsona bat deprimitu daitekeela arazo ekonomikorik edo sozialik ez badu ere. Gaixotasun seriotzat hartu behar da depresioa”, amaitu du azaltzen IMQ Amsa-ko doktoreak.