Bilatu zure medikua (leiho berri batean irekiko da):

Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Hiru giltzarri larruazaleko minbiziari aurre egiteko: prebentzioa, automiaketa eta dermatologoari kontsultatzea

12.06.2023

Hiru giltzarri larruazaleko minbiziari aurre egiteko: prebentzioa, automiaketa eta dermatologoari kontsultatzea
  • Lesio pigmentatu berririk (orin baten antzekoa) agertu dela ikusten bada, hazi egiten dena, kolore ezberdineko aldeak edo ertz irregularrak dituena, dermatologoari kontsultatu beharko zaio, baita larruazaleko zauri bat sendatzen ez bada ikusten bada ere, batez ere, eguzkitan dauden aldeetan badago.

  • Diagnostiko goiztiarrak eta lesio gaiztoaren tratamendu goiztiarrak pronostiko bikaina dakarte kasu gehienetan.

Udaberriko tenperaturak baino udakoak diruditenen eskutik hasi da hondartza eta bainu denboraldia Euskadin. Haatik, larruazala eguzki-erradiazioaren eraginpean zuzenean eta luze jartzeak oso ondorio kaltegarriak eragin ditzake osasunean: minbizia, alegia. 

Udaldia hasi aurretik, prebentzioaren garrantzia gogorarazteko, gure kontinenteko komunitate medikoak Larruazalaren Minbizia Prebenitzeko Europako Eguna gogora dakar urtero, ekainaren 13an. Horren harira, Jaime González del Tánago Diago sendagileak, IMQ-ko dermatologoa denak, funtsezko hiru alde gogorarazi ditu tumore horiei dagokienez: «seinale susmagarririk badago, prebentzioa, automiaketa eta dermatologoari kontsultatzea». Eta gomendio osasungarri horiek erraz bete daitezke.

Larruazaleko minbizia prebenitzea

Eguzki-erradiazio ultramorea larruazaleko minbizi ohikoenak agertzearekin lotuta dagoenez, ezinbestekoa da neurriak hartzea ondorio kaltegarriak saihesteko. «Oso garrantzitsua da haurtzaroan eguzki-erredurak ekiditea, helduaroan melanoma izateko estatistika handitzearekin lotzen baita», adierazi du espezialistak. Hori lortzeko, 50 faktoreko edo hortik gorako krema fotobabesleak eta babesgarri fisikoak (kamiseta, kasketa edo eguzkitako betaurrekoak, besteak beste) erabiltzea gomendatzen da.

Era berean, «egunaren erdiko orduetan kontu handiz ibili behar da», eguzki-erradiazioa «bortitzagoa» baita ordu horietan. Eta larruazal eta begi argidunek «kontu handiagoz», «erradiazio ultramoreak gehiago eragiten dietelako» eta, hortaz, larruazaleko minbizia izateko «arrisku handiagoa dutelako».

Burusoilei edo edozein kausa dela eta buruan ilea galdu dutenei biziki gomendatzen zaie kasketa edo kapela erabiltzea «burusoiltasunaren lehenengo seinaleak hasten direnetik», handitu egiten baita «alde horretan larruazaleko minbizia izateko arriskua».

Automiaketa

Norbere larruazala aldizka miatzeak duen garrantzia azpimarratu du adituak. «Arau mnemotekniko bat lagungarri gerta dakiguke, hots, melanomen ABCDEAri jarraitzea. Bost letra horiek melanoma bat bereizten lagun diezazkiguten oinarrizko bost ezaugarriak gogorarazten dizkigute».

González del Tánago sendagileak xehatu duenez, “A” letra “asimetriko” hitzari dagokio; orin baten erdia beste erdiarekin bat ez badator, asimetrikoa dela esan nahi du. “B” letra “bazter ezberdina”ri dagokio; horielakoetan, larruazaleko orbanaren ertzak edo bazterrak ondo zehaztuta egon daitezke alde batean, baina bestekoak ez, hots, irregularrak dira. “C” letrak orin edo orbanaren kolorearekin du zerikusia; kolorea homogeneoa ez bada, seinale txarra izan daiteke. “D” letra erabiltzen da 6 mm-tik gorako diametroa duten orbanez ohartarazteko. Azkenik, “E” letra orban baten eboluziaz ohartarazteko erabiltzen da, eta horren tamaina azkar aldatzen bada, lesio gaiztoa izan daiteke.

Larruazaleko espezialistari, dermatologoari, kontsultatzea

«Lesio pigmentatu berririk (orin baten antzekoa) agertu dela ikusten bada, hazi egiten dena, kolore ezberdineko aldeak edo ertz irregularrak dituena, dermatologoari kontsultatu beharko zaio, baita larruazaleko zauri bat sendatzen ez bada ikusten bada ere, batez ere, eguzkitan dauden aldeetan badago. Diagnostiko goiztiarrak eta lesio gaiztoaren tratamendu goiztiarrak pronostiko bikaina dakarte kasu gehienetan», azaldu du IMQ-ko espezialistak.

Minbizi-mota guztiak ez dira berdinak

“Larruazaleko minbizia” terminoak kartzinoma-mota desberdinak barne hartzen ditu; hortaz, horien ezaugarriak eta eboluzioa oso bestelakoak dira. Hauek dira hiru mota nagusiak: kartzinoma basozelularra, kartzinoma epidermoidea eta melanoma.

«Hedabideetan maizago ari dira melanomaz, larruazaleko minbizien % 7 baino gutxiago badira ere, larruazalako minbizien heriotzen %65 eragiten dituztelako. Osasun-kontzientziazio kanpainei esker, jendeak lehenago jotzen du kontsultetara, eta melanonak aldi goiztiagorretan detektatu eta tratatzea lortu da, hots, pronostikoa oso ona denean, % 90etik gorako biziraupen-tasa denean», adierazi du IMQ-ko dermatologoak.

Hala ere, larruazaleko minbizien artean ohikoena kartzinoma basozelularra da: «egunero diagnostikatzen dugu dermatologoek». Itxura era askotakoa izan daiteke: sendatzen ez den zauri bat edo larruazaleko lesio goratua, normalean arrosa kolorekoa, eguzkitan egon diren aldeetan sarriago agertzen dena. «Larruazalean bakarrik agertzen da lesio hori, eta zenbat eta lehenago diagnostikatu, orduan eta errazagoa izango da sendatzeko kirurgia».

Horregatik, sendatzen ez den zauri bat edo orban susmagarri bat agertzen bada larruazalean, pazienteak dermatologoari kontsultatu beharko dio, horrek berariazko prestakuntza eta ezagutza baititu lesio gaiztoak detektatzeko eta behar bezala tratatzeko.