Iradokizunak
07.10.2025
IMQ-k, Euskadiko osasun-aseguratzaile nagusiak, lankidetza-hitzarmena berritu du oraintsu Bizkaiko eta Arabako Aseguru Bitartekarien Elkargoarekin, bertoko 391.000tik gora asegurudun partikularren eta mila enpresen ongizate eta osasunarekin duen konpromisoa berresteko. Akordio horren eskutik, osasun-arloan eta aseguruen banaketan eta elkargokideen osasunean, bitartekaritza profesionala indartzera bideratutako konfiantzazko harremana sendotu da.
Elkargoen aldetik, hauek bertaratu ziren hitzarmena sinatzeko ekitaldira: Bizkaiko Aseguru Bitartekarien Elkargoko presidente Miguel Ángel Lavín Diego eta presidenteorde Gabriel Bilbao Martín. IMQren aldetik, Negozio Garapeneko eta Salmenta Kanaletako zuzendari Luis Fernández de Larrea.
Luis Fernández de Larreak hau azpimarratu du: "IMQ-k 91 urte daramatza Euskadiko osasun osoarekin konprometituta, eta konpainian egunero lan egiten dugu balio-proposamena hobetzeko, bai bitartekarientzat, bai bezeroentzat, baita bitartekarien garapenean laguntzeko ere, prestakuntzak eginez, osasun-arloan ditugun esperientzia eta ezagutzak ahalik eta bitartekari gehienengana jakinarazteko, osasun-aseguruen konponbideak bitartekari gehiagok bana ditzaten, eta, era berean, bezero-zorroen balioa handi dezaten”.
Hitzarmena berritu izanak ekarri du lankidetza estuan jarraitzea, bitartekaritza-kanalaren bidez zerbitzu bereizleak eta kalitatezkoak eskaintzeko.
Datozen urteetarako proiektu nabarmenetako bat etengabeko prestakuntza eskaintzea izango da, elkargokide diren bitartekariek tresna eguneratuak izan ditzaten eta bezeroei, ezagutza gehiago izanda, aholkuak eman diezazkieten.
Halaber, Bitartekarien Elkargoak IMQri errazten dio instalazioak erabiltzea prestakuntza-jardunaldiak egin ditzan, eta, horrela Bizkaiko eta Arabako Elkargoen kide diren 170 bitartekari ingururentzat ikaskuntzako eta eguneratze profesionaleko zirkulu bertutetsua indartzeko.
Bezeroen eskari berriei ere erantzun die hitzarmenak; izan ere, bezeroek gero eta gehiago aintzat hartzen dute teknologia digitaletara egokitutako osasun-zerbitzu bizkorra eskuratzeko aukera. Izan ere, IMQ-k klinika eta zentro propioen sare handia eskura izateko aukera eskaintzen die asegurudunei, baita Euskadin 1.700 profesional inguru eta teknologia aurreratua eskuratzekoa ere, arreta mediko azkarra eta itxaronaldi luzerik gabekoa bermatuta, bost minutu baino gutxiagoko bideo-kontsulta medikoak eta espezialistekiko online txatak barne.
Aseguramendu pribatuak, halaber, funtsezko zeregina izan du Euskadiko lan-osasunaren hobekuntzan, bertoko absentismo-tasa Espainiako handienen artean baitago. Hiruhilekoko azken txostenen arabera, Euskadin, % 9,8ko absentismo-tasa egon zen 2024ko hirugarren hiruhilekoan, eta, batez beste, % 9,1ekoa, 2025eko lehen hiruhilekoan; hala, Estatuko sailkapeneko buru izan zen, Kanariekin batera, Randstad Research-en eta Adecco-ren arabera. Osalanek, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, nabarmendu du, gainera, lan-absentismoak erronka garrantzitsuak dakartzala oraindik ere EAEko enpresen eta langileen produktibitate eta ongizaterako.
Hala bada, prebentzioak, laguntza profesionalak eta osasun-zerbitzu pribatuek, hala nola IMQ-k bitartekariekin lankidetzan eskaintzen dituenak, garrantzi estrategikoa dute Euskadin absentismoa murrizten eta lan-giroa hobetzen laguntzeko.
Hitzarmen berritu hori IMQ-k Bizkaiko eta Arabako enpresa-elkarte nabarmenekin dituen beste hitzarmen estrategiko batzuei gehitu zaie; izan ere, lurralde horietan, osasun-aseguramendu pribatua sendotu egin da langileen artean gizarte-onura gisa, hainbat zerbitzu ematen baititu, esaterako lehen mailako arreta, espezialitate medikoak, hortz-arreta eta atzerrirako bidaiko laguntza.
Hitz batez, IMQren eta Bizkaiko eta Arabako Aseguru Bitartekarien Elkargoaren arteko lankidetza aurrerapauso sendoa da osasun pribatuko sistema irmoa eta berritzailea, Euskadiko ehun ekonomikoaren benetako beharretara egokitutakoa, finkatzeko bidean, zeinean prestakuntza, teknologia eta kalitatearekiko konpromisoa funtsezko euskarriak diren.
Primer convenio de IMQ con un Colegio de Mediadores de Seguros
IMQ y el Colegio de Mediadores de Gipuzkoa refuerzan alianza con la renovación de su acuerdo de colaboración