Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

IMQ Virgen Blanca, zinemaz blai: sei filmatze, 2021etik 2023ra bitartean

21.04.2023

IMQ Virgen Blanca, zinemaz blai: sei filmatze, 2021etik 2023ra bitartean
  • IMQ Virgen Blanca klinikan seigarren filmatzea egiten ari da egunotan, El bus de la vida fimaren eszena giltzarri batzuk filmatzen ari baitira, Dani Rovira eta Susana Abaitua protagonistekin.

  • Bilbao eta Bizkaia zinema-erakustoki gisa sendotu dira, 2022an 166 filmatze egon baitira.

Aste honetan, El bus de la vida filmak, Dani Rovira eta Susana Abaitua protagonista dituenak eta minbiziak jota dagoen irakasle baten istorioaz ari zaigunak, sekuentzia giltzarri batzuk filmatu ditu IMQ Virgen Blanca klinikan (CVB). Film hori gehituta, 6 filmek erabili dituzte ospitaleko instalazioak erakustoki gisa. Izan ere, telesail arrakastatsu batzuek –hala nola Intimidad–, hainbat film luze saridunek –esaterako, Cinco lobitos– edo arrakasta handikoek –La vida padre– grabatu dituzte sekuentzia batzuk IMQ Virgen Blanca klinikan, eta, hortaz, Bilbok eta Bizkaiak ikus-entzunezko sektorean lortutako ospea eta kokapena indartzen lagundu dute.

Filmatze hori klinikako atondoan, korridoreetan eta laugarren solairuko bulego medikoan egin da, baita irudi bidezko proben eremuan (ordenagailu bidezko tomografia axiala (OTA) eta erresonantzia magnetikoa) ere. Halaber, klinikara grabatzera etorri diren 40tik gora pertsonako taldearentzat aldagelak eta makillaje eta ekoizpenerako gelak prestatu dira.

IMQ Virgen Blanca klinikan film eta telesail hauen eszenak grabatu dira:

La ermita filmaren fimatzean ehun profesional inguruk parte hartu zuten, eta ‘txori-gizonen’ mitologian oinarritutako pertsonaia misteriotsuen benetako erlekume bilakatu zuten klinika.

Cinco lobitos filmaren filmatzean, gainera, Estíbaliz Ondarza, IMQ Virgen Blanca Klimikako Erizantzako arduraduna eta klinikan egindako filmatzeen koordinatzailea, filmaren antzezleetako bat bilakatu zen ustekabez, filmaren zuzendari Alauda Ruiz de Azúak lekuan bertan fitxatu baitzuen, ebakuntza baten ondoren solairuko erizain baten jokaera azaltzen ari zitzaiola. Filmaren protagonista Laiaren ama gelan hartu zuen erizainarena egin zuen Estíbalizek; izan ere, berak lasaitu zuen Laia esanez amaren egoera normala zela anestesia baten ondoren.

Bilbao Bizkaia Film Commission-ek IMQ Virgen Blanca klinika hainbeste filmatze egiteko hautatu izanaren arrazoiak azaldu ditu: «bertoko instalazioen mantentze-lanak egokiak dira, hortaz, instalazioak egoera ezin hobean daude; era berean, korridoreak eta gune komunak zabalak eta moldaerrazak dira, eta horrek filmatzeak errazten ditu, eta kolore neutroek giro egokia sortzen laguntzen dute gainera». Halaber, hau azpimarratu dute: «klinikan bizi izandako esperientzia guztiak onak izan dira. Berton filmatu duten taldeak poz-pozik egon dira guneekin nahiz langileek emandako arretararekin». Azken filmatze horren ondoren, esker ona agertu dute: «IMQren erabateko lankidetzarik gabe ez zatekeen posible izango lurraldearentzat hain estrategikoa den proiektu hori aurrera ateratzea».

IMQ-koak ere pozik agertu dira, horrelako lankidetzak «ederki bat datozelako kulturarekiko gizarte-konpromisoa bultzatzeko dugun apustuarekin, eta, aldi berean, erakundeei laguntzen diegu gure lurraldea nazioartean “saltzen” eta horren xarma ezagutarazten. Zeren eta xarma hori dela eta, film arrakastatsu horiek guztiak erakustokirik onena bilakatu baitira».

Bilboko Udalak oraintsu jakinarazi dituen datuen arabera, jardueraren balantzeak hiribildua eta lurraldea nazioarteko erreferentzia gisa sendotu ditu ikus-entzunezko filmatzeak egiteko; izan ere, 166 filmatze egon dira Bilbon eta Bizkaian: film luzeak, film laburrak, telesailak, publizitate-iragarkiak, telebista-programak, dokumentalak edo bideoklipak. Ikus-entzunezko ekoizpen horiek 590 filmatze-egun batu zituzten guztira iaz.

Bizkaiak, 2023ko urtarriletik, zerga-tratamendu lehiakorragoa du ikus-entzunezko ekoizpenetarako. Foru Arauaren helburua da, lankidetza publiko-pribatuari esker, Bilbao eta Bizkaia erakargarriagoak izan daitezela kultur ekoizpenarentzat, eta, horretarako, sektoreko eragileek lurraldean egiten duten lanari laguntzen diote eta euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenak eta antzezte-ekoizpenak sustatzeko jarduerari garrantzi berezia ematen diote.

El bus de la vida

Kasualitatez, bizitza errealean, minbiziak jotako irakasle baten bizitza kontatzen duen film horren gizonezko protagonistari, Dani Rovirari, Hodgkin-en linfoma diagnostikatu zioten, 2020an, Espainian koronabirus-pandemiagatiko alarma-egoera ezarri eta lau egun eskasera.

Ibon Cormenzana zuzendari portugaletetarraren filmak musika-irakasle madrildar baten istorioa kontatzen du: musikari izatea amesten du gizonak, eta Urduñako institutu batera bidali dute lan egitera. Lehen eskola-egunean, ordea, konortegabetuko da, minbizi batek eragindako belarriko txistu-hots bizia izatean. Autokar zahar batek ospitalera eramango du, eta han kimioterapia jasoko du, beste gaixo batzuekin batera. Rovira ez ezik, Susana Abaitua, Elena Irureta eta Nagore Aramburu ere dira nork bere mugak gainditzeko istorio horren antzezleak. Urduñan eta Bilbon filmatzen ari dira agerraldi batzuk.

Aktorea jadanik guztiz sendatuta dago, eta elkarrizketa batean aitortu zuen istorio horrek barrua mugiarazi ziola. Ez zuen kimio gela batean berriro sartzeko gogorik, baina aspalditik zebilkion buruan minbiziaz zerbait kontatuko zuen film bat egitea. «Film hori iritsi zen, eta ‘feel good movie’, hots, nork bere mugak gainditzeko istorioa zela ikusi nuen. Pentsatu nuen agian terapiatzat har nezakeela, katarsitzat. Apika gauzak deskubrituko nituzkeela antzezle gisa, inoiz bizi ez izandakoak. Beharbada on egingo niola minbizia izan duen jendeari. Oso gogoko dut komedia, baina sakontasun emozionala eta soziala duten proiektuetan. Bizitza adoretsuena da. Egun batzuetan barrua mugiarazi dit, eta zer?»