Iradokizunak
27.05.2025
Egunero, 300 hematie kontzentratu, 35 plaketa kontzentratu eta 25 plasma kontzentratu inguru isuraldatzen dira Euskadin. Era berean, immunoglobulina eta albumina bial ugari jartzen dira (horiek ere plasmatik lortzen dira). Horrek funtziona dezan, 400 odol-emate inguru behar dira egunero. Emateei esker, erreserba-maila egokiak egon daitezke, ospitaleek beren jarduera egin dezakete eta pazienteek tratamendua jaso.
Hala, IMQ Taldea, egoera horretaz jabetuta, eta gizartearekiko konpromisioaren estrategiaren barruan, hilaren 22an jendeak nahita eta eskuzabaltasunez odola emateko deialdia egin zuen, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroaren (TGEEZ) helburuak lortzen laguntzeko. IMQ kliniketako Hemoterapia Batzordeak sustatutako ekimenaren barruan eta IMQ-ko Analisi Klinikoen laguntzarekin, IMQ Zorrotzaurre klinikako beheko solairua odola emateko gune bihurtu zen, TGEEZen erreserbak handitzeko eta herritarrak sentsibilizatzen eta mobilizatzen laguntzeko.
Emaitza: arrakasta biribila. Goizeko lehen ordutik, Euskadiko ospitale-zentro pribatu nagusia den IMQ Zorrotzaurre Klinikako profesionalak eta erabiltzaileak odola ateratzeko prestatutako azpiegiturara bertaratu ziren. Zortzi ordu geroago, odol-emaileen eskuzabaltasunari eta ekimen horretan parte hartu zuten TGEEZko eta IMQko profesionalen lanari esker, 41 odol-emate lortu ziren, Euskadin egun horretarako behar ziren odol-behar guztien % 10 baino pixka bat gehiago.
Iñigo Salaverrik, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko Bizkaiko Odol Ematearen Sustapen arduradunak, hau adierazi du horren haritik: «IMQrekin lankidetzan odola emateko abiarazitako kanpaina nabarmendu eta eskertzen du Zentroak, zeinera maiatzaren 22an 51 pertsona hurbildu ziren eta 40 odol-emate lortu ziren».
Adituaren aburuz, kanpaina horiek,«gero eta gehiago behar dira» eta balio dute «komunitateko paziente guztiei arreta eman eta biziak salbatzeko ez ezik, herritarrak odol-osagaiak beti eta gero eta gehiago behar direla jabearazteko ere».
Odol-emaile guztiek egunero egiten dituzten odol-emateei esker, milaka pertsona salbatzen dira, eta hobetzen dituzte beren bizitzak egunero. Izan ere, odol-emate bakoitzetik hainbat odol-osagai lortzen dira, eta horiek, besteak beste, paziente onkologikoentzat, bihotz-kirurgietarako, zirkulazio-istripuetarako edota leuzemia dutenentzat erabiltzen dira, eta, era berean, odol-emateetatik bakarrik lor daitezkeen sendagaiak egiteko; horiek gabe milaka pertsonak, adibidez, hemofilia edo immunoeskasia primarioak dituztenek, ezin izango lituzkete aldizkako tratamenduak erabili.
«Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroaren eta IMQren arteko ituna, beste asko bezala, ezinbestekoa da osasun-sistema egokia izan dadin, hots, horretan gabeziarik egon ez dadin», azpimarratu du IñigoSalaverrik.
Zentzu berean mintzatu da Miguel Ángel Pérez Vaquero sendagilea, TGEEZko hematologoa, maiatzaren 22an odola emateko egindako kanpaina «bikaintzat» eta «arrakastatsutzat» jo baitu: «espero dugu ekimen hori kanpaina berrien eskutik sendotzea. Egunero, urte osoan, odola eta odol-osagaiak (plasmaren aferesia) ematea behar dugu, gure herritarren beharrei erantzun ahal izateko».
Carolina Cerrato sendagileak, IMQ-ko hematologoak, bestalde, gogorarazi du 18 eta 65 urte arteko edonor (lehen aldia bada) edo 70 urte artekoa (lehenago odola eman badu), 50 kilotik gorakoa bada edo sasoi onean badago, izan daiteke odol-emaile. Horretarako, nahikoa da adierazitako egunean agertzea odola ateratzeko gune batean, NAN, pasaporte, bizileku-baimen edo gidabaimenarekin.
«Emakumeek gehienez hiru aldiz eman dezakete odola urtean, eta gizonek, lau aldiz, betiere bi hilabeteko gutxieneko tartea errespetatuz odol-emateen artean. Prozesu osoak 30-45 minutu inguru irauten du, aldez aurreko osasun-elkarrizketa barne, zeinean tentsio arteriala eta hemoglobina-maila egiaztatzen diren, odol-emailearen eta jasotzailearen segurtasuna bermatzeko. Prozesu osoa arindu egiten da aurretik odola eman denean».
IMQ Zorrotzaurreren eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroaren arteko lankidetzak erakunde aseguratzaileak osasun publikoarekin eta ongizate komunitarioarekin duen konpromisoan du oinarria. «Odola ematearen aldeko lankidetza berezi horrek erakusten du osasun pribatuak eta publikoak elkarrekin lan egin dezaketela bion helburu baten alde: euskal herritar guztientzako bizi-tratamenduak bermatzea», amaitu du azaltzen Juana Amadozek, IMQ Zorrotzaurre Klinikako zuzendaritzako kideak.
Odola emateko irizipideak, odol-osagaiei buruzko informazioa eta odola emateko egutegia –egunak eta herriak–, hemen kontsultagai: www.donantesdesangre.eus.
IMQ Zorrotzaurre promueve para el Centro Vasco de Transfusiones de Euskadi una campaña de donación de sangre el 22 de mayo