Bilatu zure medikua (leiho berri batean irekiko da):

Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

IMQ Zorrotzaurre Klinikak asistentzia-ahalmena handitu du 25 milioi euroko inbertsioa egin ondoren

20.11.2025

IMQ Zorrotzaurre Klinikak asistentzia-ahalmena handitu du 25 milioi euroko inbertsioa egin ondoren

IMQ Zorrotzaurre Klinikak kapitulu berri bat idatzi berri du klinikaren asistentziaren historian, hirugarren solairu berri bat zabaldu baitu, 3.900 metro koadrokoa, ospitale-gunearen barruan. Une gogoangarri horrek klinika handitzeko proiektu handinahiaren (25 milioi eurotik gorako inbertsioa) gorengo maila markatu du, eta horren eskutik, klinikaren ahalmena nabarmen areagotuko da. Inbertsioak agerian jarri du IMQ-k apustu irmoa egin duela hazkundearen alde eta euskal osasun pribatuko klinika nagusiaren bikaintasun medikoa leku bakar batean biltzearen alde.

Duela urte batzuk hasitako eraldaketa

Zorrotzaurre Klinika handitzeko prozesua 2021eko martxoan hasi zen, IMQ-ko Administrazio Kontseiluak ekimena formalki onartu zuenean. Datozen bi hamarkadetarako aurreikusten dituen asistentzia-beharrei erantzuteko eta erreferentziazko zerbitzuak oinarrizko zentro bakar batean biltzeko sortua da ekimena, betiere, pazienteei arreta hobea emateko.

Lehenik, funtsezko fase bati ekin zitzaion, askorentzat ikusezina bazen ere: lehendik zegoen eraikinaren egitura indartzeari. 2021eko azarotik 2022ko amaierara bitartean, buru-belarri lan egin zen eraikinak izan zezan solairu osagarri oso bat jasateko adina ahalmena. Lehenengo fase kritiko hori amaitu ondoren, maila berriaren egitura eraikitzen hasi zen: handitzearen hiru fatxadak osatzen dituzten 63 zutabe eta habeei eta teilatuari eusten dieten barneko altzairuzko 47 zutabe.

Hirugarren solairua, iraultza asistentzia-arloan

Hirugarren solairu berria osasun-arretarako metro koadro bakoitza optimizatzeko antolamendu adimendunarekin diseinatu da. Ospitalizazio-gela berriak daude solairuan, eta, hala, klinikaren edukiera osoa 200 oheraino igo da, guztiak banakoak, handiak, eta telebistaz, bainugela propioz eta ospitaleratzean ahalik eta erosotasun handiena bermatzeko erosotasun guztiez hornituak.

Baina, agian, solairu berri horren elementurik nabarmenetako bat Endoskopia  Unitatearekin lotuta dago: erreferentziazko espazioa da, erabat hornitutako sei aretoz, endoskopia aurreraturako ebakuntza-gela espezifiko batez eta prozedura horietarako soilik diren 17 boxeko eguneko ospitale batez hornitua. Unitateak azken belaunaldiko garbiketa- eta desinfekzio-zirkuituak ditu, eta material garbiaren eta zikinaren fluxu bereiziak, interkonektatutako geletan; horrez gain, hodi endoskopikoen hornidura indartua du, prozesu bakoitzean ahalik eta segurtasun handiena bermatzeko.

Eguneko Ospitaleko boxak eta endoskopia-gelak elkarrengandik hurbil egon izanak eta jarduera handiago horretarako berariaz dimentsionatutako ekipamenduak eduki izanak, ugaritu egin dute unitatearen erabakitzeko ahalmena, eta aukera ematen dute itxarote-denborak nabarmen laburtzeko. Orain, pazienteek eskura dituzte prozedura azkarragoak, erosoagoak eta monitorizazio zehatzagodunak.

Hirugarren solairuan, halaber, estrategikoki hautatutako kanpo-kontsultak daude: urologia, ginekologia, talka-uhinak, digestio-aparatuko kirurgia orokorra eta kirurgia kardiobaskularra. Kontsulta horiek bildu izana ez da halabeharrezkoa, asistentzia-logika bati erantzuten baitio: kontsulten arteko denborak laburtzen ditu, espezialisten arteko koordinazioa hobetzen du eta erabaki kliniko bateratuak errazten ditu, eta, ondorioz, pazienteentzako diagnostikoak eta tratamenduak arinagoak dira.

Nazioarteko erreferentziazko Urologia

IMQ Zorrotzaurreko Urologia zerbitzua erreferente gisa finkatu da Estatuan eta nazioartean, bereziki zauri txikiko teknikei eta doitasun handiko kirurgiari dagokienez. Zerbitzuko espezialistak entzutetsuak dira mundu osoan eta eskarmentu handia dute teknika aurreratuetan; hala, zerbitzuak patologia urologikoen espektro zabal baterako konponbideak eskaintzen ditu, eta emaitza bikainak lortzen ditu.

Unitatea patologia onberez zein onkologikoez arduratzen da: prostatako arazoak, giltzurruneko edo maskuriko tumoreak, giltzurruneko harriak, gernu-ihesa edo disfuntzio sexualak, besteak beste. Metatutako esperientziak eta azken teknika kirurgikoetan etengabe eguneratzeak tratamendu eraginkorrak eta seguruak bermatzen dituzte, eta arrakasta-tasek herrialdeko onenen artean kokatzen dute zerbitzua.

Kirurgia robotikoa, doitasun milimetrikoa zure osasunaren zerbitzura

IMQ Zorrotzaurre Klinika aitzindaria izan zen Euskadin, Da Vinci sistemaren eskutik, kirurgia robotikoa txertatzen. Abangoardiako teknologia horrek goitik behera aldatu du ebakuntza kirurgiko konplexuak egiteko modua. 2.000 urologia-ebakuntza baino gehiago egin ditu arrakastaz eta urtero 100 kirurgia robotiko baino gehiago egiten ditu Zorrotzaurreko Urología Clínica Bilbaoko urologia-taldeak; hortaz, 20 urtetik gorako esperientzia du, eta horrek erabateko erreferentzia bihurtu ditu.

Kirugia robotikoa ez da esperimentala, inondik ere ez. Teknika segurua da, ederki egiaztatuta dago, eta abantaila nabarmenak ditu ohiko kirurgiaren aldean. Sistemak bereizmen handiko 3D ikusmena ahalbidetzen du, baita giza eskuaren berezko dardara ezabatzen duen doitasun milimetrikoa ere, eta horri esker, ebakuntzak zehatzagoak eta seguruagoak dira.

Abantailak nabarmenak dira pazienteentzat: zauri txikiko kirurgia denez, bizkorrago sendatzen dira, ebakuntza ondoko mina txikiagoa da, odol gutxiago galtzen da eta konplikazioak izateko arriskua txikia da. Prostatako kirurgiei dagokienez, teknika robotikoak nabarmen murrizten du sekuelak egoteko arriskua, hala nola erekzioaren disfuntzioa edo gernu-ihesa, pazienteen bizi-kalitaterako funtsezkoak direnak.

Zorrotzaurren Urologia kirurgia robotikoen kopuru handiena biltzen duen espezialitatea bada ere, teknologia hori ginekologian ere aplikatzen da patologia konplexuetan, hala nola organo pelbikoaren prolapsoan edo tumoreetan; toraxeko kirurgian, esaterako biriketako tumoreen erresekzioan; eta traumatologian, belauneko protesien kirurgiarako robot espezifiko batekin.

Plan osoa

Hirugarren solairua zabaldu izana Zorrotzaurre Klinika erabat eraldatzen ari den engranaje askoz handiagoko pieza bat baino ez da. Klinika handitzeko planak eraikineko solairu guztietan jarduketak egitea aurreikusten du, eta horietako bakoitzak helburu espezifiko bat du, osasun-ekosistema erabatekoa eta behar bezala koordinatua sortzen laguntzeko.

Lehenengo solairua erreferentziazko multzo kirurgiko bihurtuko da, bost ebakuntza-gela berri gehituko baitzaizkie lehendik dauden zortziei; hala, ebakuntza-ahalmena nabarmen handituko da. Solairu horren barruan, martxan jarri da jada Eguneko Ospitale mediko-kirurgiko berria. Handitze-lan horri esker, itxarote-denborak laburragoak izango dira eta paziente gehiago artatuko dira, eta ebakuntza orotan teknologiarik aurreratuena izango dute berme.

Beheko solairuan, kale mailan, Larrialdietako eremua berritu da jada, eta hurrengo urratsetan kanpo-kontsultak birbanatzeari ekingo zaio, pazienteen mugimenduak optimizatzeko eta esperientzia lehen unetik hobetzeko. - 1 solairuan, bestalde, laguntza-eremu kritikoak birmoldatzen ari dira; aldagelak, sukaldea, esterilizazioa eta biltegiak handitzen ari dira; eremu horiek guztiak ezinbestekoak dira klinikak erloju suitzar gisa funtziona dezan.

Halaber, klinikaren aurrean erositako espazioak (ia kanpo-kontsulta guztiak hartuko ditu) aukera emango du eraikin nagusian ospitale-erabileretarako lekua libre uzteko, eta, aldi berean, argi eta garbi bereizteko anbulatorio-zirkuitua eta ospitalekoa, pandemian zehar ikasitako irakaspena, kutsadura gurutzatuak saihesteko.

Etorkizunari begira dagoen eredua

IMQ Zorrotzaurre Klinika handitzeko proiektua ez dago bakartua; izan ere, Euskadin azpiegitura propioak ugaritzeko apustu irmoa duen eredu baten parte da.

Proiektuaren etorkizun-senak datozen 20 urteetako osasun-beharrak aurreikusten ditu. Etengabe bilakatzen ari den osasun-ingurune batean, non pazienteen itxaropenak ugaritzen ari diren eta teknologia medikoek oso azkar aurrera egiten duten, etorkizunerako dimentsionatutako instalazioak izatea jasangarritasunaren eta kalitatearen bermea da epe luzera.