Iradokizunak
19.05.2026
IMQ Zorrotzaurre Klinikak, Euskadiko ospitale pribatu nagusiak, odola eta odol-plasma emateko jardunaldia egin du; halaber, hezur-muina ere ematea sustatu du. Ekimen hori ospitale horretako Hemoterapia Batzordeak bultzatu du, Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroaren lankidetzarekin. Urtero, IMQ Zorrotzaurre Klinikak odola emateko hiru egun antolatu ohi ditu, eta konpromiso horren bidez premia biziko osasun-baliabide hori lortzen laguntzen du.
Odola ohiko osasun-prozesu askotarako ezinbesteko ehun konektibo likidoa da eta ezin da modu artifizialean lortu laborategian; beraz, ekintza altruista den odol-ematea da hura lortzeko metodo bakarra.
Aldez aurreko komunikazio kanpaina bati esker ─zeinean langileei mezu elektronikoak bidali zaizkien eta zentroko itxarongeletan eta korridoreetan kartelak jarri diren─, odola ematera hurbildu dira bai Klinikako langileak, bai erabiltzaileak eta horien senideak.
Odola emateko jardunaldiaren alderdi berritzaileetako bat izan da erauzketa-gunera hurbildu diren emaileen artean hezur-muina ematea sustatu dela. Hala, bertan egon diren medikuak eta bi erizainek azaldu dute prozedura hori, odoleko gaixotasunak (esaterako, leuzemia) dituzten pertsonen zelula gaixoen ordez emaileen zelula osasuntsuak jartzean datzana.
Zelula horiek, zelula-amak edo zelula pluripotente hematopoietikoak, giza gorputzeko hezur batzuen barruan daude, hala nola gandor iliakoen barruan (aldakako hezurra), eta horri hezur-muina esaten zaio.
Hezur-muina ematea lehentasunezko osasun-programa da Euskadiko osasungintzan, pertsona askok transplante bat behar baitute gaixotasuna gainditzeko eta bizitzen jarraitu ahal izateko.
Emaile izan nahi duenak, lehenik eta behin, informazio zehatza jaso behar du, eta informazio hori, esate baterako, Osakidetzaren Emailearen Gida izenekoan jaso dezake; aurrera jarraitu nahi badu, Osakidetzak prozedura erraza du zehaztuta, hots, izena eman beharko du emaile unibersal gisa berariazko web-orri batean.
Ondoren, hitzordua hitzartuko zaio Transplanteak Koordinatzeko Zerbitzuarekin edo Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroarekin, zalantzak argitzeko, odol-analisi bat egiteko eta baimena sinatzeko. Une horretatik aurrera, Josep Carreras Fundazioak kudeatzen duen Hezur-muineko Emaileen Erregistroan (REDMO, gaztelaniazko sigletan) sartuko zaio, hezur-muina behar duen munduko edozein pertsonaren eskura egon dadin.
Jardunaldiaz arduratzen diren osasun-profesionalek beste aukera bat proposatu diete emaileei, odol-plasma ematea, askok ez baitzuten aukera horren berri, ezta haren ezaugarrien berri ere.
Euskadiko Emaileen Elkarteak gogorarazi duenez, plasman —odolaren bolumen osoaren % 55 den likido gardena— globulu gorriak, globulu zuriak eta plaketak daude esekirik. Ura (% 90), gatz mineralak eta organismoari egoki funtzionantzen laguntzen dioten proteina ugari ditu plasmak.
Plasma bakarrik ematea edo “plasmaferesia” honetan datza: odola ateratzen da, odol-zelulak bereizgailu zelular baten bidez bereizten dira, plasma atxikitzen da eta gainerakoa emaileari bide beretik itzultzen zaio.
Plasmaferesiaren iraupena (45 minutu) ohiko odol-emate batena (20 minutu inguru, aurretiazko elkarrizketa medikoa barne) baino luzeagoa da.
Plasma gehiena ura denez, emailea oso azkar indarberritzen da; hortaz, plasma ohikoago eman ohi da. Hala, hilean behin eman daiteke, eta odola, berriz, lau hilabeteko tarteetan ematea gomendatzen da (urtean hiru aldiz).
IMQ Zorrotzaurre promueve para el Centro Vasco de Transfusiones de Euskadi una campaña de donación de sangre el 22 de mayo
La Clínica IMQ Zorrotzaurre logra 41 donaciones de sangre en ocho horas