Iradokizunak
05.07.2023
IMQ Zorrotzaurre Klinikak Joint Commission International-en laugarren birziurtapena lortu du oraindik orain: ospitale batek lor dezakeen munduko bikainena eta zorrotzena asistentziaren kalitateaz eta segurtasunaz. Ziurtapenak barne hartzen dituen estandar ugarietan duen bikaintasuna aintzat hartu zaio Klinikari, eta, gainera, Euskadin ziurtapen hori lortu duen lehena izan da. Gaur egun, EAEn, Zorrotzaurre Klinikak ez ezik, Deba Garaiko Ospitaleak ere du ziurtagiri hori, eta, horri esker, Europako lehena da pazienteen onurako segurtasun–neurrietan.
Joint Commission erakundeak osasun-ziurtagirietan esperientzia ugariena du munduan; izan ere, arlo horretako erakunde entzutetsuenetako bat da. Espainian hemeretzi ospitalek bakarrik dute ziurtapen hori, eta mundu-mailan erakundearen eskakizunak oso erakunde gutxik bete dituzte, hala nola, Clínica Mayo, Mount Sinaí edo Houstongo MD Anderson zentro ospetsuek.
Ziurtagiria berritzeko prozesua hiru urtez behin egiten da, eta IMQ Zorrotzaurre Klinikan zortzi egunez burutu da, zeinetan hiru kanpo-ebaluatzailek 1.400 estandar inguru betetzen direla egiaztatu duten. Horretarako, agiri asko berrikusi dituzte eta ospitaleko prozesu, instalazio eta asistentzia-zerbitzu guztiak ikuskatu, hala nola, multzo kirurgikoa, multzo obstetrikoa, jaioberrien unitatea, farmazia, hemodinamika-atala, eguneko ospitalea, bizkortzeko unitatea, zainketa intentsiboak, ospitaleratze-eremua, prebentzio-, kontrol- eta mantentze-sistemak, sukaldea, erradioterapia eta medikuntza nuklearra eta hornidura- eta erosketa-kateak.
Birziurtapenak, halaber, paziente ospitaleratu batzuk ere izan ditu xede: xehe-xehe aztertu dira paziente horien historia klinikoa, eta horien gaineko asistentzia-protokokoak betetzen diren egiaztatu. Prozesu horretan, profesional guztien –asistentziarekin loturikoak ala ez– lankidetza eta konpromisoa dira emaitza bikaina lortzeko elementurik garrantzitsuena eta nahitaezkoena.
Joint-ek pazientea prozesuaren erdi-erdian kokatzen du, eta ospitaleratzen denetik alta hartzen duen arte kudeaketa, kalitate, arreta eta segurtasunarekin loturiko alderdi guztiak ebaluatu ohi ditu. IMQ Kliniketako zuzendari Nicolás Guerra sendagileak adierazi duenez, “zerbitzuen kudeaketa eta asistentzia ez ezik, hainbat alde ere neurtzen dira, hala nola pazienteak behar bezala identifikatzen diren, profesionalen komunikazioaren eraginkortasuna, arrisku handiko medikazioaren segurtasuna, osasun-arretarekin loturiko infekzioen arriskua murrizten den edo erorikoek pazienteei eragindako lesioen arriskua txikiagotzen den; horiek guztiak pazienteen segurtasuneko nazioarteko helburuak dira, eta IMQ Kliniketan ezinbestekoak dira”.
Bestetik, Isabel Urrutiak, IMQ Kliniketako Pazienteen Kalitate eta Segurtasuneko zuzendariak, Joint Commission International-en kalitate-estandarra azpimarratu du: “pazienteak oinarri dituen helburuei dagokienez, alderdi hauek ebaluatzen ditu: arreta eskuratzeko aukera eta horren jarraitutasuna, ebaluazio- eta arretarako eskubideak, anestesia eta arreta kirurgikoa, sendagaiak maneiatzea eta erabiltzea eta hezkuntza. Izan ere, hezkuntzan pazienteak nahiz beren senideak kontuan hartzen dira, eta IMQn lan egiten dugunok garrantzi handia ematen diogu alde horri, horretatik prebentzio-maila handia ondorioztatzen baita”.
IMQ Zorrotzaurre Klinikako taldea 2010ean hasi zen lan egiten Joint Commission International (JCI) erakundearen segurtasun-estandarrak lortzeko, garai bateko Clínica Vicente San Sebastián klinikan kokatuta zegoenean. 2023an lortu zuen JCI ziurtagiria, eta hamar urtez, hiru urtean behin (2017-2020-2023), ebaluazioak izan ditu; hortaz, aurtengoa laugarren birziurtapena da.
Klinikak Aenor-en ziurtagiriak ere berritu ditu oraindik orain, kalitate-arauen arabera (ISO 9001:2015), pazienteen segurtasun-arauen arabera (UNE 179003:2013), ingurumen-arauen arabera (ISO 14001:2015), laneko arriskuen prebentzioaren arauen arabera (ISO 45001:2018) eta I+G+b arauen arabera (UNE-166.002:2021).
La Clínica IMQ Zorrotzaurre renueva la acreditación de calidad QH tres estrellas, la más alta posible
La experiencia en calidad y seguridad clínica de IMQ Zorrotzaurre referencia en el Congreso Nacional de SEMES
IMQ Zorrotzaurre, único hospital vasco que aúna seis certificaciones de calidad diferentes