Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Intentsitatea, iraupena eta arrazoia dira hiru eragile nagusiak tristura depresiotik bereizteko

11.01.2023

Intentsitatea, iraupena eta arrazoia dira hiru eragile nagusiak tristura depresiotik bereizteko
  • Tristura emozio bat da eta pertsonari lagun diezaioke egoera negatibo jakin batzuetara moldatzen; depresioa, aldiz, nahasmendu mentala da; ohikoena, osasun mentaleko patologien artean.

  • Kasu bakoitza zehatz-mehatz baloratu behar da. Osterantzean, erreakzio normal bat patologizatzeko arriskua dago, batez ere, tristura, depresioak eta tristurak antzeko elementuak dituztelako.

  • Psikoterapiak segurtasuna, konfiantza, elkar ulertzea eta laguntza emozionala ematen ditu. Pertsonaren jokabidea eta pentsamenduak aldatzen saiatzen da, aktiboki parte har dezan eta onera egin dezan.

 

Zein da tristura depresiotik bereizten duen marra?«Bien arteko ezberdintasun nagusiak intentsitatea, iraupena eta, batez ere, arrazoia dira», adierazi du Gasteizko IMQ Abendaño osasun-zentroko psikologo Aitziber Altuzarrak, urtarrilaren 13aren, Depresioaren aurkako Borrokaren Munduko Egunaren esparruan.

Adituak azaldu duen bezala, tristura gizakien emoziorik ohikoenetako bat da. «Gizakien berezko erantzuna da egoera negatibo jakinak gertatzen direnean (hala nola pertsona maite bat galdu izana, itxaropen batzuk bete ez izana edo gaixotasun fisiko bat edukitzea), eta erantzun horretan, mina hainbat modutan agertzen da: negarra, motibazio edo adore falta, jangurarik eza edo jarduerarik eza, besteak beste. Guztiok sentitzen dugu tristura noizbait, poza, beldurra edo haserrea sentitzen ditugun bezala. Baina tristura gehiegi luzatzen bada, pertsonak bere bizitzarekin aurrera egitea eragozten badu eta ondoez oso handia sortzen badu, depresiotzat joko da. Gertutasun hori dela eta, ezinbestekoa da tristuraren eta depresioaren arteko desberdintasunak ezagutzea eta ulertzea, kasu bakoitzari tratamendu egokia eman ahal izateko».

Depresioari dagokionez, Nahasmendu Mentalen Diagnostiko eta Estatistika Eskuliburuaren bosgarren edizioko (DSM-5) depresio nagusia diagnostikatzeko irizpideen arabera, gogo-aldarte depresiboak egon behar du egunaren zatirik handienean, baita jarduera ia guztietan interesik edo plazerik ez izatea ere (anhedonia), edo hori gutxitzea, gutxienez bi astez. Hori ez ezik, sintoma gehigarri hauetako bost edo gehiago ere egon behar dira: pisua edo elikadura-ohiturak aldatzea, loaren nahasmendua, asaldua edo geldotasun psikomotorra, pentsatzeko edo kontzentratzeko zailtasuna, nekearen sentsazio etengabea, errudun- edo gauzaez-uste ohikoak, eta heriotza edo ideiagintza suizidaren pentsamendu errepikariak.

Ezberdintasunak: tristura emozio bat da eta depresioa, nahasmendu bat

Bataren eta bestearen definizioetatik, hau ondoriozta daiteke: «tristura moldatze-funtzio funtzionala da, gogo-aldarte nahiko ohikoa eta iragankorra edo erreakzio bat noizean behingo gertaera bat gertatzen denean; depresioa, berriz, gogo-aldarte psikologikoaren nahasmendua da, eta horren alderdi ugarietako bat tristura da, besteak beste, apatia, larritasun, etsipen, antsietate eta anhedoniarekin batera; batzuetan, ageriko kausarik gabe. Hortaz, sintoma depresiboak dituzten pertsonak ondoez kroniko batean daude».

Bestetik, neuroirudiko hainbat teknikari esker, egiaztatu da depresioak aldaketa neuronalak eragiten dituela. «Depresioa duten pertsonen aktibazio neuronaleko maila  pertsona osasuntsuena baino txikiagoa da garuneko hainbat zonatan. Serotonina, norepinefrina eta dopamina mailak ere txikiagoak dira, eta horrek eragin zuzena du prozesu mentalen garapenean. Bestalde, pertsona tristeen aktibazio zerebralaren dinamiketan ez dira funtsezko aldaketak gertatzen eta horiek ez dira hain iraunkorrak izaten», azaldu du Arabako IMQ Abendaño osasun-zentroko psikologoak.

Luzaroko tristura depresio bilaka daiteke

«Tristura sentitu egin behar dugu, oraineko eta geroko egoera negatiboei aurre egiten lagun diezagun eta emozio negatibo horiek kudeatzeko baliabideak izateko», jarraitu du azaltzen Aitziber Altuzarrak. «Batzuetan, tristura-emozio hori larriagotu, areagotu eta luzatu egiten da. Horrelakoetan, tristura depresio bihur daiteke. Hori gertatzen da pertsona triste sentitzeaz gain, tristura horrek eguneroko jarduerak normaltasunez egiteko gaitasunean ere eragina badu».

Diagnostiko bereizgarriak duen garrantzia eta psikoterapiaren balioa

Adituak azaldu duenez, «litekeena da une jakin batean min emozionala duen pertsona batek profesional espezifiko baten laguntzarik behar ez izatea. Errutinara itzultzea eta haren laguntza-puntuak (lagunak, familia, etab.) nahikoak izan daitezke tristura-egoera gainditzeko. Baina depresio-kasu guztiak profesional batek tratatu behar ditu, hori baita diagnostiko egoki bat emateko, beharretara egokitutako terapia bat egiteko -berrizkatura saihestuko duena- eta, beharrezkoa izanez gero, psikofarmakoak hartzeko modu bakarra».

Adituaren aburuz, prozesua zenbat eta goiztiarrago detektatu, orduan eta azkarragoa izango da bilakaera. «Balorazioak zehatza izan behar du, bestela, bizi-erreakzio normal bat, tristura kasu, patologizatzeko arriskua dago, batez ere kontuan hartuta oso desberdinak diren arren, tristurak eta depresioak antzeko elementuak dituztela».

Psikoterapiak «segurtasuna, konfiantza, elkar ulertzea eta laguntza emozionala ematen ditu. Hainbat tresnaz baliatuta, pertsonaren jokabidea eta pentsamenduak aldatzen saiatzen da, aktiboki parte har dezan eta horren ongizatea hobe dadin. Beraz,

horrelako egoerarik gertatzen bada, garrantzitsua da profesional batengana jotzea ahalik eta azkarren eta hoberen eteteko, pertsonarentzat ikaskuntza izanik», amaitu du azaltzen.