Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Osasun Arreta leuntzeko Nazioarteko I. Biltzarrak IMQ Zorrotzaurre Klinikako ZIUren leuntze-plana saritu du

17.04.2019

Osasun Arreta leuntzeko Nazioarteko I. Biltzarrak IMQ Zorrotzaurre Klinikako ZIUren leuntze-plana saritu du

Valentziako La Fe Unibertsitate Ospitale Politeknikoak Osasun Arreta leuntzeko Nazioarteko I. Biltzarra (I Congreso Internacional de Humanización de la Asistencia Sanitaria) antolatu du oraindik orain, “Elkarrekin etorkizun berriak taxutzen” (“Diseñando Juntos Nuevos Horizontes”) ikurritzaz. Biltzar horretan Estatuko eta nazioarteko 350 aditu bildu dira, ospitale-ingurua leuntzeko azken joerak eta jardunbide hobeak aztertu eta aintzat hartzeko. Testuinguru horren barruan, “Proyecto HUCI: humanizando la asistencia en los cuidados intensivos de la Clínica IMQ Zorrotzaurre” (IMQ Zorrotzaurreko zainketa intentsiboen arreta leuntzeko HUCI proiektua) izeneko proiektuak komunikazio zientifiko onenaren saria jaso du, aurkeztu zirenen 90 artean.

IMQ Taldeko Kalitateko eta Pazientearen Segurtasuneko arduradun Isabel Urrutiaren hitzetan,“IMQ Zorrotzaurre Klinikako HUCI proiektua bat dator osasun-arreta pertsonalizatzeko gure filosofiarekin. Proiektu hori, 2016. urteaz geroztik, gure ospitaleko arlo eta kategoria profesional guztiak barne hartzen dituen arreta leuntzeko plan oso batean gauzatu da”.

Adituak zehaztu duenez, plana abiarazteko, “HUCI batzordea eratu zen, autoebaluazioa egin zen, autoebaluzio horren emaitzak paziente eta senideen bi foku-talderekin (focus group) erkatu ziren, egoera aztertu zen (kuantitatiboki eta kualitatiboki) eta, azkenik, ekintza-, ebaluazio- eta hobekuntza-planak sortu ziren”.

Biltzarrean egindako komunikazio zientifikoan, Isabel Urrutiak IMQ Zorrotzaurre Klinikaren HUCI Proiektua osatzen duten zazpi lan-ardatzak azaldu zituen kasu praktikoen bitartez.

Benetako hobekuntzak

IMQ Taldeko Kalitateko eta Pazientearen Segurtasuneko arduradunak azaldu duen bezala, zazpi ardatzek euskal ospitaleko osasun-arreta leuntzeko hainbat alderdiri heltzen diote, hala nola: “ateak zabaltzeko eta familiei informatzeko politikaren aldeko apustua; ospitaleko egonaldian pazienteen eta horien senideen erosotasuna aztertu eta hobetzea, hainbat ekimenen bitartez, esaterako, SueñOn proiektuaren (Investén-ISCIIIen ekimena) eta musika-terapiaren bidez; baita komunikazio klinikoaren eraginkortasuna eta familienganako komunikazioa hobetzeko protokolo berriak ere”.

HUCI proiektuaren eskutik IMQ Zorrotzaurre Klinikan hobetzeko ezarri diren beste alderdi batzuk hauek dira:“profesionalen akidura zaindu eta prebenitzea (kide guzti-guztiei zabaldutako hobekuntza-taldeetan parte hartzea, neke (burn-out) profesionalaren sindromaren aurka prestatzea, ZIUrako berariazko gainbegiralea sortzea…); eta unitate horretan egon diren pazienteengan ZIU osteko sindromea prebenitzea, esaterako, nahasmendu-sindrome akutua izateko arriskua txikiagotuz”.

Azkenik, planak bizitza bukaerako zainketak eta ospitaleko azpiegituren gaineko jarduerak ere barne hartu ditu, osasun-arreta leuntzeko prozesua errazteko.

Paziente pediatrikoak: “Ebakuntza-gelara autoz” ekimena

“Ebakuntza-gelara autoz” da IMQ Zorrotzaurre Klinikak, osasun-arreta leuntzeko planaren barruan, paziente pediatrikoentzat sortu duen beste ekimen bat. Ekimen horrek oso eraginkorra dela erakutsi du, tratamendu kirurgikoa behar duten haurrak ebakuntza-gelara lasaiago joatea lortzen baitu auto txikien bitartez. Auto horiek urruneko kontrolaren bidez gidatzen dira, eta bere gurasoengandik banatzen diren lekutik ebakuntza-gelaraino eramaten dituzte haurrak.

IMQ Zorrotzaurre Klinikak ekimen aitzindari hori martxan jarri izanak, ospitale publiko nahiz pribatu askok ekimen hori barne hartzeari bidea eman dio, onura ugari dakartzalako.

Biltzarrean, IMQ Zorrotzaurre Klinikako Kalitate arloko Amaia Urangak azaldu zituen osasun-arreta leuntzeko ekimen berri haren xehetasunak, eta horiek poster formatuko beste komunikazio zientifiko batean agertu ziren.