Bilatu zure medikua (leiho berri batean irekiko da):

Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

«Osasun pribatua eragile osagarria eta koordinatua izan daiteke eta izan behar du izurriteei aurre egiteko prestakuntzan»

23.12.2025

«Osasun pribatua eragile osagarria eta koordinatua izan daiteke eta izan behar du izurriteei aurre egiteko prestakuntzan»
  • Hauek dira egungo arrisku epidemiologiko nagusietako batzuk: jatorri zoonotikoko gaixotasun emergenteak, txertoen bidez prebenitu daitezkeen infekzioen berragerpena, mikrobioen aurkako erresistentzia, klima-aldaketaren eragina eta nazioarteko mugikortasun handia.

  • Esmeralda Santana doktoreak, IMQ Zorrotzaurre Klinikako Prebentzio Medikuntzako espezialista denak, adierazi duenez, «prebentzioan eta osasun-hezkuntzan inbertitzea segurtasunean, ongizatean eta etorkizunean inbertitzea da, gizatalde ahulenei arreta berezia eskainita, osasun-arrisku handiagoa dutelako, inor baztertuta gera ez dadin».

Nazio Batuen Batzar Nagusiak Izurriterik gertatuz gero prestatzeko Nazioarteko Eguna  ezarri zuen ─abenduaren 27a─, izurriteen prebentzioaren garrantziaz kontzientziatzeko eta haiei aurre egiteko prestakuntzaz eta lankidetzaz jabearazteko. Gobernuen arteko erakunde hark adierazi duenez, «gobernuen funtsezko zeregina eta erantzukizuna aintzat hartu behar ditugu, bai eta munduko osasun-erronkei aurre egiteko alderdi interesdunen ezinbesteko ekarpena ere».

Hori dela eta, IMQ Zorrotzaurre Klinikak, Euskadiko ospitale pribatu nagusiak, osasun pribatuak osasun-sistemaren barruan eragile osagarri gisa duen zeregina ere nabarmendu du. «Osasun pribatua eragile osagarria eta koordinatua izan daiteke eta izan behar du izurriteei aurre egiteko prestakuntzan. Hala, osasun-laguntza eman dezake gehiegizko lana dagoenean, kasuak jakinarazten lagun dezake, txertaketa- eta prebentzio-kanpainetan parte har dezake eta larrialdi-planetan esku hartu», azaldu du ospitale-zentro horretako Prebentzio Medikuntzako espezialista Esmeralda Santanak.

Prebentzioak, zaintzak eta gizarte-erantzukidetasunak duten garrantzian jarri du arreta espezialistak, etorkizuneko mehatxu infekziosoen inpaktua aurreikusteko eta minimizatzeko funtsezko euskarri gisa. Hala, gogorarazi duenez, izurriterik gertatuz gero prestatzea «osasun-sistemak eta gizarteak haiek aurreikusteko, garaiz detektatzeko eta horiei azkar erantzuteko duten gaitasun iraunkorra da, eragin sanitarioa ez ezik, soziala eta ekonomikoa ere minimizatuta».

Azaldu duenez, kontzeptu hori aitortuta badagoen krisi bati erreakzionatzea baino askoz gehiago da; izan ere, hauek behar izaten ditu: «plangintza, prestakuntza, zaintza, erakundeen arteko koordinazioa eta herritarrekiko komunikazio argia, batez ere mundu globalizatu batean, zeinean arriskuak etengabe sortzen ari diren».

COVID-19aren pandemiarekin duela bost urte izandako esperientzia aipatu du, eta osasun publikoa ulertzeko moduan hura “mugarri” izan zela dio. «Prebentzioa beti da erreakzio berantiarra baino eraginkorragoa eta merkeagoa», adierazi du Santana doktoreak, eta agerian utzi du «zaintza epidemiologikoko sistema sendoak, kontingentzia-plan eguneratuak eta frogatuak, eta ebidentzian oinarritutako komunikazio gardena izatearen garrantzia, gizartearen konfiantzari eusteko». Haren ustez, krisi hark agerian utzi zuen, gainera, «osasun publikoan egiturazko inbertsio egonkor handiagoa egiteko beharra, eta elkartasunaren balioa gizarte-eremu guztietan».

Espezialistak, halaber, egungo arrisku epidemiologiko nagusiez ohartarazi du. Arrisku horien artean, hauek aipatu ditu: «jatorri zoonotikoko gaixotasun emergenteak, txertoen bidez prebenitu daitezkeen infekzioen berragerpena, mikrobioen aurkako erresistentzia, klima-aldaketaren eragina eta nazioarteko mugikortasun handia, mundu-mailako osasun-desberdinkeriekin batera».

Prebentzio-medikuntza pandemiei aurrea hartzeko

Testuinguru horretan, Prebentzio Medikuntzak zeregin estrategikoa du. «Klinikaren, epidemiologiaren eta osasun-kudeaketaren arteko elkargunean jarduten du», adierazi du espezialistak; halaber, zehaztu du haren funtzioetako batzuk direla datuak aztertzea seinale goiztiarrak detektatzeko, agerraldien kontrola koordinatzea, prebentzio-protokoloak ezartzea eta osasun-agintariei aholkuak ematea. «Prebentzio-medikuntza sendorik gabe, agerraldiak berandu detektatzen dira eta okerrago kudeatzen dira», jakinarazi du IMQ Zorrotzaurreko espezialistak.

Izurrite bati aurrea hartzeko tresna nagusien artean, Santana doktoreak hauek nabarmendu ditu: zaintza epidemiologiko integratua —gizakiei, animaliei eta ingurumenari dagokiena, One Health-Osasun bakarra ikuspegiaren arabera—, osasun-informazio sistema arinak, txertaketa, profesionalen etengabeko prestakuntza, sektorearteko prestakuntza-planak eta diagnostikatzeko gaitasun azkarra. «Zaintzak prebentzioaren giltzarria izaten jarraitzen du; hori gabe ez dago aurrea hartzerik, erreakzionatu besterik ez», azpimarratu du.

Herritarrei dagokienez, adituak uste du pandemiaren aurretik baino kontzientziazio handiagoa dagoela gaur egun gizartean, baina haren hauskortasunaz ohartarazi du. «Eskura dagoen informazioaren mende dago hein handi batean, eta, batzuetan, hura egiaztatu gabeko iturrietatik dator, eta nekearekin edo segurtasun-sentsazio faltsu batekin bizi da», adierazi du IMQ Zorrotzaurreko prebentzio-medikuak. Hortaz, etengabeko osasun-hezkuntzaren beharra azpimarratu du. Izan ere, hobeto prestatuta egoteko oinarrizko ohituren artean, hauek aipatu ditu: «txertaketak egunean izatea, eskuen eta arnasbideen higienea izatea, infekzio-sintomekin espazio publikoetara ez joatea, iturri ofizialetan konfiantza izatea eta banakako prebentzioa babes kolektiboa ere badela ulertzea».

Nazioarteko egun hori dela eta, azken mezu gisa, Esmeralda Santana doktoreak hau azpimarratu du: «prebentzioa babes-tresna eta erantzukizun partekatua da; izurriteak ospitaleetan ez ezik, kontzientzia kolektiboaren, zientziarekiko konfiantzaren eta osasun publikoarekiko konpromisoaren bidez ere ekiditen dira». Horren harira, hau ondorioztatu du: «prebentzioan eta osasun-hezkuntzan inbertitzea segurtasunean, ongizatean eta etorkizunean inbertitzea da, gizatalde ahulenei arreta berezia eskainita, osasun-arrisku handiagoa dutelako, inor baztertuta gera ez dadin».