Iradokizunak
13.02.2024
Otsailaren 14a, san Valentin eguna, edo “maiteminduen eguna” izenez ezagutzen denez, maitasuna eta adiskidetasuna ospatzen ditu urtero. Hala ere, txanpon bat balitz bezala, maitasun horrek (aurrealdea), badu atzealdea (desamodioa). Zorionez, bikote-harreman batean san Valentinek mirariak egiten jarraitu ezin badu, psikologia eta psikiatria lagungarri izan daitezke bikote-terapiaren bitartez.
Estatistikako Institutu Nazionalaren (EIN) Estadística de Nulidades, Separaciones y Divorcios, hots, deuseztasun, banantze eta dibortzioei buruzko estatistikarenazken datuen arabera (2022koak), urte horretan 3.167 ezkontza desegin ziren Euskadin: 3.070 dibortzio, 96 banantze eta deuseztasun bakarra.
IMQ Amsako psikoterapeuta Juan Uribek adierazi duenez, «harreman bat krisian dagoenean, bikote-terapia egin daiteke; argi eta garbi erakutsi du horrek oso eraginkorra dela, horren eskutik kasuen %70 inguru nabarmen hobetzen baitira».
Horren haritik, Bosco Anguiano sendagileak, IMQ-ko psikiatrak, hau azpimarratu du: «bikote-arazoei, hala nola mendekotasun emozionalari, tratu txar psikologikoari, jeloskortasunari, bikotekide batengatiko krisiari edo beste batzuei bikoteentzako terapia psikologikoko hainbat motaren bidez hel dakieke, bikotekideen arteko komunikazioa hobetzen eta harremanaren bihozkadak, emozioak eta gatazkak kontrolatzen laguntzeko».
Terapia-mota horien artean, Anguiano doktoreak terapia sistemikoa jarri du adibide gisa, «familiaren eta bikotekideen arazoak konpontzeko gehien erabiltzen denetako bat», alegia. IMQ-ko psikiatrak adierazi duenez, terapia horren eskutik garrantzia ematen zaie harreman sozialei pertsonen bizitzan, eta pertsonaren inguruko beste batzuekin (bikotekidea edo senideak) batera egiten da.
Hala, terapia horren aburuz, pertsonek elkarrekin jokatzeko modua beren gizarte-ingurunearen funtzionamenduarekin lotuta dago, eta horrekin sistema bat sortzen da. «Pazientearen zailtasunak bere talde sozialetan zerbait txarto dagoenaren adierazgarri dira.Terapia horrek gure talde sozialarekin harremanak izateko modu berriak proposatzen ditu. Asmoa da gure harremanetan ondo ez dabiltzan dinamikei hautabideak bilatzea», azpimarratu du Bosco Anguianok.
Oro har, bikote-terapiak 6-9 hilabete iraun dezake, baina, «tamalez», askotan amaitu baino lehen uzten da bertan behera, bere ahalmena erabat garatu gabe; normalean, bikotekideetako batek banantzeko erabakia hartu duelako eta “dena saiatu” izanaren kontzientzia lasai izateko joan delako terapiara, edo harremana hain hondatuta dago, ezen bikoteak ez duen konpontzeko inolako itxaropenik ikusten. «Horregatik, terapiara jo behar da beranduegi izan baino lehen, eta urruntzea edo ezinikusia maitasuna edo bion proiektu bati eusteko gogoa bezain handiak ez direnean», agerian jarri du IMQ Amsako psikoterapeuta Juan Uribek.
Bikoteak okertzen joateko arrazoi ohikoenen artean, psikoterapeutak hauek aipatu ditu: «asperdura, seme-alabak jaio izana, laneko estresa, arazo ekonomikoak, jatorrizko familiekiko harremana, desleialtasunak, bizi-plan desberdinak edo sexualitateko arazoak».
Baterako terapian, bikotearen historia eta hasieratik bizi izan dituen zailtasunak aztertzen dira, egungo egoerara nola iritsi diren ulertzeko. Terapia-lanean komunikazioa hobetzea da helburua, enpatia sustatzeko eta bestea ulertzera iristeko, eztabaidatzen, erabakiak hartzen, itunak egiten edo barkatzen ikasteko.
«Halaber, hasieran ondo funtziona dezaketen baina luzarora enkistatzen diren eta sufrimendua sortzen duten interdependentzia-eredu patologikoak aztertu beharra dago (autoritarioa/otzana, idealizatua/laidotua, segurua/dudatsua, zaintzailea/behartsua, indartsua/ahula), baita nork bere familiarengandik dakartzan atxikimendu konplikatuak eta heziketa-balioak ere, ezinbestean, ezkontzan eta seme-alaben hezieran agerian jarriko baitira», azpimarratu du Juan Uribek.
Horri dagokionez, adituak esan du «funtsezkoa» dela jakitea pertsonaren nortasunaren beraren zein alderdik eragiten dion bikote-harremanari, zer eta nola hobetu jakiteko. «Zorrotzegia ala axolagabeegia, nartzisista ala dudatsua, lagunkoia ala herabea, gogotsua ala motela edo ausartia ala zuhurra izateak ezkontideen liskarrak eta urruntze emozionala baldintzatuko dituzte. Eta, era berean, ezkontide bakoitzak ulertu behar du bestearen alde batzuk ezin izango dituela inoiz aldatu eta, hortaz, badiren bezala onartu beharko dituela», adierazi du IMQ Amsako psikoterapeutak.
Bikotekideek «terapiaren bidetik ibiltzeko» ahalegina egiten badute, «beren arazoak konpontzeko aukera izan dezakete eta elkarrekin eta zoriontsu jarraitu urte askotarako». Eta bikotekideek banantzea erabaki badute, gomendatzeko modukoa da hainbat saio egitea, ahal den modurik zibilizatuen eta adiskidetsuen egin dezaten: «egoera horiek, askotan, gatazka handien iturri dira, eta horiek ezinikusia sor dezakete betiko, eta hori benetan penagarria da».
La receta del amor: las 4 “erres” para que una relación de pareja no fracase
Cada miembro de la pareja ha de tener su propio espacio, tiempo e intimidad para su desarrollo y crecimiento personal
Dos de cada tres parejas en crisis que acuden a terapia arreglan su situación