Iradokizunak
17.08.2026
Surne Bilbao taldeko jokalariak 2026-27 denboraldia hasi aurreko azterketa medikoak egiten hasi dira IMQ Alhóndiga zentro medikoko Kirol Medikuntzako Unitatean. Denboraldi berriaren hasierari berme handienekin aurre egiteko funtsezko urratsa da probak egitea.
Klubeko zerbitzu medikoek eta IMQ-ko espezialista-taldeak gainbegiratzen dituzten proba horien helburua da jokalari bakoitzaren balorazio osoa egitea eta lesioen prebentzioan zein kirol errendimenduaren optimizazioan lagunduko duen informazioa biltzea.
Lehen taldeko jokalari hauei egin zaizkie probak gaur, hain zuzen: Aleix Font, Bastien Bautier, Manex Ansorregi eta Ondrej Hustak, 22 urtez azpiko Urko Madariaga, Mikel Liñares eta Bingen Errasti jokalariekin batera. Bihar, jolakari hauen txanda izango da: Harald Frey, Margiris Normantas, Luke Petrasek, Nate Darling eta Dan Duscak, 22 urtez azpiko Aimar Mintegi eta Iván Montero jokalariekin batera.
Historia klinikoa, miaketa mediko orokorra, balorazio antropometrikoa, azterketa muskuloeskeletikoa eta errendimendu fisikoa egiaztatzeko hainbat proba biltzen ditu protokoloak, baita kirolariak kanpaina berri baten eskakizunei aurre egiteko baldintza egokietan daudela egiaztatzeko kontrol kardiologikoak ere.
“Urtero bezala, proba mediko batzuk egiten ditugu, denboraldi zorrotz bati aurre egiteko kirolarien osasun-egoera eta sasoia ebaluatzea helburu nagusia izanda. Azterketa horiek garrantzi itzela dute edozein anomalia detektatzeko eta, horrela, gertakari kardiologiko kaltegarriak izateko arriskua minimizatzeko, eta, aldi berean, profesionalen errendimendua optimizatzeko informazio baliotsua lortzeko”, adierazi du Markel Pérez doktoreak, IMQ Alhóndigako Kirol Medikuntzako Unitateko arduradunak.
Egindako proben artean, ergometria edo laktatoa neurtuz egiten den esfortzu-proba nabarmentzen da: tresna horrek aukera ematen du ariketa fisikoa egitean gorputzak ematen duen erantzuna aztertzeko eta kirol-plangintzarako parametro garrantzitsuak lortzeko.
“Lehenik eta behin, hainbat neurketa eta anamnesi egiten ditugu, ahalik eta informazio gehien biltzeko. Jokalarien aurrekariak eta horren jarduna baldintzatu dezaketen faktoreak aztertzen ditugu eta balorazio antropometrikoa egiten dugu, eta, azkenik, kirolariari esfortzu-proba inkrementala egiten diogu laktato-laginak hartuta, atletaren errendimendua zehatzago ezagutzeko”, azaldu du Pérez sendagileak.
Proba horiek egitea da Bilboko taldearen denboraldiaurreko lehen une garrantzitsuetako bat beste kanpaina bati ekin aurretik, taldekideak Espainiako eta nazioarteko saskibaloiaren mailarik gorenean lehiatuko baitira berriro.
IMQ-k, Kirol Medikuntzan espezializatutako unitateen bidez, buru-belarri jarduten du euskal kirolaren alde, eta, hala, talde profesionalekin lankidetzan ari da eta oinarrizko kiroleko eta ohitura osasungarriak sustatzeko ekimenak babesten ditu.
Konpainiak diziplina anitzeko talde bat eta baliabide diagnostiko aurreratuenak jartzen ditu kirolarien eta kluben eskura, osasuna zaintzen, prebenitzen eta kirol-errendimendua hobetzen laguntzeko.
El Bilbao Basket pasa sus reconocimientos médico-deportivos en la Clínica IMQ Zorrotzaurre
Bilbao Basket vuelve a confiar a IMQ la salud de los “hombres de negro”