Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Tabakismoa da biriketako minbiziaren hamar kasutatik bederatziren eragilea

09.09.2024

Tabakismoa da biriketako minbiziaren hamar kasutatik bederatziren eragilea
  • Tabakoa erretzen zenbat eta goizago hasi, orduan eta handiagoa izango da mendekotasuna, urte gehiagoz erreko da eta zailagoa izango da erretzeari uztea.

  • Beste neoplasia batzuk ez bezala, biriketako minbizia goiz detektatzea zailagoa da, tumorea estadio aurreratuan dagoenan hasten delako gaixoa sintomak nabaritzen.

Irailaren bigarren asteak, urtero, kontinentean Biriketako Minbiziaren Europako Astea gogora ekartzeko balio izaten du; zoritzarrez, heriotza-tasa handia duen tumoreetako bat baita. IMQ-ko pneumologo Julio Pérez Izquierdok gogorarazi duenez, «prebalentzia handiko beste tumore batzuetan ez bezala –hala nola bularrekoa, kolon eta ondestekoa eta prostatakoa–, zeinetan oso azkar murriztu baita heriotza-tasa detekzio goiztiarreko programa oso eraginkorren bidez, biriketako minbiziak gaur egun, gehienbat, fase aurreratuetan diagnostikatzen dira, eta, hortaz, horiek sendatzea oso zaila da».

Biriketako minbizia osasun publikoko arazoa da, datuek adierazten dutenez. «20 minuturo pertsona bat hiltzen da Espainian biriketako minbiziaren ondorioz, eta urtero 30.000 kasu berri diagnostikatzen dira. Intzidentzia eta heriotza-tasa handienak dituen tumoreetako bat da; izan ere, diagnostikoaren unean % 19ko biziraupen orokorra du bakarrik bost urtetara, eta, gaur egun, hamar pazientetatik biri bakarrik egin dakioke ebakuntza», adierazi du Pérez Izquierdo sendagileak.

Beste minbizi-mota batzuk ez bezala, biriketako minbizia goiz detektatzea zailagoa da, «tumorea estadio aurreratuan dagoenan hasten delako gaixoa sintomak nabaritzen». Estatistikek erakusten dutenez, gaixoen % 80 gizonak dira eta % 20, emakumeak, eta gehienei gaixotasuna hedatuta dagoenean diagnostikatzen zaie, eta horrek biziraupenaren emaitza txarrenetako bat dakar. «Pronostiko txar horren faktore nagusia da gaur egun biriketako minbizia diagnostikatu zaien 10 pazientetatik 2ri baino ezin zaiela ebakuntza egiten».

Sendatzeko tratamendu eraginkorrena kirurgia bidezko erauzketa da, baina hori egin ahal izateko tumoreak lokalizatuta egon behar du, hau da, gongoil linfatikoetara edo beste organo batzuetara zabaldu ez izana.«Kasu askotan diagnostiko berantiarra duenez, ez ohi dago lokalizatuta», adierazi du IMQ-ko pneumologoak.

Biriketako minbiziaren baheketak «egoera hori hobetuko luke», gaixotasuna goiz detektatzea  ahalbidetzen duelako eta, hala, heriotza-tasa murriztea. Hori dela eta, espezialistak azpimarratu duenez, «herritarrak jabearazi eta sentikor bihurtzeko kanpainak egin behar dira».

Tabakismoa, eragile nagusia

Biriketako minbizia garatzeko arrisku-faktore nagusia tabakismoa da; izan ere, kasuen % 90 eragiten ditu. Gainerako % 10a beste faktore batzuek eragiten dute, hala nola tabakismo pasiboak, egoitzetako gas radonaren eraginpean egoteak, asbestoak, ingurumen-kutsadurak edo beste kartzinogeno batzuek, baita familiako aurrekariek ere. Hau da, «tabakorik gabe, biriketako minbizia gaixotasun minoritario bat litzateke».

Erretzaile guztiek ez dute minbizia garatzen. Haatik, gaur egun ez dago gaixotasun hori zein pertsonak garatuko duen bereizteko teknikarik. «Biriketako minbizia garatzeko arriskua egunean erretzen den zigarro-kopuruarekiko eta erre den urte-kopuruarekiko proportzionala da. Tabakoa erretzen zenbat eta goizago hasi, orduan eta handiagoa izango da mendekotasuna, urte gehiagoz erreko da, eta zailagoa izango da erretzeari uztea», jakinarazi du IMQ-ko pneumologoak.

«Erretzeari uztean, biriketako minbizia garatzeko arriskua pixkanaka gutxitzen da, baina ez da parekatzen 20 urte inguru igaro arte erretzaile ez diren pertsonek duten arriskuarekin. Ez da ohikoa 50 urte bete aurretik biriketako minbizia garatzea. Horregatik, ez erretzea eta erretzeari uztea dira oraindik biriketako minbiziaren aurkako prebentzio-armarik onenak», azpimarratu du Pérez Izquierdo doktoreak.

Diagnostiko goiztiarra

XX. mendearen amaieran, New Yorkeko Cornell Unibertsitateko ikertzaile batzuek deskubritu zuten inolako sintomarik ez duten arrisku handiko pertsonengan (erretzaileak edo erretzaile ohiak, 55 eta 74 urte bitartekoak, egunean gutxienez 30 zigarro erretzeko aztura dutenak) toraxeko erradiazio-dosi txikiko OTA (TCBD) bat (eskanerra) eginez, tumore gaizto txikiak eta hedatu gabeak detekta daitezkeela, eta horiek behin betiko erauzi daitezkeela kirurgiaren bidez.

Teknika horren bidez detektatu ez balira, tumore gaizto txiki eta lokalizatu horiek ez ziratekeen nabarituko hedatu arte eta sintomak sortu arte, eta, hortaz, haien pronostikoa eta sendatzeko aukerak nabarmen okerragoak izango ziratekeen.

«Teknika horren eraginkortasuna frogatuta egonda, Espainian hori inplementatzeko dugun erronkarik handiena da behar bezala jakitea zein herritarrek duen arriskua, hau da,  55-75 urte bitarteko erretzaile aktiboak edo azken 15 urteetan zigarro-kantitate nabarmena erretzeari utzi dioten (egunean pakete bat 20 urtez) utzi dioten pertsonak identifikatzea. Funtsezkoa da hainbat autonomia-erkidegotan proiektu pilotuak abiaraztea, Estatuan hura gauzatzeko modurik onena aztertu ahal izateko», amaitu du azaltzen IMQ-ko pneumologoak.