Iradokizunak
20.02.2025
Kokleako inplanteek goitik behera aldatu dute entzumen-galera (hipoakusia) larria edo sakona duten pazienteen maneiua. Barne-belarrian ezarritako gailu elektroniko horiek gai dira soinu-uhinak bulkada elektriko bihurtzeko. Bulkada horrek entzumen-bidea estimulatzen du, entzumena berreskuratzen laguntzeko aldebiko entzumen-galera sentsorioneural sakona (gorreria) duten eta audifonoekin onura gutxi lortzen dituzten pertsonei. Kokleako inplanteek etengabe eboluzionatzen dute kalitate handiagoko entzumen-soluzioak eskaintzeko. Izan ere, azken ahaleginak koklean txertatutako elektrodoak hobetzean oinarritzen dira, soinuak modu fidagarriagoan transmiti daitezen.
Haatik, IMQ-ko Otorrinolaringologiako espezialista Iñigo Ucelay Gallastegui doktoreak Kokleako Inplantearen Nazioarteko Eguna –otsailaren 25a– gogora ekartzeko testuinguruan adierazi duenez, «bidean dagoen iraultza nagusia terapia genikoak dira: barneko belarria genetikoki aldatzea, alegia, jaiotzean falta diren eta gorreria eragiten duten proteinak garatzea ahalbidetuta. Duela gutxiko ikerlanek lortu dute gorreria sakona duten jaioberriek entzumena berreskuratzea, gailurik ezarri beharrik gabe».
Entzumena berreskuratzeko terapia genikoaren inguruan abian dagoen ikerketa guztia garatu eta osasun-komunitatearen eskura jartzen den bitartean, kokleako inplantea da onura gehien dakarren aukera.
Kokleako inplantearen jasotzaileek koklean edo, kasu batzuetan, entzumen-nerbioan izandako asaldu baten ondoriozko entzumen-galera izaten dute. Egoera hori sortzetiko edo ikasitako kausa ugaritan gertatzen da, zeinak mintzamena edo hizkuntza garatu aurreko, bitarteko eta ondorengo faseetan gerta daitezkeen.
«6 hilabetetik gorako haurrengan nahiz helduengan inplantatu daitezke. Horregatik, sortzetiko entzumen-galeraren baheketa-sistemak funtsezkoak dira jasotzaileak txiki-txikitatik detektatzeko», azaldu du adituak.
Azken urteotan, inplanteak egiteko indikazioak ugarituz joan dira prozesadoreen aurrerapenei esker. «Belarri bakarrean gorreria duten pazienteei inplante bat jartzearen onura frogatu da, edo estimulazio bimodalak egitearena, zeinetan belarri batean kokleako inplante bat eramaten den, eta bestean, audifono bat».
Entzumen-arazo larriak dituzten umeei txiki-txikitatik kokleako inplante bat jartzeak errazten die «entzumen-bideak eta -guneak ezin hobeto garatzea, hizkuntza-trebetasunak entzumen normala duten haurren erritmo berean garatzeko aukera emanda», argitu du IMQ-ko espezialistak. Aitzitik, diagnostikoa edo inplantea jartzeko erabakia atzeratzeak «hizkuntza eskuratzea baldintzatu dezake eta, beraz, baita pertsona horren garapen kognitibo eta soziala ere».
Hauek dira umeek eta helduek izan ohi dituzten onurak: «entzumen-trebetasunak hobetzea, hala nola hizketa ezagutzea, soinuaren jatorria zehaztea, entzuteko ahalegina murriztea eta entzumen binaurala berreskuratzea. Horrek guztiak bizi-kalitate handiagoa dakar, bai eremu sozialean eta pertsonalean, bai eskolan edo lanbidean», adierazi du Iñigo Ucelay Gallastegui sendagileak.
Hala ere, kokleako inplanteak kontraindikazioak ere baditu, eta, beraz, ezinbestekoa da kasu bakoitza arretaz aztertzea. Horien artean, espezialistak hauek aipatu ditu: «kokleako aldebiko agenesia (absentzia) duten sortzetiko malformazioak; entzumen-bidearen funtzionaltasunik eza; entzumen-galera zentrala eragiten duten gaixotasunak; eritasun psikiatriko larriak; anestesia osoko kirurgia kontraindikatuta duten gaixotasunak; inplantea egiteko motibaziorik eza; eta irizpide audiologikoak ez betetzea».
Alderdi horiei guztiei erantzuteko, diziplina anitzeko talde bat eduki behar da, klokeako inplanteko programa bat osatzen duten etapa guztiak modu koordinatuan betetzeko gai izango dena: hautaketa, kirurgia, programazioa, errehabilitazioa eta jarraipena.
Talde hori espezialista hauek osatzen dute: otorrinolaringologiako espezialistak, audiologiako teknikariak, audioprotesilariak, logopedak, eta neurofisiologiako, psikiatriako (edo psikologiako) eta erradiologiako espezialistak.
«Kokleako inplante bat egitea betiko kontua da, eta tratu eta jarraipen pertsonalizatua behar izaten ditu. Funtsezkoa da inplantea programatzeko eta familian, eskolan, ospitalean eta logopedia-unitateetan egingo diren errehabilitazio-lanak koordinatzeko bereziki prestatutako langileak izatea. Familiaren laguntzak, batez ere umeengan, erabakigarria izan daiteke. Gainera, kokleako inplanteak dituztenen elkarteek zabalkunde- eta laguntza-lan itzela egiten dute pazienteen eta horien senideen alde», amaitu du azaltzen IMQ-ko Otorrinolaringologiako espezialistak.
«Conviene descansar los oídos durante 18 horas tras un evento ruidoso y no escuchar música con auriculares más de una hora seguida»
IMQ destaca nueve mitos a desterrar sobre el cuidado de los oídos y los problemas de audición