Iradokizunak
30.04.2018
Erdiondoko depresioa gogo-aldartearen nahasmendu larria da, eta hori jasaten duten amek tristura handiko sentimenduak, antsietatea eta nekea dituzte; hortaz, ezin izaten dituzte eguneroko jarduerak, beren burua eta haurra zaintzekoak, egin. Erdiberrien % 15 ingururi erasaten die, eta haurra jaio aurretik edo ondoren has daiteke, oro har, aste bete edo hilabete igaro ondoren.
Sintomak askotarikoak direnez eta emakume bakoitzak bere moduan bizitzen duenez, zaila izaten da nahasmendua diagnostikatzea eta adore falta eta suminkortasun horrek laguntza psikikorik behar duen jakitea.
IMQ-AMSAko psikologo Itxaso Martínezek, nahasmendu horren gaineko zalantzak argitu ditu, munduko hainbat erakunde NBEk maiatzaren lehenengo asteazkena Amaren Osasun Mentalaren Eguna ezar dezan antolatzen ari diren mugimendua dela eta. Herritarrak amaren osasun mentalaren garrantziarekiko sentikor bihurtzea da helburua, gobernuek haurdunaldian eta umea jaio osteko lehenengo urtean gertatu ohi diren buru-nahasmenduak prebenitu, antzeman eta tratatzeko erabiltzen dituzten baliabideak hobe ditzaten.
Lehenik, hau argitu du adituak: “suminduta, adoregabe edo triste egotea normala izan daiteke, unearen intentsitateagatik edo erditu osteko zaurgarritasunagatik. Izan ere, emakumeen % 80 inguruk jasan dezake egoera hori, “baby blues” izenekoa, bizpahiru egunez”.
IMQ-AMSAko adituaren hitzetan, “erreakzio normala den edo erdiondoko depresioa den jakiteko adierazlerik fidagarriena iraupena da, hots, sintomek, tristurak, nekeak, akidurak, loezinak eta suminkortasunak erditu eta hamar egun ondoren badiraute eta erru edo jaioberria edo bere burua zaintzeko ezintasun ideiekin areagotzen badira. Hori guztia eskuliburu klinikoek jasotakoa da, baina kontuan hartu beharra dago emakume bakoitzak bere denborak dituela, eta neurtzaile hori beste batzuekin osatu behar dela (bizi-egoera, haurdunaldia nola bizi izan duen, erditzea, erdiondoa ,….).Eta beste sintoma batzuk ere hartu behar dira kontuan, hala nola, pisua asko galdu edo eskuratu izana edo kontzentratzeko eta erabakiak hartzeko gaitasuna txikiagotu izana”.
IMQ-AMSAko psikologoak azaldu duenez, “erdiondoko depresioa emakumeen % 5-10engan eta lehenerdien % 13rengan agertzen da”eta “adi egon behar da familian aurrekaririk dagoen, zeren eta kausa genetikoak egon baitaitezke, edo amak lehenago gogo-nahasmendurik izan duen”.
Espezialistaren aburuz, gizarte-faktoreek ere halako nahasmendua jasanarazi dezakete: “zailtasun ekonomikoak, semea/alaba nahi gabekoa izan bada edo erditzean konplikaziorik egon bada. Aldaketa hormonalek ere badute zer esan. Erditu ondoren, estrogeno eta progesterona-mailak azkar jaisten dira eta horrek garunean asaldura kimikoak eragiten ditu, eta lo egin eta atseden hartu ezinagatik horiek akidurari gehitzen bazaizkio, gaixotasuna agertzen lagun dezakete. Kontua ez da buruan zerbaitek huts egiten duela, egoera eta bizipen batzuek maila neurologikoan eragina dutela baizik”, adierazi du IMQ-AMSAko psikologoak.
Itxaso Martínezek azpimarratu duenez, emakume batzuengan alderdi honek ere eragina du: “amatasunaren eredua, ongizate eta zoriontasunarekin lotuta dagoena. Kontzeptu horrek ez du zaurgarritasuna barne hartzen, ezta emakume batek egoera berrira moldatzeko bizi izan behar duen prozesua ere, batzuetan errealitatearen aurkakoa. Esaterako, batzuetan emakumeak ezin izaten du titia eman edo semea/alaba zaintzen hainbeste denbora eman. Izan ere, errua da erdiondoko depresioaren faktore erabakigarrienetako bat”.
Tratamendua
Halaber, IMQ-AMSAko espezialistak hauxe azpimarratu du: “oso garrantzitsua da alderdi psikologikoari arreta jartzea, hau da, erdiondoko depresiodun emakumea bizitza-etapa hori nola bizi izaten ari den, eta behar denean bakarrik botika bidezko tratamenduari ekitea. Lehenik, psikiatrak kasua aztertuko du eta oso larria bada bakarrik, esate baterako, erdiondoko psikosia bada, eman beharko zaio medikazioa emakumeari. Depresio hutsa bada, psikoterapia erabili beharko da gehienbat”. Psikoterapia pentsamendu, sentimendu eta jarrera horiei aurre egiten saiatzen da. “Emakumearen bikotekidearekin eta, batzuetan, gurasoekin, saioak egiten ditugu. Senideei emakumea tratatzeko jarraibideak ematen dizkiegu, eta emakume batzuek haurra ekartzen dute saioetara, horrekiko harremana hobetzeko”, amaitu du azaltzen.
Tratamendurik gabe, erdiondoko depresioak hainbat urte ere iraun ditzake, eta amaren osasunari ez ezik, haurraren zainketari, loari, elikadurari eta jarrerari ere erasan dakieke.