Iradokizunak
25.11.2026
Hainbat azterlanek, besteak beste, PISA txostenaren azken emaitzek, jendearen ahotan jarri dituzte, ikasleen errendimendu akademikoaren beherakadaren haritik, pantailen erabilerak hainbat gaitasunetan, hala nola irakurmenean, dituen ondorioak. Hala, etxean zein hezkuntza-eremuan, haurren eta nerabeen eskura teknologia berriak jarri izanak galdera ugari sortu ditu.
IMQ-k haurren eta nerabeen ohitura digital osasungarriak sustatzeko eta ongizate emozionala babesteko sortu duen ‘Konektatuta haztea, babestuta haztea’ ekimenaren esparruan, Euskadiko osasun-aseguratzaile nagusiko espezialistek agerian utzi dute egoera hura beren kontsultetan.
Izan ere, Begoña Seguínek, IMQ Medikosta Algorta (Getxo) eta IMQ Alhóndiga (Bilbao) zentroetako psikologoak, hau azaldu du: «haurtzaroan edo nerabezaroan gailuak neurriz gain erabiltzeak zerikusi handia izan dezake arreta- eta kontzentrazio-zailtasunekin». Argitu duenez, «eduki digitalek estimulu azkarrak eta etengabeak sortzen dituzte, eta irakurtzeak, ikasteak edo entzuteak, berriz, arreta luzaroan izatea behar izaten dute. Hortaz, ezinbestekoa da haurrek jarduera patxadatsuagoak egiteko aukerak izatea, pazientzia, kontzentrazioa eta arreta izateko gaitasuna gara ditzaten, esate baterako, koloreztatzea edo eskulanak».
Horren haritik, IMQ-ko pediatra Jesús Rodríguez Ortiz doktoreak hau azpimarratu du: «ikasteko onena harreman pertsonala eta presentziala da. Ikasketarik sakonena da, geruza gehien dituena». Dioenez, «liburuak aukera ematen du aukeratzeko, hots, norberak nahi dituen irudiak irudimenean sortzeko, pantaila digitalen bidez inposatutako irudiak irentsi beharrean. Irakurketak pentsamendua eta askatasuna garatzen ditu».
«Liburuek eta irakaskuntza presentzialak askoz joritasun sentsorial eta kognitibo handiagoa dakarte», gaineratu du pediatrak. «Pantaila digitalek ikaskuntza azalekoagoa eragin ohi dute; pantailek seinaleak bidaltzen dizkiote garunari, askotan, loturarik gabeko datuekin, eta ez dute ezagutza sortzen, zorabioa baizik», azaldu du.
Pantailek, ordea, onurak ere ekar ditzakete haurtzaroan, hezkuntza-baliabide jakin batzuk eskuratzeko, ezagutza berriak ezagutzeko eta trebetasun digital jakin batzuk garatzeko aukera ematen baitute. «Hala ere, oreka aurkitu beharra dago», adierazi du Begoña Seguinek. «Haurrek beren denboraren zati handi bat eduki digitalak kontsumitzen igarotzen badute, aukera gutxiago izango dute sormena eta irudimena jolas librearen bidez garatzeko eta beren ingurunearekin esperimentatzeko. Bizitzako lehen urteetan, funtsezkoa da txikiek esploratzeko, beren jolasak asmatzeko eta beren kabuz entretenitzen ikasteko aukera izan dezaten», nabarmendu du.
Adituen aburuz, ikastetxeetan pantailak erabiltzea kontu eztabaidagarria da. Ikastetxe askok ordenagailuak, tabletak eta arbel digitalak ikaskuntzan txertatzearen alde egiten dute; sektore teknologikoko profesional batzuek, aldiz, seme-alabeei haurtzaroan gailu horiek erabiltzeko aukera murrizten diete.
«Deigarria da mundu teknologikoa hobekien ezagutzen duten pertsona batzuek beren seme-alabei pantailen erabilera murriztea erabaki izana eta bizitzako lehen urteetan pantailen erabilera erabat murrizten duten ikastetxeak aukeratu izana. Jokabide horrek pantailak noiz eta nola sartu behar ditugun gogoeta egitera bultzatzen gaitu», azaldu du IMQ Medikosta Algorta eta IMQ Alhóndiga osasun-zentroetako psikologoak. «Lehen urteetan, haurrek jolastu, esperimentatu, mugitu eta beste pertsona batzuekin harremanak izan behar dituzte. Teknologia hezkuntza-tresna baliagarria izan daiteke, baina ez lituzke inoiz ordezkatu beharko garatzeko funtsezkoak diren esperientziak».
Adituek gomendatzen dutenez, zentzu komuna eta heziketa digitala bizitzako lehen urteetatik irakatsi behar dira, eta gurasoei funtsezko zeregina dagokie, nahiz eta argi dagoen ez dela beti erraza pantailen erabilera kontrolatzea. «Gailuak oso presente daude gure eguneroko bizimoduan, eta mugak jartzea zaila izan daiteke eta gatazkak sor ditzake, batez ere haurrak pantailak erabiltzera ohituta daudenean. Horregatik, arauek argiak, koherenteak eta adin bakoitzera egokituak izan behar dute», zehaztu du Begoña Seguínek.
«Kontua ez da soilik konektatuta ematen duten denbora kontrolatzea, baizik eta haiekin batera ikustea, kontsumitzen dituzten edukiak ezagutzea eta teknologia modu arduratsuan erabiltzen pixkanaka irakastea. Gainera, helduok geure ohiturez jabetu behar dugu, haurrek asko ikasten baitute ikusten dutenetik, imitazioz», erantsi du.
Hainbat ikerlanek ebidentzia zientifikoz agerian jarri dute gailu elektronikoak erabiltzeak, batez ere lo egin aurretik, haurren eta nerabeen loaren kalitatean ondorio kaltegarriak izan ditzakeela. Halaber, sare sozialek nork bere burua beste pertsona batzuekin etengabe konparatzera bultza dezakete, eta, ondorioz, segurtasun falta, frustrazioa edo gogobetetze eza sentiarazi. «Ulertu beharra dago adingabe guztiek ez dutela modu berean erreakzionatzen estimulu beraren aurrean, baina arreta jarri behar diegu haien gogo-aldartearen aldaketei, atseden ohiturei eta harreman sozialei. Ongizate digitala osasun mentalaren parte ere bada».
Horren harira, Interneteko arrisku nagusietako bat da ume eta nerabeek zenbait eduki eskura ditzaketela oraindik behar bezala ulertzeko heldutasun nahikorik izan gabe, hala nola indarkeriazko argazkiak, argazki sexualak, gorroto mezuak edo ziberjazarpen egoerak. «Horrelako esperientziek nahasmena eta beldurra ekar dezakete edo autoestimuari eta egoera jakin batzuk hautemateko moduari eragin diezaiekete, eta informazio okerra edo partziala jasotzeko arriskua ekar dezakete. Horregatik, gurasoen zeregina ez da erabilera-denbora kontrolatzea besterik izan behar, zeren eta seme-alabek zein eduki kontsumitzen duten eta Interneten norekin harremanetan jartzen diren jakin behar baitute».
Horielakoetan, gurasoek eta hezitzaileek arreta jarri beharko diete zerbait ondo ez doala adierazten duten seinaleei. «Erne egoteko modukoa da, esaterako, haurrak pantailak beste jarduera bat bezala erabiltzen ez badu eta etengabe behar izaten badu. Adibidez, gailu bat itzali behar izatean biziki haserretzen bada, lehen egiten zituen beste jarduera batzuk baztertzen baditu edo konektatuta egoteagatik erantzukizunak alde batera uzten baditu», ohartarazi du Begoña Seguínek.
Era berean, harremanak Internet bidez soilik izatea nahiago duen edo konektatuta ematen duen denbora kontrolatzeko zailtasunak dituen ere aztertu behar dira. «Pantailen erabilera-ordu kopuruari erreparatzea baino garrantzitsuagoa da ohitura horrek haurraren eguneroko bizitzan duen eraginari erreparatzea», amaitu du azaltzen IMQ-ko psikologoak.
Familiei seme-alaben ikaskuntza osasungarria errazten laguntzeko, IMQ-k ‘Konektatuta haztea, babestuta haztea’ jarri du abian: haurren eta nerabeen ongizate emozionalean eta teknologiarekiko harreman osasungarria sustatzean oinarritutako prebentzioko ekimen berria.
Ekimen hori “Lehenengoa, prebenitzea” izeneko prebentzio-proiektu integral baten parte da. Proiektu hori IMQ-k, Euskadiko osasun-aseguratzaile nagusiak, bultzatzen du, kontzientziazioaren eta laguntza profesionalaren bidez, kontzientziazioa, autozaintza eta bizi-kalitatearen hobekuntza sustatzeko
Haurren eta gazteen osasun mentalaren esparruan, informazio praktikoa eskaintzen du pantailen, bideojokoen eta sare sozialen erabilera arduratsuari buruz, baita balizko alarma-seinaleak antzemateko eta bizitzako lehen etapetatik ohitura digital orekatuak bultzatzeko orientabideak ere. Informazio guztia, hemen eskuragai: ‘Konektatuta haztea, babestuta haztea’, IMQren Canal Salud kanalaren barruan.
IMQ activa una nueva estrategia de divulgación en prevención para mejorar la salud de sus clientes
El 93% de los adolescentes vascos utiliza redes sociales y 3 de cada 4 usan tres o más plataformas