Bilatu zure medikua (leiho berri batean irekiko da):

Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Zertan datza pertsona maite bat hil ondoko dolua?

30.10.2017

Zertan datza pertsona maite bat hil ondoko dolua?

 

Urtero bezala, Santu guztien Eguna iritsia da, eta guztiok ditugu gogoan gure artean ez dauden pertsona maiteak. Bizitza galerez eta banantzez beteta dago, gertuko pertsona baten galera, pairatzeko zaila izaten da beti. Dolua galera horren ondoko igarotzea da, eta gehienetan, ohiko prozesua izaten da, heriotza saihetsezina dela naturaltasunez onartzen baita.

Juan Uribe IMQ AMSAko psikoterapeutak azaldu duenez, ohiko doluan, “sinesgaiztasuna, nahastea,  tristura, haserrea, alhadurak eta hildakoaren mira sentitzen dira, besteak beste, baina, pixkanaka, egoera berria onartzen da, galeraren mina egiten eta bizimodu berrira moldatzen da, hildakoa gabe, eta horretarako, aurrera jarraitzeko ilusio eta motibo berriak aurkitu behar izaten dira”. “Minik gabe joandako pertsona horrengan pentsatu edo horretaz mintzatzea gai denean pertsona batek gainditu egin duela esaten dugu”, adierazi du.

IMQ AMSAko espezialistak adierazi duen moduan, badaude, ordea, dolu patologikoari (edo arazotsua edo luzatua) aurre egiten dioten pertsonen kasuak psikoterapian. Egoera horietan, pertsonak ez du galera onartzen, ez da hori gainditzeko gai, eta bere pairamena kroniko bihurtzen da. Depresioa, larritasuna, loezina, amesgaiztoak, presentzia-sentsazioak, flashback-ak, norberaren buruarekiko gaitzespenak, anbibalentzia, pentsamendu intrusiboak, apatia, nekea, isolamendua eta etsipena ager daitezke, besteak beste, zeren eta dolua pertsonala eta bakarra baita”, azpimarratu du Juan Uribek.

Horiek horrela, hauxe dio: “bi pertsonek ez dute erreakzionatzeko modu bera galera beraren aurrean. Batzuetan, pertsona batek ez du sufritzen, ez du negar egiten, ez du ezer sentitzen, blokeatuta geratzen da. Litekeena da aldez aurretik bere dolua egin izana, gaixotasun luze baten ondoren aurrez ikusteko modu heriotza izan bada; edo dolu ezkutatua izan daiteke, zeinean pertsonak mina beste modu batean adierazten duen, esaterako, gorputzaren bidez, gaixotasun somatiko baten bitartez. Edo gerta liteke pairamena “izoztuta” edukitzea, eta depresioa galera igaro eta denbora asko igaro ondoren gertatzea, hots, dolu atzeratua deritzona”.

Halaber, IMQ-ko espezialistak hauxe zehaztu du: “arrisku-faktore batzuek errazten dituzte dolu arazotsuak: hildakoa umea bada, hildakoak bere burua hil badu, heriotza bortitza edo ustekabea izan bada edo gorpua agertzen ez bada. Egoera horiek oso zailak dira gainditzeko. Era berean, egoera berrira moldatzea zailagoa izango da, atsekabetuak depresio aurrekariak baditu, beste galera esanguratsu batzuen historiala badu, hildakoarekin harreman anbibalentea edo mendekotasun handiegia izan badu eta gizarte- eta familia-laguntza-sare txikia badu”.

Noiz jo kontsultara?

Dolu arazotsuetan, terapiara joatea gomendatzen da, terapeutak pertsonari galera hori onartzen lagun diezaion, baita sufritzen duen mina adierazten eta, pixkanaka eta presarik gabe, pertsona maite hori gabe bizitza onartzen ere, bizipen onak gordetzeko tokia aurki dezan baina, aldi berean, bizitzarekin eta bizitzen jarraitzeko gogoarekin berriro konekta dezan. “Helburua da bizitzan hilda ez geratzea, aurrera jarraitzea baizik, zeren eta  pertsona maite bat joaten denean, gure zati bat eramaten baitu berekin, hutsik geratzen baikara, eta hutsune hori alderdi indargarri berriekin bete behar dugu”, adierazi du IMQ AMSAko adituak.

Taldeko terapia ere oso baliagarria da, egoera berean dauden pertsonek laguntza-sare indartsuak sortzen dituztelako, eta horietan enpatiak funtsezko zeregina du. Garrantzi handia du gogoraraztea atsekabetuaren denborak errespetatu behar direla. Batzuek pertsona maitearen oroimenari tinko heltzen diote, hori ahazten eta bizitza berregiten badute traizionatuko dutela uste baitute, eta ez ditugu egoera gainditzera edo animatzera behartu behar, horiekin egon behar dugu eta behar adina denbora eman behar diegu, presionatu gabe”, adierazi du.

Azkenik, IMQ-ko espezialistak hauxe gogorarazi du: “sufrimendu handia eta paralizatzailea ez da heriotza bategatik bakarrik sentitzen, askoz gauza gehiagorengatik gertatu ohi da: bikote-hausturan bikotekidea galtzeagatik, erretretan lana galtzeagatik, migrazioan herrialdea galtzeagatik … Galera horiek oso mingarriak dira, baina probatu egiten gaituzte eta, dolutik egoki igarotzen bagara, indartsuago ere irten gaitezke eta bizitzari zentzu berria aurki diezaiokegu”.