Bilatu zure medikua (leiho berri batean irekiko da):

Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

24 urtetik beherako hiru emakumeren artean batek gernu-infekzio errepikatuen gertakari bat izan du

07.11.2025

24 urtetik beherako hiru emakumeren artean batek gernu-infekzio errepikatuen gertakari bat izan du
  • Horien artean, % 20-30ek bigarren infekzio bat izango du hurrengo sei hilabeteetan.

  • Arrisku-faktoreak aski ezagunak dira: sexu-harreman ugariak, umetoki barneko gailua (UBG) erabiltzea, espermizidak, haurduntza, menopausia, organo pelbikoen prolapsoa, gernu-ihesa eta diabetes mellitusa.

Bilboko Mediku Zientzien Akademiako Urologia eta Familia eta Komunitateko Medikuntza sailek Lehen mailako arretaren eremuan eguneratze ginekologiko eta urologikoari buruzko III. Jardunaldia egin dute oraintsu Bilbon. Ekimena osasun-profesionalentzat eta ikasleentzat antolatu da, eta Jardunaldiaren aurkezleak bi ataletako presidenteak izan dira, José Gregorio Pereira Arias eta José Manuel Llamazares doktoreak.

Emakumeen gernubideetako infekzio errepikatuak, pazientearen maneiua giltzurruneko koliko baten ondoren, beheko gernubideetako sintomak dituen paziente bat urologoarengana noiz bideratu eta menopausiarekin lotutako beroaldien tratamendurako botika ez-hormonal berri bat merkatuan agertu izana gaiak jorratu zituzten Pereira Arias doktoreak, Clínica Bilbao-Clínica IMQ Zorrotzaurreko Urologia saileko buruak; Jorge Robalino Aldaz doktoreak, ospitale-zentro bereko urologoak; eta Borja Otero doktoreak, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko ginekologoak eta Instituto de Ginecología y Obstetricia Bilbao-Clínica IMQ Zorrotzaurreko ginekologoak.

Lehenengo hitzaldian, Pereira Arias doktorea bera mintzatu zen emakumeen gernubideetako infekzio errepikatuez. «Ohiko arazo bati buruz ari gara, prebalentzia handia duenaz; izan ere, hiru emakumeren artean batek infekzio bat izan du 24 urte bete baino lehen; eta % 20-30ek bigarren infekzio bat izango du hurrengo 6 hilabeteetan baino lehenago. Arazo soziosanitario nabarmena da, lan-absentismoa eragiten baitu, pazienteen bizi-kalitateari eragiten baitio, eta antibiotikoak bereizi gabe erabiltzeagatik bakterio-erresistentziak sortzeko arriskua eta gernu-sepsia izateko arriskua, gutxetxi behar ez dena, baitakartza berekin».

Gernu-infekzio bat errepikatutzat hartzen da baldin eta sei hilabetean bi kasu baino gehiago edo urtebetean hiru gertakari baino gehiago gertatzen badira. Gertakari gutxiago egonez gero, bakarka tratatzen dira, bereiz, beste edozein infekzio bezala.

Arrisku-faktoreak, adituak adierazi zuenez, «aski ezagunak dira: sexu-harreman ugariak, umetoki barneko gailua (UBG) erabiltzea, espermizidak, haurduntza, menopausia, organo pelbikoen prolapsoa, gernu-ihesa eta diabetes mellitus nonahikoa».

Diagnostikoa

Diagnostikoa urokultibo baten bidez egiten da, eta kasu horietan ohikoagoa da bazilo gramnegatiboak eta Escherichia coli ezaguna dauden egiaztatzea.

Batzuetan, espezialistak irudi bidezko probak egin behar izaten ditu, ekografia bidez gernu-harririk edo gernubideetako barne-estalduraren beste lesiorik (urotelio-lesioak) ote dagoen baztertzeko, koadro klinikoa errepikatua baita.

Tratamendua

IMQ-ko urologoak pazienteek kontuan hartzeko gomendio orokorrak ekarri zituen gogora kasu hauetan: «ez berandutu pixa egitea, koito aurretik eta ondoren pixa egitea, egunero likido ugari edatea, idorreria saihestea eta higiene genital egokia izatea. Garrantzitsua da baginako flora normala izatea eta gure laktobaziloak zaintzea, bakterioentzat deserosoa den ingurune azidoa sortzea ahalbidetzen baitute. Horrelako probiotikoak ahoz har daitezke edo modu lokalean jar daitezke».

Tratamendu terapeutikoan, biopresioa egiten da txoko ekologikoaren gainean: «horrek esan nahi du, besterik gabe, bakterioen presentzia eta atxikidura zaildu egiten dela ingurune uro-ginekologikoan».

Estrogenoen mendeko tumoreak izateko arriskurik ez duten menopausia osteko emakumeengan, espezialistek estriola (estrogenoen taldeko hormona sexual femenino bat) eman dezakete bagina barnetik «trofismo lokala hobetzeko, flora eta defentsa-sistema aktibo mantendu ahal izateko».

Pereira doktoreak, halaber, beste neurri bat adierazi zuen: bakterioak urotelio eta maskuriaren azaleran finkatzeko gaitasuna murriztea. Horretarako, hainbat produktu edo estraktu erabiltzen dira. «Ahabia gorriak aldizka jatean, substantzia batzuk askatzen dira, proantozianidinak (PAC), eta horiek gernu-gainazala estaltzen dute eta patogenoen itsaspena murrizten dute, eta, ondorioz, horrelako infekzioak errepikatzeko aukera. Merkaturatutako prestakin askok gernua azidotzen ere laguntzen dute, enterobakterio horien bizitza deserosoagoa eginez».

Beste egoera batzuetan, D-Manosa eman daiteke, zeinak zuzenean eragiten dien finbria horiei (bakterioen azaleko egitura haritsuak, bakterioei ehunetara eta haien artean itsastea ahalbidetzen dietenak), ezgaitu eta itsaskortasuna murrizteko. Prestakin horiek guztiak konbinatuta merkaturatzen dira, haien eraginkortasuna hobetzeko, eta ez dute albo-ondorio handirik», adierazi zuen Bilboko Mediku Zientzien Akademiako Urologia saileko presidente ere badenak.

Gutxiagotan, zunda uretral baten bidez, glikosaminoglikanoak instilatzen dira maskurian, kaltetutako gainazala lehengoratzeko eta bakterio patogenoen aurkako hesi-defentsa hobetzeko.

Eta prebentziozko azken maila bat, IMQ-ko Urologoak adierazi zuen bezala, «pazientearen bakterioekin beraiekin garatutako autotxertoak, aldez aurretik identifikatuak eta kultibatuak, erabiltzea da, antigenoekiko esposizioa sudurrez edo ahoz egin ahal izateko 2 edo 3 hilabetez, bakterioen kolonizazio-ahaleginen aurrean jarduteko aukera ematen duten A immunoglobulinak gehituta, eta berrifekzioen kopurua murriztuta».

Neurri horien guztien azken helburua da bakterioek hainbat bideren bitartez gernubideak kolonizatu, horietara itsatsi eta horietan irautea eragoztea; baina batzuetan, porrotaren aurrean, antibiotikoak erabiltzea da aukera bakarra. «Horrelakoetan, dagokion germenari egokienak zaizkionak eta toxikotasun eta erresistentzia-arriskurik txikiena dutenak hautatzen dira. Infekzioak sexu-harremanekin zerikusia badu, koito aurreko eta osteko monodosiak erabiliko dira. Errezidiba maiz gertatzen bada, sei hilabetez, edo denbora luzeagoz, gaueko dosiak erabiliko dira. Garrantzitsuena, monitoriazio egokia eta jarraipena egitea».

Bakterioak badaude sintomarik egon gabe

Azkenik, Pereira doktoreak ahotara ekarri zituen pazienteek sintomarik izan gabe gernu-kultiboetan bakterioak dituzten kasuak. «Sintomarik gabeko bakteriuria izenez ezagutzen da eta ez da antibiotikoekin tratatzen, egoera hauetan izan ezik: germenak ezohikoak badira, pazienteak haurdun badaude, inmunodeprimituak badira, kortikoide bidezko tratamendua jasaten ari badira, diabetes mellitusa badute edo gernubidearen instrumentazioa badago», adierazi zuen.

Lehen mailako arretaren eremuan eguneratze ginekologiko eta urologikoari buruzko III. jardunaldiak Astellas Pharma-ren laguntza izan zuen.