Iradokizunak
05.11.2026
Espainiako 12 eta 17 urte arteko nerabeen % 86k eta 6 eta 11 urte arteko haurren % 84k bideojokoak erabiltzen dituzte. Hala jaso du Bideojokoen Espainiako Elkarteak (AEVI, gaztelaniazko sigletan) egindako Bideojokoen Industriaren Urtekariak (2025). Horren arabera, bi adin-tarte horietako jokalariak bost milioi baino gehiago dira: bideojokoen kontsolak % 71k eta % 75ek erabiltzen dituzte, hurrenez hurren; telefono mugikorrak eta tabletak, % 72k eta % 76k.
Bideojokoek adingabeen eguneroko bizitzan duten presentzia erakutsi dute ehuneko horiek, eta erronka berriak mahaigaineratu dituzte familientzat. Aisialdirako modu onuragarria izan daitekeen arren, kontrolik gabe erabiltzeak eragina izan dezake atsedenean, ikasketetan, harreman pertsonaletan eta ongizate emozionalean.
IMQ Abendañoko Zentro Medikoko Psikologia arlokoek azaldu dutenez, «entretenimendu-mota hori neurriz erabiltzeak hainbat gaitasun garatzeko eta memoria-mota desberdinak suspertzeko balio du». Eta hau azpimarratu du: «jokoa ez da berez kaltegarria, jokoarekin sortzen den harremana baizik».
Zaletasun biziaren eta jokabide mendekotasun-sortzailearen arteko aldea kontrola galtzean eta eguneroko bizitzan dituen ondorioetan datza batik bat. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) bideojokoen erabilerak dakarren nahasmendua txertatu du Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenean.
Rebeca Saiz Mesa psikologoak, IMQ Amsako Patologia Dualeko Unitateko koordinatzaileak, azaldu duenez, portaera-adikzioak «zenbait jarduera edo jokabide errepikatu dira, hasiera batean sentsazio atseginak edo aringarriak sortzen dituztenak eta, aurrerago, kontrola galtzea ekarriko dutenak». Espezialistak ohartarazi du nerabeak «kolektibo bereziki kaltebera» direla.
Alarma-seinaleen artean, hauek nabarmentzen dira: partidak eteteko zailtasuna, suminkortasuna, beste jarduera batzuk egiteko interesik ez izatea, loaren nahasmenduak, errendimendu akademikoak behera egitea eta senide eta lagunengandik urruntzea.
Javier Goti doktoreak, IMQ Amsako haur eta gazteen osasun mentaleko espezialista den psikiatrak, adierazi du erabilera problematikoak «bakartzea eta gizarte-harremanak, jarduera akademikoak, jolas-jarduerak, osasuna eta higiene pertsonala alde batera uztea» ekar ditzakeela. Era berean, ohartarazi du jokabide horien atzean zailtasun emozionalak egon daitezkeela, hala nola antsietate edo depresio sintomak, adingabe batzuk bideojokoetan babestera bultzatzen dituztenak. Hala ere, gogorarazi du «sare sozialak eta online bideojokoak erabiltzea ez dela kaltegarria, baldin eta errealitatea ordezkatzen ez badute».
IMQ-ko espezialistek gomendatzen dute familiak adingabeek erabiltzen dituzten bideojokoez interesatzea, horien edukiak ezagutzea, haien adinera egokitutako denbora-mugak jartzea eta gizarte-harremanak, ariketa fisikoa eta atsedena dakartzaten jarduerak sustatzea.
IMQ Abendañoko Psikologia arlokoek, era berean, gomendatzen dute maiz bideojokoei buruz elkarrizketan aritzea, noizean behin partidetan parte hartzea eta gailuak etxeko espazio komunetan erabil daitezen saiatzea. Halaber, ausazko elementuak edo apustuak dituzten jokoei arreta jartzea, eta gurasoen kontrolerako eskura dauden tresnak erabiltzea.
Horren haritik, Rebeca Saiz Mesak hauen garrantzia azpimarratu du: «kultura-, kirol- eta aisialdi-alternatiben eskaintza, eta elkarrizketarako eta laguntzarako espazioak sustatzea, problematika horrek gizartean duen eragin itzela kontuan hartuta». Jokoa kontrolatzeko zailtasun iraunkorrak, bakartzea, familia-gatazkak edo asaldura emozionalak agertzen direnean, adituek balorazio profesionala eskatzea gomendatzen dute, kausak identifikatzeko eta esku-hartze psikologikoa behar izango den zehazteko.
Familiei erronka horiei aurre egiten laguntzeko, IMQ-k ‘Konektatuta haztea, babestuta haztea’ jarri du abian: haurren eta nerabeen ongizate emozionalean eta teknologiarekiko harreman osasungarria sustatzean oinarritutako prebentzioko ekimen berria.
Ekimen hori “Lehenengoa, prebenitzea” izeneko prebentzio-proiektu integral baten parte da. Proiektu hori IMQ-k, Euskadiko osasun-aseguratzaile nagusiak, bultzatzen du, kontzientziazioaren eta laguntza profesionalaren bidez, kontzientziazioa, autozaintza eta bizi-kalitatearen hobekuntza sustatzeko
Haurren eta gazteen osasun mentalaren esparruan, informazio praktikoa eskaintzen du pantailen, bideojokoen eta sare sozialen erabilera arduratsuari buruz, baita balizko alarma-seinaleak antzemateko eta bizitzako lehen etapetatik ohitura digital orekatuak bultzatzeko orientabideak ere. Informazio guztia, hemen eskuragai: ‘Konektatuta haztea, babestuta haztea’, IMQren Canal Salud kanalaren barruan.
El 93% de los adolescentes vascos utiliza redes sociales y 3 de cada 4 usan tres o más plataformas
IMQ activa una nueva estrategia de divulgación en prevención para mejorar la salud de sus clientes