Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Botika immunokonjugatu berriek ateak zabaldu dizkiote itxaropenari bularreko minbizian

18.10.2022

Botika immunokonjugatu berriek ateak zabaldu dizkiote itxaropenari bularreko minbizian
  • Sendagai immunokonjugatuak molekula-familia berria dira, eta azken urtean «oso emaitza onak lortu dituzte bularreko minbiziaren azpimota batzuetan», hala nola minbizi hirokoitz negatiboan eta HER2 izenekoan.

  • Estatuan, emakumeei diagnostikatu ohi zaizkien minbizien % 30 inguru bularretan sortzen dira. Bularreko minbizia garatzeko probabilitatearen arabera, 8 emakumeren artean 1ek garatuko du.

Euskadin bularreko minbizia arazo itzela dela kontuan hartuta –2006tik 2021era bitartean 11.000 kasu baino gehiago diagnostikatu ziren– eta urriaren 19an Bularreko Minbiziaren aurkako Borrokaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan, Ricardo Fernández medikua, IMQ-ko onkologo dena, itxaropentsu agertzen da: «arrazoi sendoak ditugu adierazteko emakumeentzat itxaropenez beteriko garaiak direla,  bularreko minbizian berrikuntza asko baitago, eta horien onurak laster iritsiko dira pazienteengana».

Berrikuntza horien artean, sendabideen barruan, onkologiako espezialistak ingelesez  ADC siglak dituzten (antibody-drugconjugate) botikak azpimarratu ditu. «Botika immunokonjugatuetan antigorputz monoklonal bat beste sendagai batekin (agente zitotoxiko bat) lotzen da lotura baten bidez: haiei antigorputz konjugatuak ere esaten zaie».

Adituak azaldu duenez, «farmako immunokonjugatuak molekula batzuk dira eta oso ekintza-mekanismo berria dute eta, horren bidez, molekula tumore-zelularen gainazalean finkatzen da; orduan, tumore-zelulak farmakoa barneratzen du, kimioterapia bidezko tratamendurako hainbat molekulaz beteta (zitostatikoak) doan antigorputz monoklonala, lotura baten bidez. Tumore-zelula horren barruan, kimioterapia askatzen eta nahi den efektu terapeutikoa lortzen laguntzen duten substantzia batzuk daude».

Botika immunokonjugatuak farmako-familia berria dira, duela gutxi agertu dira, baina azken urtean «oso emaitza onak lortu dituzte bularreko minbiziaren azpimota batzuetan».

Ricardo Fernández sendagileak hauxe azpimarratu du: «minbizi hirokoitz negatibo azpimotarako, antigorputz monoklonala dago, sacituzumab govitecan izenekoa, eta horrek emaitza oso onak lortu ditu, eta badago erabiltzeko prest, saiakuntza klinikoetan emaitza bikainak lortu baititu. Farmako hori bularreko minbizi hirukoitz negatiboan ez ezik, hartzaile hormonal positiboak dituen bularreko minbizian ere erabiltzen da, eta emaitzak onak ere lortu dira».

Bularreko minbiziaren HER2 azpimotarako badago beste botika bat, Trastuzumab Deruxtecan, eta horrek ere «oso emaitza onak lortu ditu. Badirudi beste farmako hori ere baliagarria dela HER2 ahul agertzen denean, ez bakarrik HER2 zelulak indartsu agertzen direnean. Eta azpimota horren barruan, HER2ren aurkako ahotik hartzeko farmako batzuk atera dira, eta horiek ere oso baliagarriak dira, batez ere garuneko metastasia dagoenean. HER2ren aurkako pilulak dira, eta horiek gero eta maizago erabiltzen ari dira».

Aurrekoaz gain, adituak azpimarratu du hasierako estadioetan ere «farmako berriekin tratamendu osagarriak egiteko estrategiak daude, eta horiek minbiziaren kirurgiaren ondoren gerta daitezkeen birgaixotze-kopurua ere murrizten dute».

Aurrerapenak diagnostikoan ere

Diagnostikoari dagokionez, espezialistak ikerketa akademikoko Solti talde kooperatiboaren lana eta haren HOPE proieketua nabarmendu  ditu. HOPE ikerlanaren asmoa da bularreko minbizi metastasikoa duten pazienteak ahaldutzea eta beren tumorea sekuentziatzeko aukera ematea eta odoleko biopsia likidoa egitea, ahal denean, haren profil genomikora egokitutako terapia bat gomendatzeko.

Kirola, aliatua, bularreko minbizia izanez gero

Espezialistak hau ere adierazi du: «ikerketa zientifikoek frogatu dutenez, kirol-jarduera maiz egiten bada, pazienteen biziraupena, bizi-kalitatea, tratamenduarekiko erantzuna eta horrekiko tolerantzia hobetuko dira. Gomendagarria izan daiteke gutxienez egunean 30 minutu inguruz egitea ariketa fisikoa; 20 minutuz, ariketa aerobikoa (ibiltzea, korrika egitea, igeri egitea, bizikletan ibiltzea, etab.) eta beste hamarrez, muskuluak indartzekoak (goiko eta beheko gorputz-adarrak, abdominalak, etab.)».

Bularreko minbiziaren garrantzia

Euskadin Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa abiarazi zenetik (2006tik 2021eko abenduaren 31ra), 11.313  minbizi detektatu dira, eta horietatik % 83,9ri tratamendu  kontserbatzailea eman zaie. Kopuru horiek bularreko minbiziaren garrantzia adierazten badute ere, baheketa-programatik kanpo tumore hori diagnostikatzen zaien euskal emakumeen kasuak ere gehitu behar dira.

2020an, bularreko minbiziko 34.088 kasu diagnostikatu ziren Espainian, eta tumore-mota hori da ohikoena emakumeen artean, kolon eta ondesteko minbiziaren, umetokiko minbiziaren, biriketako minbiziaren eta obulutegiko minbiziaren aurretik, Geicam-ek adierazi duenez, Minbiziaz Informatzeko Europako Sistemak (ECIS, ingelesezko siglak) bildutako azken datuen arabera. Espainian, emakumei diagnostikatu ohi zaizkien minbizien % 30 inguru bularretan sortzen da. Bularreko minbizia garatzeko probabilitatearen arabera, 8 emakumeren artean 1ek garatuko du.

Minbiziari buruzko Ikerketa Zentroak (IARC, ingelesezko siglak), bestetik, zehaztu du bularreko minbizia badela munduan gehien diagnostikatzen den tumorea, eta lehen aldiz, biriketako minbizia baino gehiago diagnostikatu dela, 2021ean argitaratutako datuen arabera.