Iradokizunak
27.11.2025
Eguberrietan, pertsona maiteekin elkartu eta jateak garrantzi berezia hartzen dute. Izan ere, familiarteko bazkariak eta afariak ohi dira egun horietako protagonista nagusiak; halere, horrelako ospakuntzak ez dira beti ospatzeko arrazoi pertsona ororentzat. «Egun horiek antsietatea areagotu dezakete pertsona batzuengan, eta, ondorioz, baita elikadurarekin eta gorputz-irudiarekin loturiko jokabide disfuntzionalak ere. Hain zuzen, elikadura-jokabidearen nahasmendua dutenengan, Eguberriek beldurren, segurtasunik ezaren eta antsietatearen nahastea sor dezakete», azaldu du Begoña Charro psikologoak, IMQ Amsako Elikadura Nahasmenduen Eguneko Unitateko koordinatzaileak.
Elikadura-jokabidearen nahasmendu baten kontra borrokatzen ari direnentzat, erronka itzela izan daiteke mahai baten inguruan senideekin edo lagunekin elkartzeko betebehar soziala. «Bazkariak eta afariak, oro har, ohi baino oparoagoak izaten dira, eta horietan ematen den denborak, bazkalondo edo afalondo luzeak eta Eguberriko gozokiek antsietate handia eragin diezaieke mahaikide batzuei».
Egun horietan, oturuntza jarraitu batean -zeinean bazkari bat afari batekin lotzen den-, egotearen sentsazioak nolabaiteko «asealdia» sor dezake, eta horrek «antsietate- eta errudun-sintomak areagotu» elikadura-jokabidearen nahasmenduren bat duten pertsonengan.
Gainera, Eguberrietan ohikoak dira hainbat lekutatik iristen diren mezu kontraesankorrak. «Alde batetik, etengabe bultzatzen da gehiago jatera, sarri askotan jatera eta kaloria ugariko elikagaiak izatera. Eta, aldi berean, bestetik, bestelako mezuak jasotzen dira, Eguberrietan ez loditzeko, jaietako “gehiegikerien” ondoren ziztu bizian indarberritzeko edo urtarrilaren 1ean dieta egiten hasteko», adierazi du Begoña Charro psikologoak. «Beraz, ohiturak bultzatzen bagaitu ere jaiak Eguberrietako bazkari eta gozokiekin ospatzera, gizarteak ezarritako irudi-kanonetatik ez aldentzeko behartzen gaitu».
Adituak hauxe azpimarratu du: «ezjakintasun handia dago pertsona baten egoera emozionalen eta pertsonak elikadurarekin duen harremanaren arteko loturaz». Halaber, nabarmendu du gizartean zabaltzen diren mezuen eragina, «pertsona batzuek arriskutsuak izan daitezkeen jokabideak normalizatzea baitakarte».
Begoña Charrok galdera batzuk zerrendatu ditu, Eguberrietan elikadura-jokabidearen nahasmenduren bat dagoen jakiteko lagungarri direnak: «Pentsatu al duzu inoiz Eguberrien aurretik edo ondoren dieta egiten hastea? Otordu baten ondoren, gehiegizko jana konpentsatzeko (esaterako, barau egiten) beharra sentitu al duzu? Aldez aurretik pentsatzen al duzu zein janari izango duzun? Jan ondoren errua sentitzen al duzu? Eta, azkenik, jaten hasten zarenean kontrola galtzen duzula eta ezin zarela gelditu sentitzen al duzu?».
IMQ Amsako psikologoaren hitzetan, «kontu horietakoren bat identifikatzea funtsezkoa izan liteke janariarekiko eta gorputz-irudiarekiko harreman disfuntzionala detektatzeko». Hala bada, edo antzeko egoera batean egon daitekeen hurbileko norbait ezagutzen bada, «garrantzitsua da laguntza profesionala eskatzea ongizate fisikoa eta emozionala berreskuratzeko eta ahalik eta lasterren arazo larriagoak saihesteko».
IMQ Amsako Elikadura Nahasmenduen Eguneko Unitateko koordinatzaileak aholku batzuk eman ditu horrelako arazoak dituzten pertsonentzat, egun nekezak igaroko baitituzte, egoera hobeto kudeatzen laguntzeko.
Lehenik eta behin, baliagarria izan daiteke «ekintza-plan bat prestatzea elikadura-jokabidearen nahasmenduren bat duen pertsonari egun horiei aurre egiten laguntzeko: esaterako, kantitateak adosten, menua errepikatu gabe». Era berean, pertsona ados badago, bere egoera azal diezaioke gonbidatuei, «bere jarrera eta jokabide batzuk uler ditzaten». Askotariko gaiei buruzko elkarrizketek arreta desbideratzen lagun dezakete, janariaren gaia saihestuz. Halaber, baliagarria da «janaria platerrean zerbitzatzea, jango den kantitate zehatza jakiteko», pertsona batzuen eta besteen anoak konparatu ez daitezen. Azkenik, egokia da «janaria amaitu ondoren platerrak kentzea eta bazkalondoan edo afalondoan pentsamenduak janaritik urruntzeko jarduerak egitea», azaldu du adituak.
IMQ Amsako Elikadura Nahasmenduen Eguneko Unitateko koordinatzaileak gogorarazi du arazoa hautematen denean, diziplina anitzetik ekin behar zaiola, hots, elikadura-jokabidearen nahasmenduetan espezializatutako psikologiako, psikiatriako eta nutrizioko espezialisten eskutik, hain zuzen, janariarekin eta gorputz-irudiarekin harreman disfuntzionaletan esperientzia egiaztatua dutenen bidez. Ekitean, lehenik, balorazio terapeutikoa, psikologikoa eta nutrizionala egin daiteke, arazoak zein diren zehaztu ahal izateko eta pertsonaren beharretara hoberen egokitzen den baliabidea eskaintzeko.
Los casos de anorexia y bulimia que se detectan en Euskadi se duplican en Navidad
Los trastornos de la conducta alimentaria aumentan progresivamente entre los niños varones
«El trastorno por atracones es mucho más común que lo que la gente cree»