Ekainaren 30eko akziodunen batzarra egin aurreko topaketa txanda burutu du IMQ-k
23.06.2021
IMQ-ko Medikuen Sozietatearen Kontseiluak azken bilera egin du akziodunekin, gaur arratsaldean, SegurCaixa Adeslas-ek Igualatorioaren etorkizunaz egin duen proposamena ezagutarazteko, hain zuzen, datorren 30eko Batzarrean bozkatuko dena. IMQri egonkortasuna ematea helburu duen proiektuaren xehetasunak akziodunei azaltzeko taxutu zen kontaktu-txanda, baita partaidetzak merkatu-prezioan saldu nahi dituzten bazkideen egoera behin betiko konpontzeko eta erakundearen hazkundea sustatzeko ere, azken hori, baliabideak inbertsio berrietara bideratuta, IMQ Euskadiko osasun-erreferente bezala sendotzearren.
Segurcaixa Adeslas-en arduradunak bertaratu dira azken bilera horretara, beren proposamenean interesik handiena piztu duten puntuak berresteko, horra hor:
- Eskaintzaren oinarrizko premisa IMQ Taldea euskal osasunaren erreferente nagusia egin duen ereduari eustea da. Familia-medikuak eredu horren funtsezko piezak dira, eta SegurCaixa Adeslas-ek eredu horri eutsiko diola hitzeman du. Era berean, Talde Medikoak jarraituko duela ere bermatu du, medikuak akziodun izan ala ez alde batera utzita, eta orain arte Igualatorioan ezarritako metodologiaren araberako antolaerak ere jarraituko duela. Medikuen ordainsarien baremoei eustea da, halaber, beste konpromiso bat, baita medikuen ordainsari lehiakorrak bermatzeko etengabe elkarrizketan aritzea ere. Halaber, adierazi da SegurCaixa Adeslas-ek Medikuen Sozietateak akziodunei mediku berriak gehitzeko sustatuko duen jarduketa ororen alde jokatuko duela.
- Egoitza sozial eta fiskalak Euskadin jarrai dezala da proposamenaren beste euskarri bat, baita langileen enplegua eta lan-baldintzak iraunaraztea ere.
- Medikuen Sozietatea 298,35 milioi eurotan baloratu da, hots, 255.000 euro 1.000 akzioko sorta bakoitzeko, eta SegurCaixa Adeslas-ek funtsak emango ditu salgai egongo diren akzio guztiak erosteko, hasieran edo hurrenez hurren irekiko den edozein leihotan.
- SegurCaixa Adeslas-ek hitzeman du IMQ Seguros-en % 5 gehigarria bakarrik erosiko duela eta behar izango diren gainerako funtsak Grupo Igualmequisa, S.A. -ren akzioak erosten emango dituela, zeinean horretan gaur egun partaidetzarik ez duen.
- Irteera-leihoak mugagabeak dira. Bigarren leihotik aurrera (salmenta-prozesua hasi eta bosgarren urtera), aldagaiak sartuko dira, etorkizunean akzioak saldu nahi izango dituzten medikuei Taldearen bilakaera kontuan hartuta haien balioa eguneratzeko.
- SegurCaixa Adeslas-ek bere eskaintzan adierazi du bere nahia eta konpromisoa direla Medikuen Sozietateak, IMQ Taldeko eta IMQ Seguros-eko bazkideen arteko itunen bidez, eginkizun nabarmena izan dezala sozietateen kudeaketan eta IMQ Seguros-en bazkide gisa emandako 16 urteen bereizgarri izan den adostasunarekin har daitezen erabaki garrantsitzuak.
Proposamen hura Batzarrean onartzen bada, prozesu bat abiaraziko da aurreko konpromisoak behin betiko kontratu-agirietan agertzeko, eta agiri horiek onartu ondoren, eragiketa burutzeko balio izango dute.
Kontseiluak uste du proposamen horri esker modu egonkorrean konponduko dela akzioen egungo egoera, IMQren ondare- eta finantza-kaudimenari eutsita, enpresarentzat, enpleguarentzat eta medikuen lanarentzat bermerik onena izan dadin, eta asegurudunei ematen zaien zerbitzuaren asistentzia-kalitatea etengabe hobe dadin.