Iradokizunak
26.10.2017
Iaz 46 lagun hil ziren Euskadin 10.604 auto-istripuren ondorioz. Eusko Jaurlaritzako Zirkulazio Istripuen Urtekari Estatistikoen arabera, 398 zauritu larri (biktima guztien, hots, 6.424 biktimen % 6,2) eta 5.980 zauritu arin ( biktima guztien % 93,1) gertatu ziren. “Larrialdi eta Emergentzietako osasun-profesionalok, edonolako egoeratan aritzen gara, sinesgaitz edo ustekabekoetan ere. Egoera horien barruan, auto-istripuak ohiko egoera gogorrak dira, gure ezagutzak eta paziente traumatizatu larriei ematen diegun arreta probatzen dutenak”, azaldu du Andima Larrea doktoreak, International Trauma Life Support (ITLS) ikastaroaren koordinatzaile eta IMQ-ko Larrialdietako sendagileak.
Auto-istripuak ez dira bakarrak, ordea. Osalanek jaso duenez, heriotza dakarten lan-istripuen ondorioz, 40 lagun hil ziren iaz Euskadin, 2015ean baino sei gehiago (% 21,2ko hazkundea).
Osasun Ministerioak istripuak prebenitzeko antolatu zuen "No te descuides" kanpainan ohartarazi zuenez, urtero ia 1.500 adingabe hiltzen dira istripuetan Estatuan, horien erdia inguru, zirkulazio-istripu edo ibilgailuek harrapatzearen ondorioz eta gainerakoak eztarriko trabamendu edo itobehar, itotze, erortze, erretze, intoxikatze eta nork bere buruaz beste egitearen ondorioz, proportzio ordena horretan.
IMQ-ko Larrea doktoreak adierazi duenez, “horrelakoetan jokatzea ez da erraza izaten, larrialdietako zerbitzuetan eta zainketa larrialdietan lan egiten duten sendagile eta erizainentzat ere ez. Hori dela eta, oso gomendagarria da prestakuntza espezializatua eta kalitatezkoa egitea. ITLS ikastaroan, ospitale aurreko arloko medikuntzako larrialdietako eta emergentzietako langileen teoria eta praktika hobetzen saiatzen gara, hainbat egoeratan, traumatismo larridun pazienteak azkar ebaluatu, egonkortu eta garraiatzeko behar diren abilezietan trebakuntza osoa emateko”.
Euskadin egiten ari den horrelako espezializazioaren bosgarren ikasturtea (ITLS Hornitzaile Aurreratuaren V. ikasturtea), Larrialdi eta Emergentzietako Medikuntzako Espainiako Elkartearen Euskadiko atalak (SEMES Euskadi-EKALME) eta International Trauma Life Support (ITLS) erakundeak –70 herrialdetan dagoena eta 600.000tik ikasle prestatu dituena– antolatzen dute, IMQrekin elkarlanean. Urriaren 27an eta 28an egingo da, IMQ Zorrotzaurre Klinikan, eta Euskadiko, Nafarroako, Kantabriako eta Gaztela eta Leongo medikuek eta erizainek parte hartuko dute. Aurten, ikastaroan parte hartzeko eskaerak, eskainitako plazen hiru halako dira (30).
IMQ-ko kliniketako Larrialdietako zerbitzuburu Fidel Fuentes doktoreak ohartarazi duenez, “Oro har, istripuak Europar Batasuneko laugarren heriotza-kausa dira (heriotzen % 5), bihotzetako gaixotasunen, minbiziaren eta bihotz-hodietako gaixotasunen atzetik. Egoera horrek Larrialdietako eta Emergentzietako zerbitzuen arretaren garrantzia nabarmentzen du. Istripuak, halaber, heriotza goiztiar askoren kausa dira; izan ere, 35etik beherakoen artean, lehenengo heriotza-kausa dira”.
Urriaren 28an –larunbata–,15:45ean, trauma larriko hainbat emergentzia-egoera proposatuko dira IMQ Zorrotzaurre Klinikan, figurante karakterizatuekin eta hainbat eszenarioekin: autoak, aparkalekua, komunak, espazio itxiak, argirik gabe eta aurreko argiak, … Azken eszenario horretan ikastaroan ikasitako ezagutzak eta trebetasunak ebaluatuko dira.
Simulakroa nahiz praktika eta saio guztiak IMQ Zorrotzaurre Klinikan egingo dira. Izan ere, klinika hori Larrialdi eta Emergentzietako Medikuntzako Espainiako Elkartearen bikaintasun-zerbitzuko egiaztapena jaso duen lehen zentro pribatua da Estatuan. Hain zuzen ere, Klinikak eta SEMESek (SEMES Euskadi-EKALMEren eskutik) akordio bat sinatu dute ospitale-zentro hori datozen urteotan ikastaro horren egoitza izan dadin.