Bilatu zure medikua (leiho berri batean irekiko da):

Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Euskadiko biztanleen % 84 baino gehiagok du ikusmen gaitzen bat

07.10.2025

Euskadiko biztanleen % 84 baino gehiagok du ikusmen gaitzen bat
  • Helduen ikusmenari buruzko azken azterlanaren arabera, 18 urtetik gorako espainiarren % 79,5ek ikusmen-akatsen bat du, eta ehuneko hori % 84,7ra igo da EAEko biztanleen artean; izan ere, Estatuko eskualde kaltetuenen artean dago Euskadi.

  • Pantaila digitalak egunero erabiltzeak nabarmen igo du haurren miopia Euskadin, IMQ-ko mediku-taldeko oftalmologo Marta Galdos doktorearen adierazpenen arabera.

Urtero, urriaren bigarren ostegunean, mundua ikusmenaren inguruan hausnartzen du, ikustekoa ezinbesteko funtzioa baita eta horren narriadurak milioika pertsonari eragiten baitio. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta Itsutasuna Prebenitzeko Nazioarteko Agentziak (IAPB, ingelesezko sigletan) 2000. urtean sortu zuten Ikusmenaren Mundu Eguna, begietako osasunak eta ikusmen-desgaitasunaren prebentzioak duten garrantziaz kontzientziatzeko asmoz, arreta goiztiarra eta kalitatezko zerbitzu oftalmologikoen eskuratze unibertsala bultzatzeko. Ekintzarako dei globala da, ezein haur, gazte edo helduk bizitza mugatuta izan ez dezan ikusteko desgaitasun saihesgarri baten eraginez.

Hala, OMEren eta IAPBen arabera, gaur egun munduan 1.000 milioitik gora pertsonek dute ikusteko desgaitasunen bat, saihestu edo tratatu zitekeena. Hauek dira haien kausa ohikoenetako batzuk: zuzendu gabeko begi-errefrakzioko akatsak, begi-lausoak, adinarekin loturiko makulako endekapena, glaukoma eta erretinopatia diabetikoa.

Europako eta Estatuko testuinguruetan, ikusmen-gaitzetan goranzko joera dago. Helduen ikusmenari buruzko azken ikerlanaren arabera, 18 urtetik gorako espainiarren % 79,5ek du ikusteko gaitzen bat, eta ehuneko hori handiagoa da, hots, % 84,7koa, euskal biztanleen artean, eta, ondorioz, Euskadi da Estatuko eskualderik kaltetuenetako bat. Presbizia edo ikusmen nekatua da nagusi gaitzen sailkapenean ( % 41,9) eta, ondoren, miopia, hipermetropia eta astigmatismoa.

Adinaren arabera, 18-34 urteko gazteen % 67k ditu ikusmen-arazoak; ehuneko hori % 74ra igotzen da 35-54 urteko helduengan, eta % 95era iristen da 55 urtetik gorakoen artean. Kopuru horiek agerian utzi dute prebentzioak eta bizitzan zeharreko ohiko kontrolek duten garrantzia.

IMQ-ko oftalmologo Marta Galdos doktoreak honela laburtu du arazoen azalpena: “Haurtzaroan eta nerabezaroan errefrakzio-akatsak dira nagusi, hala nola miopia, hipermetropia eta astigmatismoa. Helduaroan, aldiz, presbizia, begi-lausoak, glaukoma edo makulako endekapena agertu ohi dira. Hala ere, prebentzioa eta diagnostiko goiztiarra eraginkorrak dira kasu gehienetan: urtean behin aztertzeak epe luzerako konplikazioak saihets ditzake”.

Prebalentzia-aldeak sexu eta adinaren arabera

Ikusteko desgaitasunean alde nabarmenak daude adinaren eta sexuaren arabera. IAPBek eta OMES erakundeen datuek adierazi dutenez, munduko itsuen bi heren emakumeak dira. Arrakala hori, hein batean, emakumeen bizi-itxaropen luzeagoak azaltzen du, baina baita hormona-arazoek eta zerbitzu oftalmologikoak eskuratzerakoan dauden desberdinkeriak ere. Espainian, datuen arabera, 65 urtera arte ikusmen-arazoek gehiago eragiten diete gizonei; adin horretatik aurrera, berriz, emakumeen % 67k du ikusteko desgaitasunen bat, eta gizonen % 33k.

Euskadiko biztanleei dagokienez, 41-64 urte arteko adin-tartea arduratzen da gehien begietako osasunaz, eta 40 urtetik beherakoak dira axolagabeenak, % 69 bakarrik baitaude ikusmen-egoerari adi.

Pantailen eta miopiaren epidemia

Azken urteotako erronkarik nabarmenetako bat da gailu elektronikoek umeen begietako osasunean duten eragina. Adituek ohartarazi dute umeen eta nerabeen ia % 40 miopeak direla gaur egun, eta OMEk uste du litekeena dela 2050erako kopurua % 50etik gorakoa izatea. Tableten, mugikorren eta ordenagailuen gehiegizko erabilerak miopiaren garapen goiztiarra sustatzen du, eta hainbat sintoma sortzen ditu, hala nola begietako nekea, begi lehorrak, ikusmen lausoa eta buruko mina. Ikasleen % 45 baino gehiago ez da inoiz azterketa oftalmologikoetara joaten, eta irakasleen % 44 inguruk miopia-sintoma goiztiarrak antzeman ditu ikasleengan.

IMQ-ko oftalmologo Marta Galdos doktoreak hau azpimarratu du: “Haurtzaroko ikusmena 8 edo 9 urte arte garatuz doa osorik. Hala, hainbat arazo, esaterako estrabismoa, hipermetropia, astigmatismoa edo miopia garaiz detektatzea eta tratatzea funtsezkoa da konplikazioak -begi nagia edo anbliopia, kasu- saihesteko. Gailu elektronikoek gero eta ume gazteagoengan agerrarazten dute miopia, eta horregatik gomendatzen dugu gailuen erabilera mugatzea, aire zabaleko jarduerak sustatzea eta aldizkako azterketa oftalmologikoak egitea hiru urtetik aurrera, edo lehenago, familia-aurrekaririk badago”.

Ikusmenaren Munduko Eguna aukera ederra da euskal gizarteari gomendatzeko aldizka azterketa oftalmologikoak egin ditzala, bizi-ohitura osasungarriak har ditzala, pantailen erabilera mugatu dezala eta haurtzarotik babes dezala ikusmena zaintzeko hezkuntza. Ikusmen-arazo gehienak saihestu edo zuzendu egin daitezke, garaiz detektatuz gero. Ikusmena babestea guztion bizi-kalitatean, ongizatean eta autonomian inbertitzea da.