Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Euskadiko helduen % 10ek baino gehiagok du diabetesa

10.11.2022

Euskadiko helduen % 10ek baino gehiagok du diabetesa
  • Azken hamarkadan, diabetesa % 30 igo da, batez ere, obesistateak gora egin duelako, hain zuzen, hamarraldian % 14 izatetik % 28 izatera igaro da.

  • 40 urtetik gorakoek urtean behin glukosa aztertzea gomendatzen dute adituek, «eta analisia gazteago ere egin liteke, obesitatea, hipertentsioa, kolesterol altua, familiako aurrekariak edo haurdunaldiko diabetesa izanez gero».

Diabetesaren Mundu Egunaren  harira –azaroaren 14a–, Nazioarteko Diabetes Federazioak eskatu du herritarrek diabetesaren gaineko heziketa berenganatzea errazagoa izan dadila, munduan gaixotasun horrekin bizi diren 500 milioi pertsonen bizitza hobetzen laguntzeko.

Euskadin, 18 urtetik gorakoen % 10,6k du diabetesa, baina kalkulatu da euskal herritarren % 4,3ri ez zaiola oraindik diagnostikatu. Halaber, % 11k prediabetesa du (odoleko glukosa-mailak muga normalak baino altuagoak dira, baina diabetesa dutenen glukosa-zifrak baino txikiagoak).

IMQ-ko Endokrinologia eta Nutrizioko espezialista José Antonio Piniés sendagileak adierazi duenez, diabetesa gero eta ugariagoa da: «azken hamarkadan, patologia hori % 30 igo da, batez ere, obesistateak gora egin duelako, hain zuzen, hamarraldian % 14 izatetik % 28 izatera igaro da, bizi-azturetan, batez ere, elikaduran gertatu diren aldaketengatik eta sedentarismoagatik».

Elikaduraren garrantzia

Elikadura funtsezkoa da diabetesaren prebentzioan. Izan ere, «dieta mediterraneoa izateak eta gehiegizko pisua saihesteak, adibidez, % 60 murrizten du gaixotasuna garatzeko probabilitatea prediabetesa duten pertsonengan; izan ere, horiek dute 2 motako diabetes mellitusa –diabetes-mota ohikoena– garatzeko arriskurik handiena».

Eta nutrizio egokiaren garrantziari osasunaren zaintza aktiboa gehi dakioke. Piniés doktoreak zehaztu duen bezala, diabetesa goiz diagnostikatzeak duen garrantziaz jabetuta, «40 urtetik gorakoek glukosa-analitika bat egin beharko lukete urtero. Analisi hori gazteago egin liteke obesitatea, hipertentsioa, kolesterol altua eta familiako aurrekariak edo haurdunaldiko diabetesa  izanez gero».

Gomendio dietetikoak diabetes mellitusa izanez gero

Gaixotasun hori dutenek bizimodu osasungarria izan dezaten eta diabetesak eragindako beste osasun-arazo batzuk saihets ditzaten, komenigarriena da elikadurari buruzko gomendio batzuei jaramon egitea.

«Oro har, ohitura erregularrak izan behar dira, eta jatorduak planifikatu eta intsulinaren edo hipergluzemiaren aurkako botiken bidezko tratamendua aintzat hartu. Gainera, kontuan izan beharra dago diabetesa duen edonoren elikadura-planak, edonolakoa dela ere, lagundu egingo diola pazienteari odoleko glukosa-mailak normaltasunaren mugen barruan izaten, presio arteriala zaintzen, odoleko kolesterol-maila onak izaten eta, azken batean, pisu osasungarria izaten», adierazi du IMQ-ko Endokrinologia eta Nutrizioko espezialistak.

Eguneko kaloriak honela banatuko dira elikagaien berehalako printzipioen arabera: % 50 karbohidrato, % 20 proteina («kasu horretan, elikagairik gomendagarrienak arraina, hegaztikiak, esneki gaingabetuak, babarrunak eta soja dira») eta % 30 gantz, «ahal dela, bihotzerako osasungarriak diren koipeak, landare-koipeak —oliba-olioa, esaterako— eta arraina, kolesterolik eta koipe aserik ez dutelako».

Elikagai gomendagarriak eta ez gomendagarriak

Piniés sendagileak elikagai hauek gomendatzen ditu: ogia, ale edo laboreak, lekaleak (astean bizpahiru aldiz), arroza, pasta eta almidoidun barazkiak (kuiatxoa edo kuia). «Elikagai horiek elikaduraren oinarri izan behar dute. Bitamina, mineral, zuntz eta karbohidrato osasungarri asko dute».

Halaber, espezialistak adierazi bezala, egunero 3-5 barazki- eta fruta-pieza jan behar dira. «Komeni da barazki freskoak aukeratzea, saltsarik, koiperik eta gatz erantsirik gabeak. Fruta zitrikoak dira gomendagarrienak». Haragi eta arrainei dagokienez, «gomendagarria da azala kontsumitu aurretik kentzea beti».

Bestetik, IMQ-ko espezialistak esan bezala, elikagai hauek ez dira batere gomendagarriak diabetesa dutenentzat: azkar xurgatzen diren azukredunak, hala nola  gozokiak, azukredun freskagarriak, marmeladak, eztia eta izozkiak, janari oso elaboratuak, ultraprozesatuak edo ontziratuak.

Diabetes-motak

2 motako mellitus diabetesa. Diabetes-mota ohikoena da; helduengan agertu ohi da, baina gero eta kasu gehiago agertzen ari dira haur eta nerabeen artean. Diabetes-mota horretan, organismoak intsulina sor dezake, baina sortzen duena ez da nahikoa edo horri erantzun kaskarra ematen zaio, eta, ondorioz, odolean glukosa metatzen da

1 motako mellitus diabetesa. Diabetes-mota hori erreakzio autoimmune batek eragiten du, zeinean organismoak intsulina sortzen duten pankreako zelulei erasotzen dien, eta, ondorioz, intsulinaren ekoizpena ezeztatzen du. Gaixotasunak edozein adinetako pertsonei eragin diezaieke, baina haur edo gazte helduengan agertu ohi da.