Iradokizunak
24.07.2025
2021ean, Nazio Batuen Erakundeak, batzar nagusian, Itotzeak prebenitzeko Mundu Eguna uztailaren 25ean izatea erabaki zuen, itotzeek familiengan eta komunitateetan duten «eraginari buruz mundu osoan kontzientzia sortzeko» eta istripu horiek prebenitzeko «irtenbideak eskaintzeko» eta, horrela, biziak salbatzeko.
Euskadin, uretako espazioetan itota hamaika pertsona hil ziren 2024an, 2023an baino lau gutxiago, Salbamendu eta Sorospeneko Espainiako Errege Federazioaren urteko txostenaren arabera. Autonomia erkidego guztietan, itota hildakoen kopurua 471ra igo zen iaz, urriaren amaierako DANAk eragindakoak kontuan hartu gabe
Itota hildako gehien izan zituen autonomia-erkidegoa Andaluzia izan zen, 72 kasu. Ondoren, Galizia (64), Valentziako Erkidegoa eta Kanariak (bietan, 63). 2024an itota hildakoen profil nagusia hau izan zen: gizona (% 81,5), 55 urtetik gorakoa (% 46,7), Espainiako nazionalitateduna (% 85,6), eta batez ere bizia hondartza batean galdu zuena (% 51,8). Gainera, itotzea da 1 eta 24 urte arteko haurren eta gazteen hamar heriotza-kausa nagusietako bat da, eta horrek ondorio emozional eta familiar itzelak dakarzkie ingurukoei.
Guillermo A. Acevedo López sendagileak, IMQ Zurriola Donostiako Zentro Mediko-Kirurgikoko familia-medikuak, adierazi du uretatik hurbil egoteak arriskua pertsona guztiei badakarkie ere, garrantzitsua dela gogoraraztea «heriotza gehienak prebenitu daitezkeela» eta «guztiz goza daitekeela modu seguruan inguru urtarretan».
Adituak gogora ekarri duenez, «arriskutsuena urarekin sortzen den harremana da, eta segurtasun-neurririk ez hartzea». Kasu askotan, tragedia bat gertatzeko arriskua areagotzen duten faktoreak batera agertzen dira. «Adibidez, erraz iristeko moduko eta zaintzarik gabeko ur-masak etengabeko arriskua dira haur txikientzat».
Era berean, ingurune urtarretan egon bitartean, zenbait egoerak, hala nola alkohola kontsumitzeak edo igeri egiteko trebetasunik ez izateak, «istripu bat gertatzeko arriskua areagotu egingo du».
Arrisku-egoera ohikoenak hauek izan daitezke: oztoporik eza (batez ere, haurrak putzu, igerileku edo ur-biltegietara iristea eragozten duen itxitura fisikorik ez egotea); gainbegiratzerik eza (haurrak edo arrisku-faktoredun helduak); ingurunea ez ezagutzea eta igeri egiteko trebetasunik ez izatea; itsasontziak arduragabekeriaz erabiltzea; jokaera arriskutsuak (bakarrik igeri egitea, esperientziarik gabe, alkoholaren eraginpean edo bainatzeko prestatuta ez dauden eremuetan); eta itoei arreta emateari dagokionez, prestakuntzarik eza (larrialdi bat gertatuz gero nola jokatu ez jakitea eta bihotz-biriketako bizkortze-teknikak ez ezagutzea).
Guillermo A. Acevedo López sendagileak azpimarratu du gauza asko egin dezaketela familia- eta komunitate-inguruneek itotzeak saihesteko. Hortxe, prebentzio-gomendio batzuk, emaitza onak lortzeko:
Oztopo fisikoak jartzea. Igerileku, putzu eta beste ur-gune batzuen perimetroa bermatzea da haurrak ez itotzeko neurririk eraginkorrena. Altuera egokiko hesiak jarri behar dira, haurrek maneiatu ezin dituzten itxitura-sistemekin. Oztopo fisiko hori lehen defentsa-lerroa da.
Alternatiba seguruak gainbegiratu eta eskaintzea. Ezinbestekoa da etengabe arretaz gainbegiratzea. Soroslerik ez badago, "ur-zaindari" bat izenda daiteke, hots, aldi jakin baterako haurrak edo arrisku-faktoreak dituzten helduak zaintzea eginkizun bakarra duen heldu bat.
Igeri egitea sustatzea. Umeei igeri egiten irakastea, baita uretan seguru moldatzen ere, bizitza osorako trebetasuna da. Igeri egiten ez ezik, oinarrizko arauak ere ikasi behar dira, esate baterako, bakarrik ez igeri egitea, seinaleak errespetatzea eta laguntza nola eskatu jakitea.
Arau argiak jartzea. Komeni da bainu-eremu arriskutsuetara sartzea galaraztea eta uretako jardueretan homologatutako salbamendu-txalekoen erabilera sustatzea, itsasontzietan ez ezik, hainbat kiroletan ere –esaterako, kayak edo paddle surf-a–. Flotagailu puzgarriak jostailuak dira, ez segurtasun-gailuak.
Donostiako IMQ Zurriola Zentro Mediko-Kirurgikoko familia-medikua komunitate edo familia bakoitzean erreskate seguruko eta bizkortzeko tekniketan trebatutako pertsonak egotearen alde agertzen da. «Kontua da jakitea zer egin behar den —eta zer ez— larrialdi baten hasierako uneetan. Horrek bizi bat salba dezake».
Era berean, ohartarazi du komeni dela eguraldi-iragarpenen eta ohiko edo udaldiko bizilekuaren eremuetako uholde-arriskuen berri izatea, arriskuko edo larrialdiko egoerak saihesteko ezinbestekoa baita.
Acevedo López doktoreak gogora ekarri duenez, «itotzea tragedia handia da, eta ondorio suntsitzaileak dakartza, baina prebenitu daiteke. Osasungintzan diharduten erakundeek ohartarazi dutenez, arriskuak kontrolatu behar dira eta erne egon behar da. Eta, batez ere, ingurune baten segurtasunari buruzko zalantzarik badago, ez da arriskuan jarri behar. Prebentzioa da beti aukerarik onena».
El Centro Médico Zurriola se convierte en el primer y único policonsultorio en Gipuzkoa certificado en calidad y seguridad del paciente
“Los bebés por debajo del año deberían evitar la playa, en especial, los menores de seis meses”
Centro Médico IMQ Zurriola, 10 años al servicio de una atención sanitaria personalizada, integral y de calidad acreditada