Bilatu zure medikua (leiho berri batean irekiko da):

Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

IMQ klinika eta egoitzetan genero indarkeriaren aurkako borrokari laguntzeko protokoloak

24.11.2023

IMQ klinika eta egoitzetan genero indarkeriaren aurkako borrokari laguntzeko protokoloak
  • Osasun-arloa ezinbestekoa da tratu txarrak antzeman eta horien aurka jokatzerakoan. Hortaz, IMQ-k, indarkeria matxista gaitzaren aurkako borrokan laguntzeko, berariazko protokoloa ezarri du kliniketan, etxean tratu txarrak jaso ondoren balorazioa eta arreta medikoa jasotzera kliniketara bertaratzen diren pazienteei edo miaketa edo arretaren batean genero-indarkeria jaso izanaren zantzuak dituztenei arreta emateko.

  • IMQ Prevención eta IMQ Igurco erakundeek, halaber, badituzte jokatzeko ekimen eta protokolo espezifikoak laneko osasunean eta adinekoen arretan gertatzen diren tratu txarren aurka jokatzeko.

Nazio Batuen Erakundeak (ONU, ingelesezko sigletan) azaroaren 25a Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egun izendatu zuenetik 23 urte igaro badira ere, arazo larri hori ez da desagertu; alderantziz. Euskadin, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak duela gutxi ezagutarazi dituen datuen arabera, 2023ko urtarriletik irailera bitartean, genero-indarkeriarekin loturiko delituak % 6,2 hazi dira; biktimen kopurua, % 7,7 eta sexu-indarkeriaren kasuak, % 20 inguru. Halaber, Ertzaintzaren babesa jasotzen duten emakumeen kopuruak gora egin du, eta, egun, 5.616 dira (2.738 Bizkaian, 2.010 Gipuzkoan eta 858 Araban).

Estatuan, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Etxeko eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiko presidente Ángeles Carmonak adierazi du, oraintsu, hamar mila auzi inguru instruitzen direla urtero autonomia-erkidego guztietan, emakumeei egindako lesio larriengatik. Eta lesio horiek, Kode Penalean ezarri bezala,tratamendu kirurgikoa edo medikoa behar izaten dute.

Hain zuzen, osasun-arlora «bertaratzen dira, lesio baten ondorioz, tratu txarrak jaso eta oraindik salatu ez dituzten emakume asko. Hori dela eta, lehen lerroko eragileak gara, biktimei arreta ematen ez ezik, tratu txarra identifikatzen eta salatzen ere», adierazi du IMQ Kliniken Kalitate eta Segurtasun Klinikoko zuzendari Isabel Urrutiak.

Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko borrokan, IMQ Taldeak jarrera eraginkorra izan nahi du. «Taldeko Berdintasun Batzordeak martxan jarri duen ‘Clínicas IMQ, punto seguro en contra de la violencia hacia las mujeres/IMQ Klinikak, toki seguruak emakumeen aurkako indarkeriaren aurka’ kanpainaren eskutik, emakumeei jakinarazi nahi diegu gure kliniketara etortzen badira seguru sentituko direla eta lagunduko diegula. Horregatik, arazo horrekiko kontzientziatzeko kartelak egin ditugu, eta kliniken sarreretako hainbat tokitan eta larrialdietako itxarongeletan ikusgai jarri, ederto ikus daitezen».

IMQ Taldea, era berean, «Kode Unibertsaleko barne-protolokoa zabaltzen ari da, kliniketara erasotzailearekin etortzen diren emakumeen dei- edo abisu-egoerak identifikatzeko», xehatu du IMQ Kliniken Kalitate eta Segurtasun Klinikoko zuzendariak.

Protokolo klinikoa emakumeen aurkako indarkeria kasuetan

IMQ kliniketan ezarritako agiriaren helburua da etxean tratu txarrak jaso ondoren balorazioa eta arreta medikoa jasotzera kliniketara bertaratzen diren pazienteei edo miaketa edo arretaren batean genero-indarkeria edo sexu-erasoa jaso izanaren zantzuak dituztenei ematen zaien arreta protokolizatzea.

Protokolo horretan, kontzeptuak, erreferentziazko dokumentazioa eta jarraitu beharreko prozedura teknikoa ezarri dira. Eta agiri hori aldizka aztertu eta eguneratzen du IMQ-k.

Aurrekoaz gain, IMQ Klinikek horietan lan egiten duten pertsona eta profesionalentzako barne-esparruko eraso-protokoloa dute. Norainoko orokorra du protokoloak, eta horren helburua da erakunde barruan gerta litezkeen horrelako jokabide bidegabeak saihestu eta identifikatzea.

Era berean, IMQ Kliniken Berdintasun Batzordeak bat egin du biktimei laguntzeko seinale unibertsala –eskuen kodearen bidez– ageriko egiteko ahaleginekin, eta, horretarako, berariazko euskarria du.

IMQ Prevención, Emakunderen erakunde laguntzailea

2021ean, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde Laguntzaile izendatu zuen IMQ Prevención. Aintzatespen hori, emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko jokabideak egiten eta berdintasuna eragozten duten oztopoak kentzen diharduten erakundeei ematen zaie.

Erakunde laguntzaile izendatzeko, batez ere, emakume eta gizonen lan-baldintzetan, enpleguaren kalitatean eta erakundeak kanpoan egiten dituen jardueretan tratu berdina bermatzeko egindako ekintzak aintzat hartu ziren.

Adineko emakumeen kontrako tratu txarra saihestea

Taldeko beste konpainia batek, IMQ Igurcok, Tratu Txarra Prebenitu eta horri Ekiteko Protokoloa ere badu, tratu txar fisiko edo ekonomikorik gertatuz edo oinarrizko beharretan arretarik ez jasotzeaz gero. 

IMQ Igurcoko gizarte-langile Irene Ruescasek azaldu duenez, «protokoloa aktibatzen da adineko bat IMQ Igurcon baloratzen edo sartzen denean edo zentro batean erabiltzaile gisa dagoenean, Gizarte Langileko arduradun batek tratu txarra jaso izanaren zantzuak ikusten baditu. Une horretatik aurrera, tratu txar fisiko eta ekonomikoaren arrisku-faktorerik dagoen aztertzen da, prebentzioko galde-sorta baten bitartez. Arrisku-faktore bi edo gehiago identifikatzen badira, esku-hartzeak diziplina anitzeko taldearekin kooordinatuko dira, erabiltzailearekin ados jarrita, eta dagokion Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari jakinaraziko zaizkio».

Aurrekoa ez ezik, «arrisku-maila jakiteko eta emaitzaren arabera esku hartzeko galde-sorta bat ere egiten da. Jarraibideak ezarri ondoren, arrisku-maila aldizka baloratzen da, prozeduraren jarraitutasuna zehazteko. Protokoloari amaiera emango zaio arrisku-faktorerik detektatzen ez denean eta erabiltzailearen segurtasuna eta ongizatea bermatu direnean», amaitu du azaltzen gizarte-langileak.

Bestetik, María Victoria Echevarría Azarloza, IMQ Igurco José M.ª Azkuna egoitzako erabiltzailea, 11 emakume, 11 istorio dokumentalaren protagonistetako bat izango da. Dokumental horren bitartez, Amorebieta-Etxanoko Udalak 1940tik 1975era bitartean udalerria eraikitzen lagundu zuten emakumeak omenduko ditu. Izan ere, azaroaren 25eko herriko programazioaren ardatz nagusienetako bat izango da dokumentala.