Iradokizunak
06.08.2026
Nahiz eta XXI. mende betean giza gorputzaren portaerari buruzko ia guztia aurkitu egin dela iruditu, oraindik asko dago ulertzeko. Nazioarteko ikertzaile-talde batek, Patricia Colmenárez mediku venezuelarra, IMQ Zorrotzaurre Klinikako ─Euskadiko ospitale pribatu nagusia─ neurofisiologoa, buru duenak, erreflexu neurofisiologiko berri bat aurkitu du, baina ez laborategi batean, baizik eta zentro hartako ebakuntza-geletan eta paziente anestesiatuengan egindako jardunbide klinikoaren bitartez: nerbio pudendoaren segmentuarteko erreflexua (IPR, ingelesezko sigletan).
Aurkikuntza hori neurofisiologiako espezialitate mediko horretan nazioartean oso entzutetsua den Clinical Neurophysiology aldizkari zientifikoan argitaratu da oraintsu, egile hauek ere idatzi duten artikulu baten eskutik: Berenice Murià, Arabako Unibertsitate Ospitalekoa, eta María J. Téllez eta Sedat Ulkatan, New Yorkeko Mount Sinai West Ospitalekoak.
Izan ere, lorpen hori Espainiako Kirurgia Barneko Monitorizazio Neurofisiologikoko Elkartearen (AMINE) X. Urteko Biltzarrean aintzat hartu da oraindik orain, Leonen, eta hartan, Colmenárez doktorea saritu da.
Paziente anestesiatuengan giza gorputzaren nerbio-erreflexu berri bat identifikatu izanak zientziari dakarkion aurrerapenaz gain, aurkikuntza horrek, egilearen hitzetan, «bizkarrezur-muinaren funtzionamendua hobeto ulertzeko aukera ematen du, eta hori erabakigarria izan daiteke bizkarrezurreko kirurgien testuinguruan».
Nerbio pudendoa pelbis aldean dagoen nerbio bat da, eta horrek bi sexuen kanpo-genitalak eta gernu-maskuriaren eta uzkiaren kanpoko esfinter muskuluaren esfinterrak inerbatzen ditu. Bestetik, erreflexu bat hau da: nerbio-sistemak inguruneko estimulu espezifiko bati ematen dion erantzun automatikoa eta nahi gabekoa.
Nerbio pudendoaren segmentuarteko erreflexua aurkitu izanak aukera ematen die espezialistei «errain-hezurraren aldearen (bizkarrezurraren beheko aldea), gerrialdearen eta bizkarrezur-muinaren bularraldearen segmentuen arteko konektibitatea ebaluatzeko, denbora errealean eta ebakuntzan bertan, eta horrek pazientearen segurtasuna areagotzen du nerbio horri eta, hedaduraz, horrek ukitzen dituen organoei eragiten dieten kirurgietan». Hala, ezagutzan egindako aurrerapen horrek garrantzi itzela izan dezake funtzio urogenitala, uzkialdekoa eta sexuala babesteko.
Nerbio-erreflexu berri horren aurkikuntzaren alderdi garrantzitsuenetako bat da ez zela ingurune esperimental isolatu batean gertatu. «Garapen hori IMQ Zorrotzaurre Klinikako ebakuntza-geletan egin zen, Neurofisiologia Sailean, jardunbide kliniko egokien esparruan eta bizkarrezurreko kirurgian operazio barneko monitorizazio neurofisiologiko aurreratua aplikatuta, helburu oso zehatz batekin: pazientearen segurtasuna areagotzea kirurgian zehar».
Colmenárez doktoreak azaldu duenez, «paziente jakin batzuengan, kirurgian zehar nerbio pudendoa estimulatzean, errain-hezurraren ohiko erreflexu zirkuituen bidez bakarrik azaldu ezin ziren muskulu-erantzunak agertzen ziren. Erantzunak sabelaldeko muskuluetan eta errain-hezurraren segmentutik urrun zeuden egituretan agertzen ziren, eta muin-komunikazioa ohi deskribatu dena baino askoz zabalagoa zela iradokitzen zuten. Hasieran, bitxikeria fisiologikoa zirudien. Ondoren, errepikatzen hasi zen, eta, denborarekin, funtsezko galdera hau agertu zen: ikusten ari ote gara benetako lotura funtzional bat bizkarrezur-muinaren errain-hezurreko, gerrialdeko eta bularraldeko segmentuen artean?».
Hala, IMQ Zorrotzaurre Klinikako Neurofisiologia Sailean, aldi berean, bizkarrezurreko kirurgietan, muskulu-talde desberdinen portaera erregistratzen hasi zen: «ikusi genuena sendoa izan zen: bazegoen erantzun erreflexuen eredu erreproduzitzaile bat, segmentuen arteko muin-sare konplexuei eragiten ziena. Erreflexu neurofisiologiko berri bat identifikatu egin genuen: nerbio pudendoaren segmentuarteko erreflexua», azaldu du ikertzaile klinikoak.
Ondoren, esku hartu zuten gainerako ospitaleen laguntzarekin egituratu eta aztertu zen aurkikuntza, eta espezialitate horretan nazioartean oso entzutetsua den Clinical Neurophysiology aldizkari zientifikoan argitaratu zen, izenburu honekin: The Intersegmental Pudendal Reflex: Evidence of Human Sacral-to-Thoracolumbar Connectivity for Intraoperative Monitoring [1].
Nerbio pudendoaren segmentuarteko erreflexua aurkitu eta deskribatu izanak ikerketa-ildo berri bat ireki du medikuntzan hain garrantzitsua den alor batean, hots, operazio barneko neurofisiologian, zeina egunero aplikatzen baita mundu osoko ebakuntza-geletan.
Espezialistentzat, ezagutza zientifikoan egindako aurrerapen horrek aukera ematen du une horretatik aurrera «bizkarrezur-muinaren ebaluazio funtzional hobea egiteko bizkarrezurreko kirurgietan, sentikortasun handiagoa izateko muineko tumoreen eta deformazio konplexuen kirurgietan, bizkarrezurreko nerbio-zirkuituen monitorizazio orokorragoa eta osoagoa egiteko, kirurgietan ohiko monitorizazioei gehitzeko teknika berria izateko, eta, garrantzitsuena, pazienteentzat aplikazio diagnostiko eta terapeutiko berriak garatzeko bidea urratzeko», zerrendatu du Patricia Colmenárez sendagileak.
Azalpena amaitzeko, IMQ-ko neurofisiologoak hausnarketa hau egin du ─komunitate zientifikoarentzat motibazizoko deia ere badena–: «Nerbio pudendoaren segmentuarteko erreflexua identifikatu eta deskribatu izanak erakutsi du oraindik badirela jardunbide klinikoan erabat deskribatu ez diren giza nerbio-sistemako mekanismoak. Oraindik ez ditugu ezagutzen giza gorputzaren sekretu guztiak».
[1] Patricia Colmenarez et al., Clinical Neurophysiology, https://doi.org/10.1016/j.clinph.2026.2111889.