Iradokizunak
05.03.2026
IMQ Taldeak, Euskadin osasunaren zaintzan erreferente den erakunde gisa, Emakumeen Nazioarteko Egunari heltzen dio urtero, modu korporatiboan. Martxoaren 8ro, emakumeek gizartean parte har dezaten eta eskubide eta erantzukizun berdintasunean oinarrituta pertsona gisa osorik gara daitezen aldarrikatzen da.
Hala, Taldeko hainbat entitatek, hala nola IMQ Seguros-ek, IMQ Zorrotzaurre Klinikak, IMQ Prevención-ek edo IMQ Igurcok hainbat jarduera programatu dituzte emakumeen benetako berdintasuna eta emakumeek gizartearen eremu guztietan parte har dezaten aldarrikatzeko.
IMQ Seguros-ek, urte osoan zehar, aukera-berdintasuna bermatzeko, lana eta familia bateragarri egiteko, erantzukidetasuna bultzatzeko eta emakumeen lidergoa indartzeko hainbat neurri lantzen ditu, eta erakundearen maila guztietan hizkera ez-sexista erabiltzen da. M8aren harira, gainera, beste ekimen espezifiko batzuk abiarazi ditu. Zehazki, berdintasunari buruzko sentsibilizazio-kanpaina bat jarri da abian, konpainiako langile guztien eskura, eta Campus IMQ prestakuntza-plataforman berariazko atal bat sortu da, zeinean hainbat prestakuntza-ikastaro eta -pilula txertatu diren, hala nola ‘Sustatu genero berdintasuna zure ingurunean’, ‘Txertatu berdintasuna genero ikuspegia praktikatuz’ eta ‘Emakumeen ahalduntzea’, besteak beste, gai horren inguruan kontzientziazioa eta etengabeko aurrerapena sustatzeko.
M8aren harira, IMQ Zorrotzaurre Klinikak ekimen bat jarriko du abian sare sozialetan eta Euskadiko ospitale pribatu nagusiaren barruko pantailetan, Bilbon aztarna utzi duten zortzi emakumerengan oinarrituta. Karrusel formatu baten bidez, emakume haiek hainbat eremutan izandako jardunbidea eta ekarpena ezagutaraziko dira, hiriari lotutako erreferente femeninoak ikusarazteko eta memoria kolektiboari bultzada emateko.
Ekintza hori biribiltzeko, Jazarpen Protokolo berria eta Hizkuntza Inklusiboaren Gida zabalduko dira: IMQ klinikek berdintasunarekin, errespetuarekin eta ingurune seguruak sortzearekin duten konpromiso instituzionala indartzen dute agiriek. Bi tresna horiek kontsultagai egongo dira, ekitatean eta diskriminaziorik ezean oinarritutako antolaketa-kultura sustatzera bideratutako barne-neurrien barruan.
Taldeko beste entitate batek, IMQ Prevención-ek, Martxoaren 6an ‘Mujeres en la prevención: mujeres en la industria’ (‘Emakumeak prebentzioan: emakumeak industrian’) webinarra antolatuko du. Topaketa hori Internet bidez jarraitu ahal izango da, eta industria-ingurune zorrotzetan eta etengabe eraldatzen ari diren inguruneetan lan egiten duten profesionalen esperientzian jarriko du arreta. Saioa 10:00etatik 11:30era bitartean izango da, eta ikuspegi praktiko batetik jorratuko du nola bizi den laneko arriskuen prebentzioa “barrutik”, hots, lantegiko errealitatearekin harreman zuzenean eta testuinguru konplexuetan erabakiak hartzen.
Elkarrizketan Estibaliz Añón Escribanok –Nortegaseko prebentzio arduraduna– eta Yolanda García Rodríguezek –Mercedes Benzeko zerbitzu medikoaren arduraduna– parte hartuko dute, eta Esther Enales Hernándezek –IMQ Prebentzioko Bezero Kudeaketako zuzendaria– aurkeztuko du. Hartan, hainbat gai jorratuko dira, hala nola industria-inguruneetako lan arriskuen prebentzioaren kudeaketa, egunerokoan hartutako erabaki erabakigarriak eta ikaskuntzak, eremu hartan emakumeentzat oraindik dauden oztopoak eta emakumeek sektoreari ematen dioten balio bereizgarria. Topaketak, gainera, karrera industrian prebentziora bideratu nahi duten profesionalei zuzendutako gomendioak jasoko ditu, IMQ Taldeak emakumeen talentua eta laneko segurtasuna eta osasuna sustatzeko duen konpromisoaren esparruan.
Ildo beretik, IMQ Prevención-ek otsailaren 27an ‘Liderazgo femenino en las políticas públicas de seguridad y salud laboral’ (‘Emakumeen lidergoa laneko segurtasun eta osasuneko politika publikoetan’) izenburupean antolatu zuen webinarrean erakundeetako ordezkariak bildu ziren, Euskadin prebentzioarekin lotutako erabakiguneetan emakumeek duten zeregina aztertzeko. Saioak erakundeen estrategian, administrazioen arteko koordinazioan eta laneko segurtasunak eta osasunak agenda publikoan duten presentzian jarri zuen arreta, esparru profesionalean berdintasuna lortzeko sentsibilitatea gero eta handiagoa den testuinguru batean.
Topaketa hartan, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Pérez eta Osalaneko zuzendari nagusi Lourdes Iscar beren jardunbideez aritu ziren, eta emakumeen lidergoak arlo horretan izan duen bilakaeraz hausnartu zuten. Biek azpimarratu zuten garrantzitsua dela berdintasun-politikak maila guztietan txertatzea, laneko segurtasun eta osasunean barne, eta nabarmendu zuten ezinbestekoa dela berdintasunari eta prebentzioari buruzko prestakuntza indartzea hezkuntza-etapa goiztiarretatik. Amaiera gisa, emakume profesional gazteak animatu zituzten erantzukizunak beren gain hartzera eta aktiboki parte hartzera Euskadiko laneko segurtasunaren eta osasunaren etorkizuna eraikitzen.
IMQ Prevención-ek, halaber, urtero, Txorierriko Mankomunitatearekin elkarlanean, kartel lehiaketa bat antolatu ohi du martxoaren 8an, hirugarren Berdintasun Planaren barruan. Lehiaketan, ikastegi hauetan matrikulatutako ikasleek parte hartu dute: IES Txorierri BHI, Politeknika Txorierri eta Colegio Vizcaya.
Taldeko arreta soziosanitarioaz arduratzen den erakundeak, IMQ Igurcok, ‘Valores que dejan huella’ (‘Aztarna uzten duten balioak') erakusketa bultzatuko du Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta. Erakusketa hori egoitzek eta eguneko zentroek elkarrekin egiten duten ekimena da, eta zentroen arteko lotura indartzeko eta erabiltzaileen esperientzia eta ondarea ikusarazteko sortu da. Proiektuaren abiapuntua parte hartzeko prozesu bat da, zeinean emakumeek bizitzan zehar eraikitako gogoetak, ikaskuntzak eta balioak partekatu dituzten, argazki batzuetan bilduak, M8ari egindako keinu sinboliko gisa.
IMQ Igurcoko Asistentzia zuzendari Naiara Fernándezek adierazi duenez, «IMQ Igurcoren egoitza eta eguneko zentroetan jarduera bat baino zerbait gehiago sortu da: elkartzeko benetako espazio bat. Emakumeek elkarri begiratu, elkarri entzun eta bizitzak irakatsi dien guztia hitzetan jartzeko lekua. Bizitza osoari eutsi dioten balioak azpimarratzeko, zeinak gaur egun etorkizuneko emakumeentzat ondare gisa eskaintzen diren. Elkarrizketa zintzo horretatik, elkarrizketa partekatu horietatik sortu da erakusketa, eta memoria, aintzatespena eta belaunaldien arteko transmisioa lantzeko balio du».
Erakusketa hemen dago ikusgai: EDE Fundazioaren eraikin berria, Bilboko Manuel Allende kalea 10. Izan ere, gizarte-erakunde horrek 1976tik gizarte-eraldaketako prozesuetan laguntzen du, esku-hartze komunitarioaren bidez, enplegu inklusiboa sustatuz eta gizarte-ekonomiako proiektuak garatuz; hori guztia, begirada jasangarri, zaintzaile, erantzunkide eta inklusiboarekin. Erakusketa martxoaren 10era arte egongo da ikusgai.
IMQ refuerza su compromiso con la igualdad y la lucha contra la violencia de género con diferentes iniciativas en el 25N 2024
La Clínica IMQ Zorrotzaurre activa nuevos protocolos frente a la violencia machista
IMQ se suma al 8M con acciones específicas de concienciación a nivel interno y externo