Iradokizunak
22.05.2025
Nahi gabeko bakardadea Euskadin milaka adinekori eragiten dien errealitatea da, bereziki zahartzaroan, bizitzaren etapa horretan gizakiak ahulak baitira eta sare sozial komunitarioak murritzak baitira. Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) datuen arabera, Euskadin 65 urtetik gorako pertsonen % 24 bakarrik bizi da, eta ehunekoa handiagoa da, % 40, 85 urtetik gorakoen artean. Gainera, Euskadik munduko bizi-itxaropen luzeenetako bat du, ia 84 urte (81,2, gizonen artean eta 86,5, emakumeen artean, Eustaten datuen arabera), eta horrek fenomeno horri ikuspegi integral eta komunitario batetik heltzeak duen garrantzia nabarmentzen du.
Egoera horretaz jabetuta, IMQ Taldeak, Argibe Elkartearekin elkarlanean, boluntariotza-programa aitzindari bat abiarazi du Taldeko egoitzetan; izan ere, egun badago martxan Erandioko (Bizkaia) IMQ Igurco Unbe zentro soziosanitarioan. Programa horren helburua da egoitzako adinekoei laguntza emozionala eta soziala ematea, hainbat jardueraren bidez, hala nola ibilaldi, jolas, tailer eta elkarrizketa esanguratsuen bidez, lotura sozialak berrezartzen eta ongizate emozionala hobetzen laguntzeko.
IMQ Igurcoko zuzendari nagusi Santiago Canalesek azaldu duenez, “adinekoen nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko tresna eraginkor gisa sendotu da boluntariotza. Lagun egiteko programen eta jarduera soziokulturalen bidez, boluntarioek laguntza emozionala eta konpainia ematen dituzte, eta, hala, adineko askok pairatzen duten bakardade-sentimendu suntsitzailea arintzen dute eta komunitatearekin zituzten gizarte-loturak berrezartzen laguntzen diete, baita komunitate bateko kide izateko sentimendua itzultzen eta, azken batean, autoestimua eta balio-pertzepzioa hobetzen, bizi diren eta oraindik ere parte diren gizartearen barruan”.
Ekimenak IMQ Taldearen babesa izan du hasieratik, eta helburu du, halaber, IMQ-ko asegurudunak nahiz gainerako herritarrak inplikaraztea, komunitate solidario handia sortzeko.
Argibe Elkarteko presidente Josu Altunak, bestetik, lagun-egite boluntarioaren garrantzia nabarmendu nahi izan du, bere aburuz hau baita: “gizarte-ekintza bat, gure gizarteko arazorik larrienetako bat, bakardadea, batzuetan isilarazia, arintzera bideratua. Elkartekideok modu profesionalean jarduten dugu boluntariotza-ekintza sustatu, prestatu eta koordinatzeko, kalteberatasun-egoeran dauden pertsonen mesedetan, eta, horrela, gizarte solidarioagoa eratzen laguntzen dugu”.
Boluntariotzaren eragina, adierazi du Altunak, noranzko bikoa da: “Egoitzako adinekoentzat, norbait ondoan eta laguntza emozionala dutela esan nahi du, baita ongizate orokorra hobetzen dela ere. Boluntarioentzat, hazkunde pertsonaleko esperientzia bat da”.
Programa ilusioa eta igurikimenak sortzen ari da, bai egoitzako pertsonen artean, bai IMQ Igurco Unbeko profesionalen artean. Zentroko zuzendari Javier Paniaguak hau azpimarratu du, haren haritik: “Taldeak ilusio eta parte hartzeko gogo handiz hartu du proiektua. Egoitzako adinekoek jakin-mina eta gogo bizia dute laguntzera eta horiekin jarduerak egitera etorriko zaizkienak ezagutzeko. Egoitzan jasotzen duten arreta profesionaletik haratago, laguntza horrek bereziki on egingo dieten askotariko profilak identifikatu ditugu”.
Gizarte-langile Lucía Barandiaranek hau azaldu du: “Egoitzetatik kanpo bizi garenontzat, boluntariotza-proiektu honetan parte hartzea emozioen, maitasunaren eta esperientzien hartu-emana da. Adinekoengandik ikasten dugu, haien istorioetatik eta bizitzari aurre egiteko moduetatik. Sortzen den elkarrekiko harremana, askotan, oinarrizko beste edozein premia baino garrantzitsuagoa da”.
Egoitzakoak, esaterako Nieves, gogotsu daude: “Berdin zait boluntarioa emakume ala gizon izatea; garrantzitsuena da tartetxo bat elkarrekin igarotzea, paseatzea edo, besterik gabe, hitz egitea. Eguna oso luzea da, eta norbait zu ikustera, entzutera edo zure ondoan egotera etorriko dela jakiteak sentiarazten dizu axola duzula eta komunitate bateko kide zarela”.
Boluntarioek hainbat ekintza egiten dituzte, hala nola elkarrizketa esanguratsuak, aire zabaleko paseoak, jokoak eta jolas-jarduerak, baita eguneroko keinu txikiekin laguntzea ere, besteak beste, liburu bat elkarrekin irakurtzen edota lorategian arratsalde bat ematen.
Esperientzia komunitate guztiari zabalik dago, eta IMQ Taldeak eta Argibe Elkarteak herritarrak animatu nahi dituzte proiektu eraldatzaile horrekin bat egitera. Proiektuan interesa dutenek helbide elektroniko hauen bidez lor dezakete informazio gehiago, baita izena eman ere: voluntariadoimq@igurco.es eedo proyectosargibe@gmail.com.
IMQ Taldearen eta Argibe Elkartearen boluntariotza-programa bada, egun, Euskadiko adinekoen bizi-kalitatea hobetzen eta komunitate-loturak sendotzen laguntzen ari den errealitatea. IMQ Igurcoko estrategia-zuzendari Iñigo Elorzaren berbetan, “elkarrizketa batek, keinu batek edo konpainiak berak marka dezakete aldea adinekoen eta boluntario gisa parte hartzen dutenen egunerokotasunean. Laguntzak batzen jarraitu nahi dugu, gure gizartean adineko bakar bat ere bakarrik senti ez dadin”.
La Asociación Argibe e IMQ Igurco inician un proyecto de voluntariado para reducir la soledad de las personas mayores